Zero Zabor Ingurumen Babeserako Elkarteak, amaitzear den legegintzaldi honetako San Marko Mankomunitatearen inguruko balantzea plazaratu du idatzi honen bidez:
San Marko Mankomunitateko balantzea
2011ko maiatzean hasi zen legegintzaldia bukatzear da. Lau urteotan ikusi eta ikasi dugunaz hausnartu eta balorazioak egiteko garaia da.
Hondakinen kudeaketaz asko hitzegin da urte hauetan. Hondakinen kudeaketa, elite baten bulegoetan herritarren begiradatik urrun diseinatzen ziren garaiak atzean geratu dira, eta, zorionez, eztabaida jendartean zabaldu da gaiaren inguruko kontzientziazioa areagotuz.
Gipuzkoan 2016 urterako gaikako bilketan jarritako %60ko helburua geroz eta gertuago daukagu. Gipuzkoak, Europan beste inork ez bezalako erritmoan hobetu ditu bilketa emaitzak, egindako kudeaketa bikainari esker, eta erreferentzia bihurtu da, Europan eta munduan, hondakinen kudeaketa iraunkor baten alde dihardutenentzat.
Legegintzaldi hau, zaborraren eta errausketaren aroa atzean utzi eta Zero Zabor aroan sartu garenekoa izan da. Hastapenetan gauden arren, inflexio puntua legegintzaldi honetan eman dela garbi ikus daiteke. Gipuzkoan, errauste planta eraikitzeko bidean gauzak oso aurreratuta zeuden 2011 urtean. Hondakin gehienak nahasirik jasotzen ziren, materialak alferrik galduz, dena zabor bihurtuz. Gizonemakumeok ingurune osasungarri batean bizitzeko dugun eskubidea arriskuan zegoen.
2015 urtean nola gauden begiratzen badugu, hondakinak errausteko proiektua baztertuta dagoela ikus dezakegu, horri esker 250 milioi euro aurreztu direlarik. Horren ordez, Zero Zabor ereduarekin bat egingo duten azpiegiturak diseinatu eta, Eusko Jaurlaritzak jarritako oztopoek atzeratu arren, eraikitze bidean dira. Gipuzkoako 88 udalerritik 64k %60 baino gehiago biltzen dute gaika, urte gutxitan gaikako bilketa maila bikoiztu delarik. Gaur egun jada, Gipuzkoa mailan, hondakinen erdiak gaika biltzen dira, duela urte gutxi biltzen zenaren bikoitza. Materia organikoaren gaikako bilketa, 2011n halako lau izan da 2014 urtean etengabeko hobekuntza baten barruan.
Hobekuntza hau baina, asimetrikoa izan da, hau da, hobekuntza ez da berdin gertatu mankomunitate eta herri guztietan. Batzuk ausardiaz jokatu eta etxeko lanak bikain egin dituzten artean, beste batzuen aurrerapena anekdotikoa izan da. Horrek, oraindik hobekuntza tarte handia dagoela erakusten digu.¡
Sanmarko mankomunitatea
Sanmarko mankomunitateko bilakaera aztertzen badugu, bi gauza nabarmentzen dira. Batetik, Sanmarkon, Gipuzkoan gertatzen den antzera, garapena asimetrikoa da oso. Aurrerapen handiak egin dituzten udalak daude, eta era berean, batere aurreratu ez dutenak.
Maila ona daukatenen artean hiruk, Usurbil, Hernani eta Oiartzunek jauzirik handiena aurreko legegintzaldian egin zuten. Azken lau urteotan aurrerapen aipagarriak egin dituztenak, Astigarraga, Lezo eta Pasaia izan dira. Hauen bilakaera ikusgarria izan den arren mankomunitate barruko biztanlerian daukaten pisua txikia da eta ez du eragin handiegirik izan guztirako datuetan. Aurrerapen hauek mankomunitateko zuzendaritzatik jarritako oztopo etengabeei aurre eginez erdietsi behar izan dituzte. Ezin aipatu gabe utzi lehenegoz errefusaren gaineko sortzez besteko ordainketa sistema ezarri dela, azken hau hondakinen kudeaketan aintzindari izaten ari den Usurbilen.
Ezer gutxi edo batere ez aurreratu ez dutenen artean Donostia, Urnieta, Errenteria eta Lasarte-Oria daude. Azken honetan, alderdikeriak, organikoa biltzeko aukerarik gabe mantentzen ditu oraindik herritarrak.
Mankomunitatetik oztopatzen:
Mankomunitateko zuzendaritzan, hilabete gutxi batzuk kenduta, ia legegintzaldi guztian
errausketaren defendatzaile sutsua den Denis Itxaso egon da. Kargua hartu zuenean
egindako adierazpenetan garbi utzi zuen bere xede nagusia errausketa galerazi zezakeen
edozer oztopatzea zela, murrizketa eta birziklapenean aurrerapen garrantzitsuak ekar
ditzakeen edozer eragotziz. Bere “alde” esan behar hitza bete duela, eta lau urteotan bilketa sistema antzuak bultzatu eta eraginkorrak ahal duen moduan oztopatzen aritu dela eskura izan dituen tresna guztiekin. Emaitza espero daitekeena. Txingudiko mankomunitatearekin batera hobekuntza eskasena izan duen mankomunitatea da, %5 bakarrik egin du gora gaikako bilketak, eta errausketaren alde dauden beste bi mankomunitateekin batera, Txingudi eta Debabarrenakoarekin batera, kudeaketa kaxkarrenen hirukotea osatzen du.