Talogileak omendu ditu, Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak

Noaua Aldizkaria 2015ko mai. 17a, 15:49

Sagardo Egun honetan Usurbilen falta diren herritarrez oroitzeko tartea hartu da igande eguerdian. Euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea burutu da, Mikel Laboa plazako karpa sarreran. Manifestaldi txiki bat egin da baita, plaza zeharkatuz. Eta amaieran etorri da ezustekoa. Ezusteko hunkigarria, 20 urtez lanean gogotik aritu diren talogileen omenaldia. Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak, azken Sagardo Eguna zuten talogileei merezitako eskerrak emateko baliatu du mobilizazioa.

Ez baita ahaztu behar, bi hamarkada hauetan, talogintzan aritu den herritar taldeak, jasotako laguntza, euskal presoen senideengana bideratu izan duela. Eta orain, 20 urteren ostean, erreleborik ez bada behintzat, talogileen taldea desegitera doan honetan, merezitako agurra jaso dute. Oroigarri eta guzti.

Une hunkigarriak bizi izan dira omenaldian, esan bezala, talogileak jardun betean zirenean, ezustean harrapatu baititu ekitaldiak.  Talogileak hunkituta, eskerrak emateaz gain, taldea desegiteko erabakia penaz hartu dutela adierazi dute. Baina talogintzak segida izan dezan, euren erreleboa hartzera animatu dituzte herritarrak.

Irudiotan bildu dugu, Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituriko mobilizazio eta omenaldia. Euskal presoen eskubideen aldeko txotx berezi baten bueltan amaitu da ekitaldia.