Musika, jan edana eta elkarretaratzea, Sagardo Eguneko karpa azpian

Noaua Aldizkaria 2015ko mai. 15a, 14:55

Izeberg eta Erokomeri taldekoen kontzertuak, talogileak, euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioa... Azken urteotan bezala, txosna gunea egongo da XXXIV. Sagardo Egunez, Mikel Laboa plazan. Ostiral honetan hasi dituzte prestaketa lanak, frontoi atzean.

Igande goizeko 11:00etatik aurrera, musika eta jan edanik ez da faltako bertan; Izeberg eta Erokomeri taldeen kontzertuak, talogileak... Elkartasun gunea ere izango da. Euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioa deitu baitu Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak, igande eguerdiko 13:00etarako. Talogileen postu ingurura gerturatzeko gonbita luzatzen diete herritarrei.

Bertatik abiatuko da segidan, frontoi atzea Askatasuna plazako bolatoki gaineko terrazarekin lotuko duen giza-katea. Terrazan, “txotx berezia egingo dugu Xomorro, Olatz eta Patxi ere gurekin izan nahi ditugula, baita Sagardo Egunean ere, aldarrikatzeko”. Laguntza biltzeko mariskada eder baten zozketa ere antolatu dute. Egunean zehar errifak saltzen egongo dira. Zozketa arratsaldean egingo dutela iragarri du, Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak.

Honatx beraz, Sagardo Egunerako txosna gunean deitu diren ekimenak:

Maiatzak 17, igandea

11:00 Txosnagunearen irekiera.

Egunean zehar, jan edana, talogileak, mariskada eder baten errifa salmenta eta zozketa...

13:00 Euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea eta giza-katea Askatasuna plazako bolatoki gaineko terrazara. Han txotx berezia, herriko presoez oroitzeko. Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.

18:00 Izeberg taldekoen kontzertua.

Ondoren, erromeria Erokomeri taldekoekin.

Antolatzailea: Ernai Usurbil.

Talogileak, azken aldiz?

Bi hamarkadako ibilbide luze eta oparoaren ostean, lan itzela egin eta gero, egungo talogile taldeak desegitea erabaki du. NOAUA!ra helarazitako idatzi bidez berri eman dutenez, "taloak egiteari uztea erabaki dugula jakinarazi nahi dizuegu guztioi. Datorren maiatzaren 17an ospatuko den Sagardo Egunean jarriko dugu azkeneko aldiz talo-postua". Penaz hartu dute erabakia, eta ez lukete talogileen taldea desagertzerik nahi. Horregatik, erreleboa hartzera gonbidatzen dituzte herritarrak. Beraiek laguntzeko prest dira:

Herriko talogileen adierazpena

Hogei urte baino gehiago daramatzagu taloak egiten herriko azoka eta festa egun nagusietan: Sagardo eguna, azaroko Artisau Azoka, Erle eguna, Santo Tomas azoka ... Doakie gure eskerrik sentikorrena ospakizun hauek antolatzen aritutako herritarrei urte guzti hauetan eskainitako arreta eta laguntzagatik. Beraiek gabe, gurea ezinezkoa da.

Ezaguna da urte guztiotan izandako xedea: ospakizun egunok taloak eginez osatu eta alaitzea, eta herriko presoen senidei laguntzeko dirua biltzea. Asmatu dugulakoan gaude.  Urteak ordea ez dira alferrik pasatzen eta guri ere nekea gailendu zaigu. Gauzak hala, adierazpen honen bitartez, taloak egiteari uztea erabaki dugula jakinarazi nahi dizuegu guztioi. Datorren maiatzaren 17an ospatuko den Sagardo Egunean jarriko dugu azkeneko aldiz talo-postua.

Eta benetan pena ematen digu soka besterik gabe etetea. Horretxegatik otu zaigu hartutako erabakia publiko egitea eta sosak biltzeko jardunbide honetan interesa izan dezakeen herriko beste elkarte edo talde bati testigua pasatzen saiatzea. Daukagun material guztia (txapak, suak, taula ...) interesa duen talde berriaren esku uzteko prest gaude. Baita gure ezaguera (materiala, erosketak, kopuruak ....) partekatzeko ere. Beraz, interesatuta zaudetenok gurekin harremanetan jarri besterik ez duzue: maiatzaren 17an, Sagardo Egunean, ohiko lekuan, frontoi atzean jarriko dugu azkenekoz talo-postua. Hurbildu eta ikusi guztia bertatik bertara. Animatu soka eten ez dadin.

Bukatzeko, urte guztiotan, batera edo bestera gurekin izan zareten guztioi: mila-mila esker.

Herriko talogileak

Usurbil, 2015eko maiatzak 4