#UdalHauteskundeak Josune Urkola EAJ-PNVko hautagaia: "Lankidetzatik, zerbitzuak bermatu eta denengana iristeko konpromisoa hartu dugu"

Noaua Aldizkaria 2015ko mai. 15a, 12:19

Hautagaiak hauteskunde kanpainan murgilduta daude. Baita Usurbilgo udaletxera aurkeztu direnak ere.  Aste honetako NOAUA!n, alkategaien hitzak batu ditugu. Josune Urkola EAJ-PNVko alkategaiari eginiko elkarrizketa duzue hauxe.

 

 

Lau urte ez dira alperrik pasa.  Atzean utzi dugun legegintzaldiari buruz, zein da zure alderdiak egiten duen balorazioa?

Lau urte pasa dira eta gauza gutxi egin da herrian. Usurbil geldirik dagoela antzematen dugu ez baita proiektu berri garrantzitsurik egin. Eta asko arduratzen gaitu horrek, geldirik dagoen herriak atzera egiteko arriskua izaten duelako. Lau urte alperrik bota nahi ez baditugu, igarotakoaz ikasi beharra dugu. Eta, Usurbilek aurrera egitea nahi badugu, erreakzionatu. EAJ-PNVren  helburua da herriari behar duen bultzada ematea. Izan ere, Udala ezker abertzalearen eskuetan dago duela ia hiru hamarkada, eta Usurbilek haize berria eta aniztasuna behar ditu. Hori eskaintzeko, zerrenda berria osatu dugu adin eta lan ibilbide ezberdinetako gizon-emakumeekin. Herriaren eta herritarren alde lan egiteko konpromisoa hartu dugu, eta proiektu mordoa prestatzen ari gara egungo egoera hobetzeko.

Alkatetzara iritsiko bazina, zein lirateke zure alderdiak defendatuko lituzkeen lehentasun nagusiak?

Gure lehentasuna pertsonak dira, inor ez bide bazterrean uztea. Hori dela eta, lankidetzatik, zerbitzuak bermatu eta denengana iristeko konpromisoa hartu dugu. Helburu hori gauzatzeko ezinbestekoa da Udalaren gastu finkoa murriztea. Izan ere, aurrekontuaren hamar eurotik zortzi gastu finkoak ordaintzeko erabiltzen dira, eta horrek inbertsioak  gauzatzeko eta babes sistema bermatzeko zailtasunak eragiten ditu. Inbertsioen atalean, EAJ-PNVk zenbat proposamen egin ditu, besteak beste, kirol instalakuntzak eta landa guneko azpiegiturak hobetu, musika eskolarentzat eraikin berria egin eta eskola publikoren aldeko apustua berretsi.

Krisia eta langabezia dira herritarren aspaldi honetako kezkak. Bizi dugun egoera ekonomikoari aurre egiteko, zer egin daiteke Udaletxetik?

Oso pixkanaka bada ere, egoera hobetzen ari da. Hala ere, egungo egoerari aurre egiteko uste dugu  udala herriko ekonomia suspertzeko eragile bilakatu behar dela. Horretarako, EAJ-PNVk konpromisoa hartu du herriko enpresen eta merkatarien egoera eta kezkak ezagutu eta gertutasunetik bideratzeko, bai eta Buruntzaldea osoari zerbitzua emango dion Garapen Agentzia eraginkorra bultzatzekoa ere. Benetan salagarria da ezker abertzaleak gai honen inguruan izandako jarrera: gehiengo osoa duen herrietan bakarrik aurrera eraman du garapen agentzia, agerian jarriz ezker abertzalearen gabeziak eta haiekin bat ez datozen proiektu eta alderdi guztiak alboratuz.

Hondakinen kudeaketak zeresan handia eman du Gipuzkoan. Usurbil aitzindari izan da atez ateko sistema ezartzen. Alkatetzara iritsiko bazina, dagoen bezala utziko al zenuke ala aldatu egingo zenuke?

