Zubietako haur eta gurasoak bilduko dituen Udaberri Festa antolatu du bertako Guraso Elkarteak maiatzaren 25etik ekainaren 1era. Uztaila eta abuzturako berriz, 3-12 urte arteko haurrei zuzenduriko udako txokoak, Usurbilgo Udalaren laguntzaz. Txokoak goizez izango dira, astelehenetik ostiralera, 9:30-13:30 artean Eskola Txikian. Izen emateko epea zabalik egongo da ekainaren 8ra arte. Apuntatzeko orriak, Zubietako Eskolan eta Alamandegi tabernan eskura ditzakezue. Datu pertsonalekin bete ostean, Zubietako Herri Batzarrak Alamandegin duen postontzian utzi beharko dira. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, "kuota izena ematen duten haurren kopuruaren arabera zehaztuko da". Argibide edo informazio gehiago behar duenak, deitu dezala 608 663 047 telefono zenbakira (Bakartxo).
Txokoen aurretik, Udaberri Festa datorren astean, hitzaldi, jolas, ikuskizun, afari eta bestelako ekitaldiekin. Honatx egitaraua:
Udaberri Festa 2015
Maiatzak 25, astelehena
18:00 Haurren marrazki erakusketa.
Maiatzak 26, asteartea
16:30 Eskulan tailerrak: txapak egin, gatza margotu eta kristal potoetan marrazkiak egin, karetak margotu, aurpegiak margotu, kafe kapsulekin eskulanak, jaboi ponpak egiteko tailerra...
18:00 Eneko Etxebarrietaren "Faustina Munduratuz" ikuskizuna: "Enekok eta Faustina bizikletak telebista alde batera utzi eta dibertigarriagoa den beste zerbait egitera gonbidatzen gaituzte: beraiekin batera pedalei eraginez mundua ezagutzera".
19:00 Apar festa eta ur globo gerra.
Maiatzak 28, osteguna
17:00 Puzgarriak eta trebetasun frogak.
Ondoren, txokolate jana.
19:00 Buruhandiak.
Maiatzak 29, ostirala
17:00 Zubieta antzerki taldeko ikuskizuna.
17:30 Jokoak: aulki joko kooperatiboa, altxorraren bila, zapatilaren jokoa, herri kirolak...
19:00 Afari-merienda.
Ondoren, disko festa.
Ekainak 1, astelehena
19:00 Hitzaldia: "Zertan babesten dut gehiegi nire haurra eta zertan ez diot ematen behar duen adina?".
Hizlaria: Nerea Mendizabal, psikopedagogoa, gizarte hezitzailea, haur masaje hezitzailea, ume eta guraso/hezitzaileen arteko harremanetan aditua.
Antolatzailea: Zubietako Guraso Elkartea.