#UdalHauteskundeak Alkategai guztiekin solasean izan gara

Noaua Aldizkaria 2015ko mai. 18a, 00:00

Sei hautes-zerrenda aurkeztu ziren duela lau urteko Udal Hauteskundeetan: PP, PSE-EE, EAJ-PNV, Aralar, Hamaikabat eta Bildu. Oraingoan, lau dira aukeran bozka daitezkeen zerrendak: PP, PSE-EE, EAJ-PNV eta EHBildu. Bitxia, beste herri batzuetan markak eta aukerak ugaldu egin direnean. Beste bitxikeria. Alkategai denak berriak dira. Lehen aldiz aurkeztu dira gainera, alkategai gisa. Xabier Arregi (EHBildu), Josune Urkola (EAJ-PNV), Fermin Orue-Echevarria (PSE-EE) eta Eduardo Arasti (PP).

Hauteskunde hauetara aurkeztu diren zerrenda-buru guztiak elkarrizketatu ditugu. PSE-EE eta PPrenak erredakzioan itzuli ditugu. PP alderdiak ez digu hautagaiaren irudirik igorri eta alderdiaren logotipoa baliatu dugu elkarrizketa ilustratzeko.

 

#UdalHauteskundeak Xabier Arregi EHBilduko hautagaia: “Parte hartzeko kultura hedatu nahi dugu gizarteko sektore guztietara”

Hautagaiak hauteskunde kanpainan murgilduta daude. Baita Usurbilgo udaletxera aurkeztu direnak ere.  Aste honetako NOAUA!n, alkategaien hitzak batu ditugu. EHBilduko Xabier Arregiri eginiko elkarrizketa duzue hauxe.

Lau urte ez dira alperrik pasa. Atzean utzi dugun legegintzaldiari buruz, zein da zure alderdiak egiten duen balorazioa?

Balorazio oso positiboa egiten dugu. Nortasun handiko herria da Usurbil, hiriburuaren eraginpean egon arren. Eta bukatzear den legegintzaldian nortasuna sendotu egin du: herri euskalduna, naturarekin errespetuz jokatzen dakiena, konprometitua eta solidarioa, jarduera ekonomiko ona duena... Udalgintzan aritu den taldeak jakin izan du nortasun eta herri-balore horiek zaintzen eta indartzen. Horregatik eredutzat hartu izan da behin baino gehiagotan. Eta, begira, lagun askok adierazten dute gustura etorriko liratekeela Usurbila bizitzera. Hori baino seinale hoberik ez da.

Hala ere, krisiaren eraginez familia ugari egoera larrian daude. Gure  lehentasuna bada krisiaren ondorioei aurre egitea, baina udalak dituen baliabideak mugatuak dira, eta seguru motz geratu dela. Herritar guztiei bizitza duina bermatzea da gure asmoa, hala izan da orain arte eta hala izango da aurrerantzean ere.

Alkatetzara iritsiko bazina, zein lirateke zure alderdiak defendatuko lituzkeen lehentasun nagusiak?

Partaidetzari berebiziko garrantzia ematen diogu: parte hartzeko kultura hedatu nahi dugu gizarteko sektore guztietara. Kultura hori zabaltzeko behar-beharrezkoa da heziketa, baliabideak eta tresnak herritarren esku jartzea, autogestio mekanismoak lantzea, eta, noski, herritarren hitza errespetatzea. Hortaz, legealdi honetako lehentasunezko ekimenak ere herritarroi hitza emanez erabakiko ditugu.

Bistakoa da, ordea, “oraina da geroa” plangintza orokorraren garapenak zeresan handia izango duela. Gure herriko espazioak antolatu behar ditugu hirigintza jasangarriaren ikuspegitik: porlanaren gainetik pertsonak jarriz, eremu publikoa indartuz, gure baliabideak jarduera sozial eta ekonomikora ekarriz, herrian oinez edo bizikletaz mugitzeko aukera emanez, lurra zainduz eta natura errespetatuz.

Arlo sozialak bete-betean arduratzen gaitu: guretzat Usurbil mosaiko koloretsua da, genero, jatorri, adin, pentsakera, erlijio eta joera sexual anitzeko pertsonez osatua. Dibertsitatea aberastasuna da, zaindu beharrekoa. Horregatik udalak ezin du bereizkeriarik egin, eta denei, bereziki behar handiena dutenei, gizarte zerbitzuak eskaini behar dizkie modu duinean. Pertsona guztion eskubidea da, ez karitatea.

