Legegintzaldiko azken osoko bilkura ostegunean, azkena baita udal ordezkari gehienentzat

Noaua Aldizkaria 2015ko mai. 19a, 14:17

Udal eta foru hauteskundeetarako bost egun baino ez. Igandean herritarren bozkek erabakiko dute, Usurbilgo hurrengo 4 urteotarako udalbatza berriaren osaera. Aurretik, amaitzear den legegintzaldiko azken osoko bilkura etzi. Ostegunez izanik, ezohikoa izan eta arratsaldeko 18:00etan hasiko da. Eguneko gaien artean, diru kontuei loturiko zenbait proposamen:

1-Aurreko bilkuretako akten onespena:

2015/03/31ko ohiko bilkurako akta.

2015/04/24ko ezohiko bilkurako akta.

2-2005/0001 kreditu gehigarrien aldaketa dela eta, aurrekontu egonkortasunerako helburua eta gastuaren araua Udalak ez dituela betetzen berri ematea.

3-Usurbilgo Udalaren 2014. ekitaldiko Kontu Orokorra behin betirako onartzea.

4-2015eko Zerga Ordenantzen aldaketa behin behingoz onartzea.

5-Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-30 (Zumartegi) Eremuaren Antolamendu Xehatuaren aldaketa behin betikoz onartzea, bertako erabilerak egun finkatuta daudenetara egokitzeko.

Udal ordezkari gehienen agurra

Akabo, 2011-15 legegintzaldiak berea egin du. Ostegunekoa izango da, azken orduko aldaketarik ez bada behintzat, legegintzaldiko azken osoko bilkura. Eta hainbat udal ordezkariren azken plenoa baita. Edozein dela ere igandean ospatuko diren udal hauteskundeetako emaitza, udal ordezkari gehienek Udala utziko dute. Hauteskundeen osteko udalbatza, ia gehienean aurpegi berriekin osatuko da honenbestez.

Udal ordezkaritza utziko dutenen artean, EHBilduren baitan, lau urteotan Usurbilgo alkate izan den Mertxe Aizpurua, Enara Arbizu, Josu Portu, Joxe Ramon Furundarena eta Jose Maria Rivadeneyra zinegotziak. Hamaikabat alderdia, gogoan izan, ez da aurkeztu udal hauteskundeotara. Honenbestez, orain arteko alderdiko bi ordezkariek ere, Luis Mari Ormaetxeak eta Josune Urkiak, ez dute zinegotzi gisa jarraituko. Aldaketa baita PSE-EE alderdian ere. Lau urteotan bozeramaile lanak egin dituen Ricardo Crespok, Hernaniko udalerako alkategai gisa aurkeztu denez, Usurbilgo Udala utziko du.

Hamahiru zinegotzitik bost baino ez dira aurkeztu berriz, igandeko udal hauteskundeetako zerrendetan. EHBildutik, Alaitz Aizpurua, Jone Urdanpilleta, Iñaki Ugarte eta Eustakio Arrojeria. Eta EAJ-PNVko alkategaia, Josune Urkola.