#UdalHauteskundeak Xabier Arregi EHBilduko hautagaia: "Parte hartzeko kultura hedatu nahi dugu gizarteko sektore guztietara"

Noaua Aldizkaria 2015ko mai. 15a, 12:20

Hautagaiak hauteskunde kanpainan murgilduta daude. Baita Usurbilgo udaletxera aurkeztu direnak ere.  Aste honetako NOAUA!n, alkategaien hitzak batu ditugu. EHBilduko Xabier Arregiri eginiko elkarrizketa duzue hauxe.

 

Lau urte ez dira alperrik pasa. Atzean utzi dugun legegintzaldiari buruz, zein da zure alderdiak egiten duen balorazioa?

Balorazio oso positiboa egiten dugu. Nortasun handiko herria da Usurbil, hiriburuaren eraginpean egon arren. Eta bukatzear den legegintzaldian nortasuna sendotu egin du: herri euskalduna, naturarekin errespetuz jokatzen dakiena, konprometitua eta solidarioa, jarduera ekonomiko ona duena... Udalgintzan aritu den taldeak jakin izan du nortasun eta herri-balore horiek zaintzen eta indartzen. Horregatik eredutzat hartu izan da behin baino gehiagotan. Eta, begira, lagun askok adierazten dute gustura etorriko liratekeela Usurbila bizitzera. Hori baino seinale hoberik ez da.

Hala ere, krisiaren eraginez familia ugari egoera larrian daude. Gure  lehentasuna bada krisiaren ondorioei aurre egitea, baina udalak dituen baliabideak mugatuak dira, eta seguru motz geratu dela. Herritar guztiei bizitza duina bermatzea da gure asmoa, hala izan da orain arte eta hala izango da aurrerantzean ere.

Alkatetzara iritsiko bazina, zein lirateke zure alderdiak defendatuko lituzkeen lehentasun nagusiak?

Partaidetzari berebiziko garrantzia ematen diogu: parte hartzeko kultura hedatu nahi dugu gizarteko sektore guztietara. Kultura hori zabaltzeko behar-beharrezkoa da heziketa, baliabideak eta tresnak herritarren esku jartzea, autogestio mekanismoak lantzea, eta, noski, herritarren hitza errespetatzea. Hortaz, legealdi honetako lehentasunezko ekimenak ere herritarroi hitza emanez erabakiko ditugu.

Bistakoa da, ordea, “oraina da geroa” plangintza orokorraren garapenak zeresan handia izango duela. Gure herriko espazioak antolatu behar ditugu hirigintza jasangarriaren ikuspegitik: porlanaren gainetik pertsonak jarriz, eremu publikoa indartuz, gure baliabideak jarduera sozial eta ekonomikora ekarriz, herrian oinez edo bizikletaz mugitzeko aukera emanez, lurra zainduz eta natura errespetatuz.

Arlo sozialak bete-betean arduratzen gaitu: guretzat Usurbil mosaiko koloretsua da, genero, jatorri, adin, pentsakera, erlijio eta joera sexual anitzeko pertsonez osatua. Dibertsitatea aberastasuna da, zaindu beharrekoa. Horregatik udalak ezin du bereizkeriarik egin, eta denei, bereziki behar handiena dutenei, gizarte zerbitzuak eskaini behar dizkie modu duinean. Pertsona guztion eskubidea da, ez karitatea.

Krisia eta langabezia dira herritarren aspaldi honetako kezkak. Bizi dugun egoera ekonomikoari aurre egiteko, zer egin daiteke Udaletxetik?

Arlo honetan eskumen mugatuak ditugula jakinda ere, gure ahaletara ekarriz, tokiko garapena bultzatzen saiatuko gara. Beste eredu ekonomiko baten alde egin nahi dugu: gure txikitik, bertako ekonomia suspertu nahi genuke, modu duinean. Eskualdeko Garapen Agentzia martxan jarri dugu, eta indartzea dagokigu legealdi honetan.

Ahalegin betean arituko gara bertako merkataritzaren, bertako produktuen eta bertako enpresen alde. Ekonomia soziala ardatz hartuta, bestelako moduei bidea ireki nahi diegu, ekimen kooperatiboei adibidez, eta horretarako formazioa eta elkarlana eskaintzen saiatuko gara. Hasi berriei lanerako espazioa eskainiko diegu, eta, nola ez, laguntzak behar dituzten enpresekin ere arituko gara.