Krisia eta langabezia dira herritarren aspaldi honetako kezkak. Bizi dugun egoera ekonomikoari aurre egiteko, zer egin daiteke Udaletxetik?

Arlo honetan eskumen mugatuak ditugula jakinda ere, gure ahaletara ekarriz, tokiko garapena bultzatzen saiatuko gara. Beste eredu ekonomiko baten alde egin nahi dugu: gure txikitik, bertako ekonomia suspertu nahi genuke, modu duinean. Eskualdeko Garapen Agentzia martxan jarri dugu, eta indartzea dagokigu legealdi honetan.

Ahalegin betean arituko gara bertako merkataritzaren, bertako produktuen eta bertako enpresen alde. Ekonomia soziala ardatz hartuta, bestelako moduei bidea ireki nahi diegu, ekimen kooperatiboei adibidez, eta horretarako formazioa eta elkarlana eskaintzen saiatuko gara. Hasi berriei lanerako espazioa eskainiko diegu, eta, nola ez, laguntzak behar dituzten enpresekin ere arituko gara.

Hondakinen kudeaketak zeresan handia eman du Gipuzkoan. Usurbil aitzindari izan da atez ateko sistema ezartzen. Alkatetzara iritsiko bazina, dagoen bezala utziko al zenuke ala aldatu egingo zenuke?

Usurbil aitzindaria izan da hondakinen bilketa selektiboan. Hemendik kanpo sekulako aitortza jaso dugu. Orain dela gutxi Espainiako telebistan agertu da Usurbil, eta eredu gisa jarri dute. Atez Atekoa herri erreferendumean aukeratutako sistema da. Beraz, nola ez diogu ba eutsiko atez atekoari?

Baina atez atekoa ez da berez helburua, bitartekoa baizik. Hondakinen kudeaketan, bilketa selektiboa lehenbiziko urratsa besterik ez da. Zero zabor planteamenduan aurrera egin behar dugu, eta hondakinen tratamendu integrala landu nahi dugu, zabortegiak itxiz eta bestelako azpiegitura egokiagoak martxan jarriz.

EAJk, eta bere inguruko lobby indartsu diruzaleek, garbi mehatxatu gaituzte berriz errauste-plantarekin. Nonbait Bizkaikoa izango da beren eredua: errauste-planta, zabortegiak, zabortegi toxikoak, biltegi selektibo eskasa. Beraz, erne!, mehatxua hor dugu, eta hasitako bideari tinko eustea beharrezkoa da. Aldaketa kultural eredugarria egiten ari gara hondakinen kudeaketan, eta orain bestelako interesengatik aurka daudenak ere, laster Usurbilen eta Gipuzkoan zenbat aurreratu dugun aitortu beste erremediorik ez dute izango.

Duela lau urte, asko hitz egin zen Alderdien Legeaz. Lau urte eta gero, partehartzea normalizatu egin da. Gatazka giroa ere apaldu egin da. Bide onetik ikusten duzu gatazkaren konponbidea?

Gatazkaren konponbidea alde bakarretik landu da. Gatazkaren beste aldeak ez du deus egin. Oraindik gatazkaren ondorioak pairatzen ari diren herritar asko daude: espetxean, ihes eginda edo epaiketaren zain daudenak, torturatuak... Horiek beti eduki behar ditugu gogoan. Beraz, ezin esan bide onetik doanik.

Hala ere, alde bakarreko bide horretan sakondu beharra daukagu, besteek zer egingo duten zain egon gabe.

Bidean, tresna guztiak erabili beharko ditugu: presio soziala, indar metaketa, lan instituzionala eta juridikoa, nazioarteratzea. Eta, batez ere, naziogintzan aritu beharra daukagu intentsitate handiz. Euskal Herriaren burujabetzaren bidean aurrea egin ahala, gero eta errazago mugiaraziko dugu beste aldea.

Gure Esku Dago dinamikan edo Euskal Bidean lan egiten dugunean, zeharka, gatazkaren konponbidean ere ari gara.

Zergatik aurkeztu zara alkategai moduan?

EH Bilduk prozesu zabala egin du hautagaiak aukeratzeko eta, prozesu horren buruan, batzarrak aukeratu ninduen.

