Gipuzkoako konposta, udal baratzeetako ongarri

Noaua Aldizkaria 2015ko mai. 21a, 07:22

Gipuzkoan biltzen den organikoa, konpost bihurtuta ongarri gisa baliatuko da aurten ere, egun 10 udalerriek osatzen duten Baratze Parke Sarean (BPS). Tartean, Usurbilgo Agerreazpiko udal baratzeetan, Kutxa Ekoguneak eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak hitzarmena berritu dute eta. "Hitzarmen honen ondorioz BPS-ren erabiltzaileek lurzorua mimatzeko eta barazkiak elikatzeko behar adina konpost izango dute eskura, eta bide batez, hondakin organikoen zikloari itxiera emango zaio, sukaldetako hondakinak berriz ere sukaldetara itzuliz, barazki gozoen itxurapean baina", berri eman dute sinatzaileek.

Hitzarmen honen helburuak, Mikel Insaustik, Kutxa Ekoguneko zuzendariak, laburbildu ditu: "Gipuzkoan sortzen den konpostaren balioa, erabilpena eta merkaturatzea sustatzea, Ekogunearen BPS-ren baratze ekologikoetan konposta ongarri gisa erabiltzea eta lurzoruaren emankortasunaren esparruan jardunbide iraunkorragoak sustatzea, herritarrek produktuaren balio eta kalitatearen inguruan kontzientzia hartzeko".

Erakusketa eta ikastaroen sustapena

Iaz sinatu zuten hitzarmena berritu dute bi aldeek, aurreikuspenak gainditu ostean. Berrikuntzekin gainera. "Hitzarmen berriak berritasunak ditu, egituratzailearen hornikuntza gehitzen duelako, ezinbesteko osagaia bere baratzeko hondarrekin erabiltzaileek konposta lantzeko. Gainera, aurten GHK-k eta Kutxa Ekoguneak doako erakusketa bultzatuko dute Baratze Eskolan. Han hondakin organikoak modu jasangarrian lantzeko erak, modeloak, materialak eta teknikak azalduko dituzte. Erakusketa honekin lotuta lantegiak, ikastaroak eta eskola-bisitak antolatuko dira".

Hitzarmenak ere jasotzen du, "GHK-k finantzatuko dituela Ekoguneak antolatu dituen ikastaroak, konpostak nekazaritza ekologikoan ongarri gisa duen potentziala azaltzeko helburu dutenak. Ikastaro hauek 2015eko maiatza-abendua epean egingo dira eta baratzeetako erabiltzaileek ez ezik, gaiarekin interesa duen orok eman dezake izena", luzatu dute gonbita.

Hondakinen kudeaketa zikloa ixten da

Zati organikoa biltzeko herrialde hau egiten ari den ahalegina nabarmendu du lankidetza hitzarmena sinatu duen aldeetako batek, Ainhoa Intxaurrandietak, GHK-ko lehendakariak. "Gipuzkoa berebiziko ahalegina egiten ari da materia organikoa gainerako hondakin guztietatik bereizita biltzeko; hau da, hondakinen arazoari modu arduratsuan erantzuten ari da. Lehengai hori, inausketako hondakinetatik datorren material egituratzailearekin batera, konpost bihurtzen da Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak Lapatxen (Azpeitia) duen plantan, eta laster Epeleko (Bergara) konpostatze planta gehituko zaio. Konpost hori Gipuzkoa Konposta izenarekin merkaturatzen da", adierazi du Intxaurrandietak.

Maila goreneko A+ kalitatekoa da Gipuzkoa Konposta, GHK-ren esanetan, "gure etxeetan oso ondo bereizten ari garen seinale. Kalitate handi honi esker, Gipuzkoako Konposta baratze ekologikoetan ere erabil daiteke, Kutxa Ekogunearekin sinatuko den hitzarmen honek erakusten duen bezala. Hondakin organikoak konpost bilakatzea naturarekin erlazio berezia eraikitzea da eta jendarte bezala harro sentiarazi behar gaitu. Ildo honetatik, produktua balorean jarri eta bere erabilera sustatzea guztion egitekoa da, onurak gizarte osoarentzat izango baitira".