Hondakinen arazoa Gipuzkoan daukagun beste arazo garrantzitsuetako bat da. Gure herrian galdeketa bat egin zen, eta emaitzak oso parekatuak izan baziren ere, atez ateko sistemaren aldekoak irabazi zuen. Hori onartzen dugu, baina uste dugu sistema bera egokitu eta hobetu behar dela. Izan ere, egungo kudeaketak 300.000 euroko defizita dauka, eta gastu hori luzaroan mantentzea oso zaila edo ezinezkoa da. Herritarrak birziklatzearekin sentsibilizatuak daudela ikusita, organikoarekin egiten den bezala, edukiontzien aldeko apustua egiten dugu, askoz merkeagoa delako eta antzerako emaitzak eman ditzakeelako.

Duela lau urte, asko hitz egin zen Alderdien Legeaz. Lau urte eta gero, partehartzea normalizatu egin da. Gatazka giroa ere apaldu egin da. Bide onetik ikusten duzu gatazkaren konponbidea?

Gatazkaren konponbidea bide onetik doan arren, oraindik ere aurrerapausoak ematen jarraitu behar dugu Euskadin, benetako bakea eta bizikidetza lortzeko. Pertsona guztien giza eskubideak errespetatu arazi behar dira, eta azken hamarkadetan gertatu denaren irakurketa kritikoa egin. Hori baita hainbeste sufrimendu eragin duen gatazka berriro ez errepikatzeko bide bakarra. Horrez gain, bermatu behar da  herritar guztiak errespetatuak izan daitezen eta inor ez dezan bazterketarik izan ideologia edota militantzia arrazoiengatik. Zoritxarrez, antzematen dugu ez dela berdina alderdi batekoa ala bestekoa izan. Eta horrek kezka sortarazi beharko liguke. Izan ere, guztientzako eremuak konpartitzearen ideia ez da bakarrik emakume zein gizonezkoen eskubidea, bertakoena zein kanpotik etorritakoena, gazteena edo helduena, urritasuna daukatenena eta ez daukatenena. Ideia ezberdinak dituzten herritarrek errespetu osoa merezi dute. Behin betiko honekin bukatu behar dugu, euskaldunok etorkizun baikor bat merezi dugu eta.

Zergatik aurkeztu zara alkategai moduan?

Uste dut Alkatetzarako hautagai aurkezteko bi baldintza bete behar direla. Lehenengoa, norberaren konpromisoa adieraziz, herritar guztien artean ausardiaz pausu bat aurrera ematea. Eta bigarrena, erantzukizun horri  behar bezala aurre egiteko nahikoa ezagutza izatea. Nire bizitzaren helduaroan,  apal eta arduraz  esan dezaket biak betetzen ditudala. Gure seme-alabeei  guztion onurarako lan egitearen  garrantzia eta atsegina helarazi nahi diet, beraientzako jarraibidea  eraikiz. Gaztetatik izan dut  gustuko herrigintza; azken bi legegintzaldietan bigarren mailan aritu naiz jardun horietan, baina pasa den urteko otsailaz geroztik zinegotzia naiz udalean, eta herriarentzako lanerako gogoa areagotu dit. EAJ-PNVk zerrendaburu izatea proposatu zidanean poza sentitu nuen: ohore handia da neuretzat Eusko Alderdi Jeltzalearen ordezkaria izatea Usurbilen. Erronka handia daukat eskuartean, baina, neurekin dagoen lan taldeari esker, ziur naiz lana ondo baino hobeto egiteko gai izango naizela.

 

LABUR-LABUR

Zein da ondoen egiten duzun platera?

Patata tortilla.

Oparitzeko moduko liburu bat?

El testamento del Chacal (Ander Izagirre).

Gustuko kantu bat edo disko bat?

Memorian (Gontzal Mendibil).

Telebista saio bat?

Usurbil ez den herri bat aukeratu:

Asteasu.

Zure alderdikoa ez den politikari bat hautatu:

Uxue Barkos.