Zergatik eman nion baiezkoa aukera horri? Ez dut nire bizitza herritik edo herrigintzatik aparte sentitu inoiz. Egia da herrigintzan aritzeko modu asko daudela, eta horietatik bat baizik ez dela udalean aritzea. Tira, hala egokitu zait niri oraingoan: EH Bilduren zerrendaburu izatea.

Eta aitortu beharra daukat konpromiso handia dela halako giza aberastasuna duen herri-mugimendu bateko ordezkari izatea.

 

LABUR-LABUR, XABIER ARREGI

Zein da ondoen egiten duzun platera?

Barazki pastela.

Oparitzeko moduko liburu bat?

Oraintsu irakurri dudan Jose Luis Otamendiren “Kapital Publikoa” gomendagarria da benetan.

Gustuko kantu bat edo disko bat?

Ruper Ordorika gustuko dut oso. Abesti bat? Martin Larralde, adibidez.

Telebista saio bat?

Sautrela.

Usurbil ez den herri bat aukeratu:

Sara.

Zure alderdikoa ez den politikari bat hautatu:

CUPeko David Fernàndez.

 

 

 

#UdalHauteskundeak Josune Urkola EAJ-PNVko hautagaia: “Lankidetzatik, zerbitzuak bermatu eta denengana iristeko konpromisoa hartu dugu”

Hautagaiak hauteskunde kanpainan murgilduta daude. Baita Usurbilgo udaletxera aurkeztu direnak ere.  Aste honetako NOAUA!n, alkategaien hitzak batu ditugu. Josune Urkola EAJ-PNVko alkategaiari eginiko elkarrizketa duzue hauxe.

Lau urte ez dira alperrik pasa.  Atzean utzi dugun legegintzaldiari buruz, zein da zure alderdiak egiten duen balorazioa?

Lau urte pasa dira eta gauza gutxi egin da herrian. Usurbil geldirik dagoela antzematen dugu ez baita proiektu berri garrantzitsurik egin. Eta asko arduratzen gaitu horrek, geldirik dagoen herriak atzera egiteko arriskua izaten duelako. Lau urte alperrik bota nahi ez baditugu, igarotakoaz ikasi beharra dugu. Eta, Usurbilek aurrera egitea nahi badugu, erreakzionatu. EAJ-PNVren  helburua da herriari behar duen bultzada ematea. Izan ere, Udala ezker abertzalearen eskuetan dago duela ia hiru hamarkada, eta Usurbilek haize berria eta aniztasuna behar ditu. Hori eskaintzeko, zerrenda berria osatu dugu adin eta lan ibilbide ezberdinetako gizon-emakumeekin. Herriaren eta herritarren alde lan egiteko konpromisoa hartu dugu, eta proiektu mordoa prestatzen ari gara egungo egoera hobetzeko.

Alkatetzara iritsiko bazina, zein lirateke zure alderdiak defendatuko lituzkeen lehentasun nagusiak?

Gure lehentasuna pertsonak dira, inor ez bide bazterrean uztea. Hori dela eta, lankidetzatik, zerbitzuak bermatu eta denengana iristeko konpromisoa hartu dugu. Helburu hori gauzatzeko ezinbestekoa da Udalaren gastu finkoa murriztea. Izan ere, aurrekontuaren hamar eurotik zortzi gastu finkoak ordaintzeko erabiltzen dira, eta horrek inbertsioak  gauzatzeko eta babes sistema bermatzeko zailtasunak eragiten ditu. Inbertsioen atalean, EAJ-PNVk zenbat proposamen egin ditu, besteak beste, kirol instalakuntzak eta landa guneko azpiegiturak hobetu, musika eskolarentzat eraikin berria egin eta eskola publikoren aldeko apustua berretsi.

Krisia eta langabezia dira herritarren aspaldi honetako kezkak. Bizi dugun egoera ekonomikoari aurre egiteko, zer egin daiteke Udaletxetik?

