Ahalduntze eta kontzientzatze lanetan sakontzen jarraitzeko ilusioz da, herri eragileen artean lehen hilabeteak egin dituen Matrakak Usurbilgo Talde Feminista. NOAUA!ri eskainitako elkarrizketan, parekidetasuna lortzeko bidean aurrera egin eta taldea sendotzen segitzeko asmoa dutela adierazi digute. Horretarako ahalik eta jendarte zabalenera heldu nahi dute. Lerroon bidez, emakumeak, larunbat honetan 11:00etan Potxoeneko lehen solairuan antolatu duten kafe-tertuliara gonbidatzen dituzte.
Matrakak Talde Feministak hilabete batzuetako ibilbidea jorratu du jada. Nola deskriba dezakezue taldeak denbora honetan izan duen bilakaera?
Bilakaera pausoz pauso doa. Ez da erraza denok astero biltzea, baina esfortzua egiten dugu gure egunerokoez gain, tartetxoak bilatu eta elkartzeko. Badakigu beharrezkoa dela eguneroko lana, azken finean, emakumeok gaur egun dauzkagun lorpenak bere garaian aitzindari feministek borrokatu zituztelako da. Orain arte antolaturiko ekitaldietan, hala nola, bertso afarian, mikromatxismoen eta biolentzia sinbolikoaren inguruko hitzaldian, film proiekzioetan etab. herritarrak hurbiltzen direla ikusteak gogobetetzen gaitu eta lanean jarraitzeko ilusioa ematen digu.
Matrakak, ez da ezerezetik sortzen. Bada aurrez eginiko lanketa. Zein izan da herrian mugimendu feminista aktibatzeko abiapuntua?
Hasiera batean, herrian, feminismoaren lanketa udaletxeak bultzatutako Parekidetasun Kontseilura eta gazte mugimendura mugatzen zen, eta geuk, herritarrengandik hasitako mugimendu osatuago baten falta ikusten genuen. Zuzenean feminismora zuzenduko zen eragile berri eta bateratu baten beharra somatzen genuen, herritik herriarentzat jardungo zena. Horrela bildu eta sortu ginen ikasturte honen hasieran.
Honez gain, kontzientzia kolektiboaren beharraz jabetzen gara, izan ere, emakumeok indibidualki egiten dugu gure borroka pertsonala askotan. Aldarri feminista batek dioen moduan, pertsonala politikoa denez gero, beharrezkoa dugu antolatu eta kolektiboki gure eskubideak exijitzea. Matrakak taldeak aukera hori ematen digu.
Talde feminista bati buruz ari gara. Ez dakit oso argi ulertzen ote den feminista izatearen esanahia. Talde feminista izateak zer inplikatzen du?
Uste oker orokor bat zabaldurik dago feminismo hitzaren inguruan, konnotazio negatiboa du, askok matxismo hitzaren antonimotzat dute. Feministon helburua, aldiz, pertsona askez osaturiko jendarte parekide bat eraikitzea da. Beste era batean esanda, emakume eta gizonen arteko parekidetasunaren alde borrokatzea da guretzat feminista izatea. Gizonek, emakumeon aldean, pribilejioak dituzte, ez ditugu eskubide eta aukera berdinak. Feminismoak parekidetasun horren alde borrokatzen du. Behin betaurreko moreak ezartzean, ez dago atzera bueltarik…
Zer nolako eremua bete nahi luke taldeak herri mailan?
Ahalduntzeari eta kontzientziazioari eman nahi diegu garrantzia. Taldearen ibilbidea oso laburra da oraindik, eta jakitekoa da hain denbora gutxian ez dugula aldaketa handirik lortuko, baina era berean, lanean jarraitzea eta ahalik eta jende gehienarengana ailegatzea dira gure asmoak, talde moduan sendotzen jarraitu ahal izateko. Gure helburua parekidetasuna lortu behar dugunaren kontzientzia lortzea eta emakumeon ahalduntzean eta jabekuntzan lagunduko duten tailer, hitzaldi, ekitaldi ezberdinak burutzen joatea da. Laburbilduz, aldaketa eta lorpen txikiak egin nahi ditugu hasiera batean, eta jakina, usurbildar orori egin nahi diegu betaurreko moreak janzteko gonbita!
Zenbait ekimen edota eraso sexisten salaketa kalera atera dituzue. Nola bizi izan duzue plazaratze hori?
