Talogile taldearentzat, azken Sagardo Eguna

Noaua Aldizkaria 2015ko mai. 17a, 08:32

Bi hamarkadako ibilbide luze eta oparoaren ostean, lan itzela egin eta gero, egungo talogile taldeak desegitea erabaki du. NOAUA!ra helarazitako idatzi bidez berri eman dutenez, "taloak egiteari uztea erabaki dugula jakinarazi nahi dizuegu guztioi. Igande honetako Sagardo Egunean jarriko dugu azkeneko aldiz talo-postua". Penaz hartu dute erabakia, eta ez lukete talogileen taldea desagertzerik nahi. Horregatik, erreleboa hartzera gonbidatzen dituzte herritarrak. Eskualdatze lanetan laguntzeko prest dira:

Herriko talogileen adierazpena

Hogei urte baino gehiago daramatzagu taloak egiten herriko azoka eta festa egun nagusietan: Sagardo eguna, azaroko Artisau Azoka, Erle eguna, Santo Tomas azoka ... Doakie gure eskerrik sentikorrena ospakizun hauek antolatzen aritutako herritarrei urte guzti hauetan eskainitako arreta eta laguntzagatik. Beraiek gabe, gurea ezinezkoa da.

Ezaguna da urte guztiotan izandako xedea: ospakizun egunok taloak eginez osatu eta alaitzea, eta herriko presoen senidei laguntzeko dirua biltzea. Asmatu dugulakoan gaude.  Urteak ordea ez dira alferrik pasatzen eta guri ere nekea gailendu zaigu. Gauzak hala, adierazpen honen bitartez, taloak egiteari uztea erabaki dugula jakinarazi nahi dizuegu guztioi. Datorren maiatzaren 17an ospatuko den Sagardo Egunean jarriko dugu azkeneko aldiz talo-postua.

Eta benetan pena ematen digu soka besterik gabe etetea. Horretxegatik otu zaigu hartutako erabakia publiko egitea eta sosak biltzeko jardunbide honetan interesa izan dezakeen herriko beste elkarte edo talde bati testigua pasatzen saiatzea. Daukagun material guztia (txapak, suak, taula ...) interesa duen talde berriaren esku uzteko prest gaude. Baita gure ezaguera (materiala, erosketak, kopuruak ....) partekatzeko ere. Beraz, interesatuta zaudetenok gurekin harremanetan jarri besterik ez duzue: maiatzaren 17an, Sagardo Egunean, ohiko lekuan, frontoi atzean jarriko dugu azkenekoz talo-postua. Hurbildu eta ikusi guztia bertatik bertara. Animatu soka eten ez dadin.

Bukatzeko, urte guztiotan, batera edo bestera gurekin izan zareten guztioi: mila-mila esker.

Herriko talogileak

Usurbil, 2015eko maiatzak 4