Ondoko irudian dituzue, datozen lau urteotarako Zubietako Herri Batzar berria eratzeko Usurbil eta Donostia aldetik aurkeztu diren hiruna hautagaiak. Igandean, maiatzaren 24an hautagaiotako bat babesteko aukera izango dute zubietarrek, Alamandegi etxean, goizeko 9:00etatik arratsaldeko 20:00ak arte. Herri Batzarretik, hauteskundeetan parte hartzeko gonbita luzatu dute. "Zubietar guztiak deitu nahi ditugu bozketan parte hartzera, guztion babesarekin Zubietako Herri Batzarra indartzeko!", adierazi dute zubieta.eu ataritik.
Amaitzear den legegintzaldi honetan, Zubietako Herri Batzarreko alkate izan diren Fernando Iturralde eta Alazne Olaizola alkateen eta gainerako batzarkideen lekukoa hartuko dute sei hautagaiok:
Usurbildik:
-Aizpea Aizpurua Arroio.
-Itziar Basterrika Unanue.
-Joxe Mari Zubimendi Urdanpilleta.
Donostiatik:
-Narciso Arrillaga Balda.
-Mikel Bengoetxea Iparragirre.
-Fernando Iturralde Zabala.
Gogoan izan, sei kideek osatuko dute Zubietako Herri Batzarra; Zubietan helbideratuak dauden 3 donostiarrek eta 3 usurbildarrek. Maiatzaren 24ko bozketen ostean, ekainaren 21ean eratuko da Herri Batzar berria. Lehen bi urteetan, usurbildarrek gehiengoz hautaturiko alkatea egongo da bi urtez. Donostiarren gehiengoak hautaturikoa, 2017-19 urte artean:
Egutegia
-Maiatzak 24, igandea: bozka eguna, 9:00etatik 20:00etara, Alamandegi etxean.
-Ekainak 21, igandea: Herri Batzarraren eratzea. Usurbilgo zerrendatik hautagai bozkatuena, alkate bi urtez 2017ra arte.
-2017an, alkate aldaketa. Donostiako zerrendatik hautagai bozkatuena, alkate bi urtez 2019ra arte.
Funtzioak
Zubietako Herri Batzarrak honako funtzioak ditu:
1-Zubietako arazo zehatzei buruzko informazioa luzatzea Donostiako eta Usurbilgo Udalei.
2-Udal Zerbitzuak aholkatzea beraien gain jartzen dituzten gaietaz.
3-Donostiako eta Usurbilgo Udaletan, bai elkarrekin bai banaturik, aztertuak izango diren proposamen zehatzak egitea.
4-Azterketa eta proiektuei buruz Udalek erabakiko dituzten akordioak beteak izan direla ziurtatzea.
5-Udalek Batzarrari eskuratuko dizkien fondoak administratzea eta haien kontu zuzena ematea, alegia Batzarraren eta auzoko zerbitzu publikoaren mantenimendurako eta bere gain jartzen dituzten ekintza eta obra txikietarako fondoak administratzea.
6-Donostiako eta Usurbilgo Udalek bere gain jartzen dituzten beste edozein ahalmen.