Milaka eraso gertatzen dira egunero gure egunerokoetan, baina eraso horietako asko, naturalizatuak ditugu, ez gara ohartzen. Gure kasuan, eraso begi-bistakoenen, agerikoenen edo nabarmenenen aurrean plazaratu izan gara gaur arte. Plazaratze hauek, beti, berri txarrei erantzuteko dira. Erabat haserretzen gaitu emakumeon aurkako indarkeriak etenik ez duela frogatzeak. Honen aurrean, salaketak bere garrantzia duela argi utzi nahi dugu; ez gara isilduko. Lakra sozial honekin eta patriarkatuarekin amaitzeko bide bakarra borroka feminista dela aldarrikatu nahi dugu. Indarkeria matxistaren aurkako kontzientzia herritar gehiagok izatea eta plazaratze hauetan udaleko presentzia lortzea helburu onak lirateke.
Ekimen gehiago antolatuko dituzue laster. Hilaren 23rako kafe tertulia iragarri duzue. Hitzordua zertarako baliatu nahi zenukete?
Konfiantzazko klima intimo bat sortzea da xedea, egunerokotasunean konpartitzen ez ditugun gaien inguruan tertulia zabal bat egiteko. Zerbait informala izango da, gure artean hitz egin eta lagunarteko giroan emakumeoi eragin eta kezkatzen gaituen gaiei buruz hitz egitera bideratu nahi dugu kafe tertulia hau. Ahalik eta emakume gehienengana iritsi nahi genuke, adinean eta beste hainbat aspektutan erreparorik izan gabe, guztiok baitugu gainontzekoen esperientzietatik zer ikasia. Ziur gaude aberasgarria izanen dela, hortaz, ez pentsatu bi aldiz eta gerturatu lasai, beso-zabalik hartuko baitzaituztegu!
Hauteskunde kanpaina betean gara. Zeintzuk behar lukete parekidetasunaren alorrean, erakundeak kudeatzen hasiko diren lan talde berrien datozen 4 urteotarako lehentasunak?
Hasteko emakume eta gizonen arteko parekidetasuna lortzeak agenda politiko guztien lehentasuna behar luke izan. Borroka feminista ez zen atzo hasi, aldiz, aurrera pausoak oso txikiak izan dira; ikusi besterik ez dago lehengo urtean Espainiar Gobernuak abortatzeko eskubidearen aurka hasi zuen kanpaina krudela edota parekidetasuna lortu denaren ilusio eta uste faltsua zabaldu eta emakumeok pairatzen ditugun zapalkuntza egoerak inbisibilizatzeko eginiko lanak. Emakumeon oinarrizko eskubideez ari gara, gizaki bezala dagozkigun eskubideez. Politika guztietan izan behar dute genero perspektiba kontuan. Hala ere, badirudi, beste gai batzuk garrantzi gehiago dutela; krisiak, fraudeak, yihadismoak edota gizonezkoen futbolak. Bitartean eraildako emakumeen zifra gorantz doa eta emakumeon bizi kalitatea debaluatzen. Lehentasun gisa, primeran legoke, zuzenean parekidetasunera bideraturiko udal teknikari eta zinegotzi batekin kontatu ahal izatea.
Usurbil eta parekidetasuna. Nola ikusten duzue udalerria, parekidetasunerantz jorratzen ari den bidean?
Zenbait ekintzetan Parekidetasun Sailarekin elkarlanean ibili gara eta esperientzi ona izan da. Beharrezkoa da arduradun politikoen inplikazioa gizon eta emakumeen parekidetasuna lortzeko bide honetan. Oraindik asko dago egiteko baina Udaletxeak Usurbilgo Eragile Feministaren ekarpenak kontuan hartzea positiboki baloratzen dugu.
Matrakak irekia dago herriko emakumeentzat. Zer ekarpen egin diezaioke emakume batek taldeari?
Taldean gai ezberdinen inguruan eztabaidatzen dugu eta oso aberasgarria da. Matrakak taldean denak gara oso ezberdinak baina gauza batek batzen gaitu; feministak garela. Emakumeon desabantailazko egoeraz kontziente gara eta emakumeon bizitza hobetzeko nahiak elkartzen gaitu.
Elkarlanean indartsuagoak gara. Gutako matraka bakoitzak ekarpenak ditu egiteko, modu horretan, edozein emakumek bere inpaktutxoa eragin dezakeela badakigu; etxean, lanean, kalean, familia artean, lagun artean edota Matrakokin taldean! Feminismoaren sarea zenbat eta handiagoa izan, gure ahotsa orduan eta ozenagoa izango da.