Oso pixkanaka bada ere, egoera hobetzen ari da. Hala ere, egungo egoerari aurre egiteko uste dugu  udala herriko ekonomia suspertzeko eragile bilakatu behar dela. Horretarako, EAJ-PNVk konpromisoa hartu du herriko enpresen eta merkatarien egoera eta kezkak ezagutu eta gertutasunetik bideratzeko, bai eta Buruntzaldea osoari zerbitzua emango dion Garapen Agentzia eraginkorra bultzatzekoa ere. Benetan salagarria da ezker abertzaleak gai honen inguruan izandako jarrera: gehiengo osoa duen herrietan bakarrik aurrera eraman du garapen agentzia, agerian jarriz ezker abertzalearen gabeziak eta haiekin bat ez datozen proiektu eta alderdi guztiak alboratuz.

Hondakinen kudeaketak zeresan handia eman du Gipuzkoan. Usurbil aitzindari izan da atez ateko sistema ezartzen. Alkatetzara iritsiko bazina, dagoen bezala utziko al zenuke ala aldatu egingo zenuke?

Hondakinen arazoa Gipuzkoan daukagun beste arazo garrantzitsuetako bat da. Gure herrian galdeketa bat egin zen, eta emaitzak oso parekatuak izan baziren ere, atez ateko sistemaren aldekoak irabazi zuen. Hori onartzen dugu, baina uste dugu sistema bera egokitu eta hobetu behar dela. Izan ere, egungo kudeaketak 300.000 euroko defizita dauka, eta gastu hori luzaroan mantentzea oso zaila edo ezinezkoa da. Herritarrak birziklatzearekin sentsibilizatuak daudela ikusita, organikoarekin egiten den bezala, edukiontzien aldeko apustua egiten dugu, askoz merkeagoa delako eta antzerako emaitzak eman ditzakeelako.

Duela lau urte, asko hitz egin zen Alderdien Legeaz. Lau urte eta gero, partehartzea normalizatu egin da. Gatazka giroa ere apaldu egin da. Bide onetik ikusten duzu gatazkaren konponbidea?

Gatazkaren konponbidea bide onetik doan arren, oraindik ere aurrerapausoak ematen jarraitu behar dugu Euskadin, benetako bakea eta bizikidetza lortzeko. Pertsona guztien giza eskubideak errespetatu arazi behar dira, eta azken hamarkadetan gertatu denaren irakurketa kritikoa egin. Hori baita hainbeste sufrimendu eragin duen gatazka berriro ez errepikatzeko bide bakarra. Horrez gain, bermatu behar da  herritar guztiak errespetatuak izan daitezen eta inor ez dezan bazterketarik izan ideologia edota militantzia arrazoiengatik. Zoritxarrez, antzematen dugu ez dela berdina alderdi batekoa ala bestekoa izan. Eta horrek kezka sortarazi beharko liguke. Izan ere, guztientzako eremuak konpartitzearen ideia ez da bakarrik emakume zein gizonezkoen eskubidea, bertakoena zein kanpotik etorritakoena, gazteena edo helduena, urritasuna daukatenena eta ez daukatenena. Ideia ezberdinak dituzten herritarrek errespetu osoa merezi dute. Behin betiko honekin bukatu behar dugu, euskaldunok etorkizun baikor bat merezi dugu eta.

Zergatik aurkeztu zara alkategai moduan?

Uste dut Alkatetzarako hautagai aurkezteko bi baldintza bete behar direla. Lehenengoa, norberaren konpromisoa adieraziz, herritar guztien artean ausardiaz pausu bat aurrera ematea. Eta bigarrena, erantzukizun horri  behar bezala aurre egiteko nahikoa ezagutza izatea. Nire bizitzaren helduaroan,  apal eta arduraz  esan dezaket biak betetzen ditudala. Gure seme-alabeei  guztion onurarako lan egitearen  garrantzia eta atsegina helarazi nahi diet, beraientzako jarraibidea  eraikiz. Gaztetatik izan dut  gustuko herrigintza; azken bi legegintzaldietan bigarren mailan aritu naiz jardun horietan, baina pasa den urteko otsailaz geroztik zinegotzia naiz udalean, eta herriarentzako lanerako gogoa areagotu dit. EAJ-PNVk zerrendaburu izatea proposatu zidanean poza sentitu nuen: ohore handia da neuretzat Eusko Alderdi Jeltzalearen ordezkaria izatea Usurbilen. Erronka handia daukat eskuartean, baina, neurekin dagoen lan taldeari esker, ziur naiz lana ondo baino hobeto egiteko gai izango naizela.

