Atxikimendu gehiago batzen jarraitzen du Gure Esku Dago taldeak

Noaua Aldizkaria 2015ko mai. 19a, 12:10

Gure Esku Dago lan-taldeko kideek pozik dira maiatzaren 9ko ekitaldiak izan zuen partehartzaile mailarekin. Oihal zati asko ehundu zituzten eta atxikimendu asko jaso ere bai. Baina orduan egoterik izan ez zuenak, badu horretarako aukerarik. Ekainaren 21era bitartean, frontoian mahai ibiltariak ipiniko dituzte. Ekaina hasieran bestela, ekitaldi berri bat antolatuko dute. Idatzi honen bitartez hainbat xehetasun eman ditu Gure Esku Dago-k.

"Maiatzak 9ko #EhuntzeEguna egun ederra izan zen zinez; herritar ugari elkartu ginen Mikel Laboa plazan, orain arte banatutako oihalak atondu eta pertsonalizatzeko asmoz. Bertan bildu ginenon artean ilusioa eta irribarrea izan ziren nagusi, baita ondoren Askatasuna Plazan bazkaldu genuenean ere. Oraindik lan asko dugu egiteko, baina hasi gara guztion artean herri libre bat ehuntzen. Aurtengo ikasturtean dozenaka oihal banatu ditugu eta 500 saretu bagaude dagoeneko! Bejondeigula!

Oraindik zure oihala lortu ez baduzu, hurbildu zaitez frontoi inguruan jarri ohi dugun mahai ibiltarira ekainak 21a baino lehen. Oihala pertsonalizatzeko denbora edo aukerarik ez baduzu, gogoratu Erabakitzeko Eskubidearen aldeko zure atxikimendu pertsonala ere eman dezakezula gure mahaian.

Aurtengo ekintza masiboa Ekainaren 21ean izango da eta gipuzkoar guztiok Donostian elkartuko gara, Urumea ibaiaren inguruan goizean oihal-giza kate bat eginez eta Anoeta estadioan eguerditik aurrera, herri eta auzo guztietan ehuntzen ari garen oihalak elkarrekin josi eta hautestontzi erraldoi bat osatzeko asmoz. Erabakitzeko nahiaren erakusgarri izan nahi duena. Ekaina hasieran beste goiz bat antolatuko dugu oihalak josteko. Laster izango duzue gure berri.

Herri bat gara. Erabakitzeko eskubidea dugu. Herritarron garaia da.

GURE ESKU DAGO".