Hondakinen kudeaketak zeresan handia eman du Gipuzkoan. Usurbil aitzindari izan da atez ateko sistema ezartzen. Alkatetzara iritsiko bazina, dagoen bezala utziko al zenuke ala aldatu egingo zenuke?

Usurbil aitzindaria izan da hondakinen bilketa selektiboan. Hemendik kanpo sekulako aitortza jaso dugu. Orain dela gutxi Espainiako telebistan agertu da Usurbil, eta eredu gisa jarri dute. Atez Atekoa herri erreferendumean aukeratutako sistema da. Beraz, nola ez diogu ba eutsiko atez atekoari?

Baina atez atekoa ez da berez helburua, bitartekoa baizik. Hondakinen kudeaketan, bilketa selektiboa lehenbiziko urratsa besterik ez da. Zero zabor planteamenduan aurrera egin behar dugu, eta hondakinen tratamendu integrala landu nahi dugu, zabortegiak itxiz eta bestelako azpiegitura egokiagoak martxan jarriz.

EAJk, eta bere inguruko lobby indartsu diruzaleek, garbi mehatxatu gaituzte berriz errauste-plantarekin. Nonbait Bizkaikoa izango da beren eredua: errauste-planta, zabortegiak, zabortegi toxikoak, biltegi selektibo eskasa. Beraz, erne!, mehatxua hor dugu, eta hasitako bideari tinko eustea beharrezkoa da. Aldaketa kultural eredugarria egiten ari gara hondakinen kudeaketan, eta orain bestelako interesengatik aurka daudenak ere, laster Usurbilen eta Gipuzkoan zenbat aurreratu dugun aitortu beste erremediorik ez dute izango.

Duela lau urte, asko hitz egin zen Alderdien Legeaz. Lau urte eta gero, partehartzea normalizatu egin da. Gatazka giroa ere apaldu egin da. Bide onetik ikusten duzu gatazkaren konponbidea?

Gatazkaren konponbidea alde bakarretik landu da. Gatazkaren beste aldeak ez du deus egin. Oraindik gatazkaren ondorioak pairatzen ari diren herritar asko daude: espetxean, ihes eginda edo epaiketaren zain daudenak, torturatuak... Horiek beti eduki behar ditugu gogoan. Beraz, ezin esan bide onetik doanik.

Hala ere, alde bakarreko bide horretan sakondu beharra daukagu, besteek zer egingo duten zain egon gabe.

Bidean, tresna guztiak erabili beharko ditugu: presio soziala, indar metaketa, lan instituzionala eta juridikoa, nazioarteratzea. Eta, batez ere, naziogintzan aritu beharra daukagu intentsitate handiz. Euskal Herriaren burujabetzaren bidean aurrea egin ahala, gero eta errazago mugiaraziko dugu beste aldea.

Gure Esku Dago dinamikan edo Euskal Bidean lan egiten dugunean, zeharka, gatazkaren konponbidean ere ari gara.

Zergatik aurkeztu zara alkategai moduan?

EH Bilduk prozesu zabala egin du hautagaiak aukeratzeko eta, prozesu horren buruan, batzarrak aukeratu ninduen.

Zergatik eman nion baiezkoa aukera horri? Ez dut nire bizitza herritik edo herrigintzatik aparte sentitu inoiz. Egia da herrigintzan aritzeko modu asko daudela, eta horietatik bat baizik ez dela udalean aritzea. Tira, hala egokitu zait niri oraingoan: EH Bilduren zerrendaburu izatea.

Eta aitortu beharra daukat konpromiso handia dela halako giza aberastasuna duen herri-mugimendu bateko ordezkari izatea.

 

LABUR-LABUR

Zein da ondoen egiten duzun platera?

Barazki pastela.

Oparitzeko moduko liburu bat?

Oraintsu irakurri dudan Jose Luis Otamendiren “Kapital Publikoa” gomendagarria da benetan.

Gustuko kantu bat edo disko bat?

Ruper Ordorika gustuko dut oso. Abesti bat? Martin Larralde, adibidez.

Telebista saio bat?

Sautrela.

Usurbil ez den herri bat aukeratu:

Sara.

Zure alderdikoa ez den politikari bat hautatu:

CUPeko David Fernàndez.