 

LABUR-LABUR, JOSUNE URKOLA

Zein da ondoen egiten duzun platera?

Patata tortilla.

Oparitzeko moduko liburu bat?

El testamento del Chacal (Ander Izagirre).

Gustuko kantu bat edo disko bat?

Memorian (Gontzal Mendibil).

Telebista saio bat?

Usurbil ez den herri bat aukeratu:

Asteasu.

Zure alderdikoa ez den politikari bat hautatu:

Uxue Barkos.

 

 

Fermin Orue-Echevarria PSE-EEko hautagaia: “Udalak irmo egin behar dio aurre krisiari”

Fermin Orue-Echevarria da PSE-EE alderdiak Usurbilgo udaletxerako aurkeztu duen alkategaia. Aste honetako NOAUA!n, berari eginiko elkarrizketa eman dugu argitara. Emailez egina izan da, eta erredakzioan itzulia.

Lau urte ez dira alperrik pasa. Atzean utzi dugun legegintzaldiari buruz, zein da zure alderdiak egiten duen balorazioa?

Usurbilentzat, galdutako lau urte izan dira. Usurbilen bizi eta lan egiten duten pertsonen egunerokotasunean dituzten beharren aurrean, Bilduren gobernua interes partidisten alde aritu da.

Udaletxean sozialistak egin dugun oposizio serioa, zorrotza eta eraikitzailearen aurrean, inposizioa eta rodilloa izan da Bilduren jarrera.

Krisi ekonomikoaren aurrean, Bilduk bere aldekoentzat bakarrik aritu da, eta gizarte politikez paso egin dute.

Alkatetzara iritsiko bazina, zein lirateke zure alderdiak defendatuko lituzkeen lehentasun nagusiak?

Gure lehentasuna enplegua da, eta krisitik ateratzeko arazo gehien dituztenentzat gizarte zerbitzuen mantenua.

Alkatetzara iristean egingo dugun lehendabiziko ekimena izango da atez atekoa kentzea, hondakinen bilketa sistema gisa atez atekoa kendu eta edukiontziak ipintzea, edukiontzi marroia barne, hondakin organikoarentzat txiparekin eta era boluntarioan, eta laguntzak zein onura fiskalak ezarri jendeak ikus dezan zein onuragarria den sailka egindako bilketa eta birziklatzea.

Krisia eta langabezia dira herritarren aspaldi honetako kezkak. Bizi dugun egoera ekonomikoari aurre egiteko, zer egin daiteke Udaletxetik?

Udalak irmo eta determinazioarekin egin behar dio aurre krisiari, eta Berraktibazio Ekonomikoa eta Enpleguaren aldeko Herri Plan bat ipini. Plan horren bitartez, programa bat ezarri langabezian dauden kolektiboentzat, zailtasun bereziak dituztenentzat: iraupen luzeko langabetuentzat, emakumeentzat eta 45 urtetik gorako langabeentzat.

Poligono industrialetan arazoak dituzten enpresen mantenurako laguntzak eman behar dira, eta horretaz gain lur industriala handitu eta enpresa berrien inplementazioa lagundu, Usurbilgo garapen ekonomikoaren aldeko ekimenak sustatu.

Komertzioaren zinegotzigoa eratu behar da, gune honetatik komertzio txikien garapena ekarriko dituzten ekimenak martxan jar daitezen, eta berau sustatzeko laguntzak bideratu daitezen.

Hondakinen kudeaketak zeresan handia eman du Gipuzkoan. Usurbil aitzindari izan da atez ateko sistema ezartzen. Alkatetzara iritsiko bazina, dagoen bezala utziko al zenuke ala aldatu egingo zenuke?

Sozialistak dagoeneko argi utzi dugu ez gaudela atez ateko sistema bezala ezaguna den hondakin-bilketaren alde. Sistema garestia delako, zikina, deserosoa eta sostengarritasun gutxikoa.

Gu hondakinen kudeaketan edukiontzien alde gaude, beraz, Bilduk inposatu duen sistema aldatuko genuke, bosgarren edukiontzia ezarriko genuke, txiparekin eta modu boluntarioan. Birziklatzearen aldeko eta bilketa selektiboaren aldeko sentsibilizazio kanpainak egingo genituzke, eta onura fiskalak ezarriko genituzke hondakin organikoen edukiontzia erabiliko luketen guztientzat.

