Hastera doa sagardo festa, 11:30etan frontoian

Noaua Aldizkaria 2015ko mai. 17a, 08:45

Heldu da eguna. Hemen da beste urte batez, usurbildarren jai egun desiratuena; XXXIV. Sagardo Eguna.  Sagardo Egunaren Lagunak taldekoek prest dute guztia, etxekoei zein herrira kanpotik datozenei harrera egiteko. Gogoan izan, 11:30etan hasiko da festa, frontoiko irekiera ekitaldiarekin. Nortzuk izango ote dute, sagardo festa hasteko ohorea? Gerturatu pilotalekura:

Maiatzak 17, igandea: XXXIV. Sagardo Eguna

11:30 Irekiera ekitaldia frontoian.

Goizean zehar, baserriko, labeldun eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko sagardoa dastatzeko aukera. Honez gain, pintxo aukera zabala.

Arratsaldean zehar, “Elektro Patxaranga” kaleetan zehar.

Erdigunea ibilgailuentzat itxita

Adi. Urtero moduan, zenbait kale itxita izango dira autoentzat Sagardo Egun honetan. Donostia aldetik N-634 errepidetik Usurbilerako Oxtapeko sarbidea egun osoan itxita egongo da ibilgailuentzat. Honenbestez, Donostiatik datorren Lurraldebus zerbitzuko autobusak ez dira Kale Nagusitik sartuko, Atxegalde parean geratuko dira. Donostia alderako autobusa hartu behar baduzue, San Inazioko errotonda ondoko ohiko geltokian geratuko da. Kaxkoan ere, urtero moduan, Mikel Laboa plaza inguruko kaleak autoen joan etorrirako itxita aurkituko dituzue Sagardo Egunean. Festa eremua oinezkoena izango da, urtero moduan.

Lainotuta

Iazko Sagardo Egun eguzkitsua ez da errepikatuko ziurrenik aurten. Baina ez da euri kontu handirik espero ezta. Hala dio Euskalmet-en iragarpenak igande honetarako: "Igandearen lehenengo partean ez da aldaketa handirik espero eguraldi kontuetan. Zerua oso hodeitsu egongo da ia lurralde osoan eta noizbehinka euri txikia egingo du, batez ere isurialde atlantikoan. Arratsaldean atertzera egingo du eta ostarte handiak zabalduko dira edonon; giro eguzkitsua espero da tarteka, batez ere hegoaldean. Tenperaturak gora egingo du apur bat, baina iparraldeko haizeak udazkeneko itxurarekin mantenduko du momentuz".