Duela lau urte, asko hitz egin zen Alderdien Legeaz. Lau urte eta gero, partehartzea normalizatu egin da. Gatazka giroa ere apaldu egin da. Bide onetik ikusten duzu gatazkaren konponbidea?

Sozialistak ez dugu uste inongo gatazkarik konpondu behar denik. Alderdien Legea ez dago indargabetua eta orain bezala, duela lau urte bezalaxe, udal eta foru hauteskundeetara aurkeztu nahi izan zuten guztiak aurkeztu ahal izan dira, legea betez.

Duela lau urteko eta gaurko egoeraren arteko desberdintasuna da ETAk jada ez duela hiltzen, baina oraindik behin betiko urratsa ematea falta zaio, disoluzioarena. Eta disoluzio honen ondoren, hitz egin beharko dugu eta hitz egin ahal izango dugu memoriaz eta elkarbizitzaz euskal gizartean.

Zergatik aurkeztu zara alkategai moduan?

Politikak kontrako asko dituen garai hauetan, konpromiso politiko bat hartzea erabaki dut, herritarrengandik gertuen dagoen instituzio batean ardura bat hartuz.

Uste dut herritarren bizi baldintzak hobetzeko tresna ona dela politika, ohorezko eginbeharra dela, eta Euskadiko Alderdi Sozialistak zerrenda sozialista gidatzeko aukera eman dit. Eta horrek balioko du usurbildarrek erreferentzia bat izan dezaten, euren konfidantza eta euren botoa ematen segi dezaten.

 

LABUR-LABUR, FERMIN ORUE-ECHEVARRIA

Zein da ondoen egiten duzun platera?

Bakailaoa.

Oparitzeko moduko liburu bat?

Ken Folleten edozein.

Gustuko kantu bat edo disko bat?

80etako musika.

Telebista saio bat?

Página 2 (La2).

Usurbil ez den herri bat aukeratu:

Hondarribia.

Zure alderdikoa ez den politikari bat hautatu:

Adolfo Suarez.

 

 

 

Eduardo Arasti PPko hautagaia: “Pertsona bakoitza, herritar bakoitza gure politiken gune bilakatzen da”

PP alderdiak Eduardo Arasti aukeratu du Usurbilgo udaletxerako alkategai posturako. Aste honetako NOAUA!n, berari eginiko elkarrizketa eman dugu argitara. Emailez egina izan da, eta erredakzioan itzulia. PP alderdiak ez digu hautagaiaren argazkirik igorri, eta logotipoa ipini dugu.

Lau urte ez dira alperrik pasa. Atzean utzi dugun legegintzaldiari buruz, zein da zure alderdiak egiten duen balorazioa?

Aurreko legealdia legealdi galdua izan bazen Usurbilentzat, azken hau aurrekoaren jarraipena izan da. Normala da, azken batean ideario berberak jarraitu dira bi garai horietan.

Usurbil herri monokromatiko batean bihurtu da, uniformatua, non apenas ez dagoen maniobrarako tarterik.

Legealdian ez dira alternatibak ikusi, egin den guztiak zentzu berbera izan du.

Uste dugu aukera falta hau ez dela ona ezta sanoa herriarentzat.

Kontrako ideiek eragin ditzaketen akuilu horiek gabe, dena monotonoa bihurtzen da eta objekzioak planteatzen dituen inor ez dagoenez, udal jarduera geldiarazi eta lokartu egiten da.

Alkatetzara iritsiko bazina, zein lirateke zure alderdiak defendatuko lituzkeen lehentasun nagusiak?

Usurbilen, eta alkatetzara iristen den toki guztietan, Alderdi Popularraren lehentasun nagusia herritarra da, Usurbilgo herritarra, bere arazo, bere proiektu, eta bere ilusio guztiekin.

Guk gizarte ireki bat defendatzen dugu, non pertsona bakoitza, herritar bakoitza gure politiken gune bilakatzen den, gremio konnotazioetatik urrun, non gizabanakoa eta askatasun indibiduala difuminatua geratzen den subjektu kolektibo baten menpe.

Krisia eta langabezia dira herritarren aspaldi honetako kezkak. Bizi dugun egoera ekonomikoari aurre egiteko, zer egin daiteke Udaletxetik?

Egia da udaletxe txiki batek erreminta gutxi dituela enplegu faltari aurre egiteko eta jasaten ari garen krisiari aurre egiteko. Baina jarduera bati ekin nahi dioten pertsonei, erraztasun guztiak eman behar dizkiogu udaletxetik.

Era guztietako erraztasunak, burokratikoetatik hasi eta bideragarriak diren erraztasun ekonomikoak bitarte.

Ez dugu ahaztu behar, azken batean, enplegua sortzen dutenak, eta aberastasuna sortuz enplegu gehiago sortzen dutenak ekintzaileak diren pertsonak direla, eta hauekin bereziki abegikor eta irekia agertu behar da udaletxea, eta traba guztietatik libre utzi, euren egitasmoak martxan jar ditzaten.

Hondakinen kudeaketak zeresan handia eman du Gipuzkoan. Usurbil aitzindari izan da atez ateko sistema ezartzen. Alkatetzara iritsiko bazina, dagoen bezala utziko al zenuke ala aldatu egingo zenuke?

Ez da hondakinen kudeaketak zeresan asko eman duenik, orrialde asko eta espazio asko betetzen du oraindik hedabideetan eta herritarren arteko eztabaida askotan entzuten den gaia da, eta baita tertulia eta eztabaida politikoetan ere. Eta deigarriago dena, herritarren erreakzio bizia eragiten du.

Gu ez gaude atez ateko sistemaren aldekoen artean. Ez gaitu ase-betetzen, zikina delako, ez da praktikoa eta ez da oso higienikoa.

Nahikoa tiranikoa da praktikan sistema hau, ordutegi zorrotzekin eta betekizun estuekin, gure konposizio sozialaren dibertsitatearekin eta aldaerarekin  nahikoa bateraezina dena.

Mankomunitate jakin baten inguruan, Herri Kontuen Epaitegiak duela gutxi publiko egin dituen azken txostenen arabera, sistema honek dakartzan gastuak %104 igo direla dio.

Duela lau urte, asko hitz egin zen Alderdien Legeaz. Lau urte eta gero, partehartzea normalizatu egin da. Gatazka giroa ere apaldu egin da. Bide onetik ikusten duzu gatazkaren konponbidea?

Hala da, Alderdien Legeaz asko hitz egin zen, baina gaur egun Alderdien Lege hori indarrean dago, biolentzia erreminta politiko gisa praktikatzen duten erakundeek politikan partehartzea ekiditeko egina dagoelako. Edota biolentziaren erabilera sustatzen dutenak,  erabiltzera animatzen dituztenak, edo biolentziaren bitartez errendimendu politikoak lortu nahi dituztenen partehartzea ekiditeko.

Giroa lasaiago dago ETA erakunde terroristak erailtzeari utzi diolako, baina oraindik falta da hainbeste hildako eragin dituen erakunde terroristak, gure herriari estortsio egin dionak, txantajeatu eta mehatxatu duenak, eskenatokitik desagertzea, disolbatu egin dela iragarri dezala, luzamendu eta  ihesbide gehia–gorik gabe.

ETA desagertu arte, disolba–tzen dela jakinarazi arte, ez da ezer konponduko.

Ez da ezer konponduko, zeren hemen ez dago, eta ez da egon gatazkarik, batzuk halaxe sinestarazi nahi diguten arren.

Demokrazia batean gaude, denok errespetatu behar ditugun joko arau batzuekin, arau horiek asko edo gutxi gustatu arren, eta arau horien barruan edozein posizio planteatu dezakegu, inork ez gaitu horregatik jazartuko.

Zergatik aurkeztu zara alkategai moduan?

Usurbilen aurkezten gara udal hauteskunde hauetara, Alderdi Popularrak Usurbilen aurretik izan duen ordezkaritza errekuperatzea helburu dugulako.

Jakitun gara ditugun zailtasunez, tradizionalki hala izan delako, baina uste dugu alderdi bezala gure obligazioa dela Usurbilgo bizilagunei Alderdi Popularrari bozka emateko aukera eskaintzea.

Askatasun kontua da, eskain–tza elektoralen aukera irekitzea eta zabaltzea.

Gobernu alderdia gara, kudeaketarako egokia, herritarren arazoez kezkatuak, eta Usurbilgo herritarrei ahalik eta zerbitzu publiko onenak eskaintzeko gogoz.