Aurkeztu berri dute Buruntzaldeko udal eta autoeskoletako ordezkariek eguerdian hipodromoko aparkalekuan, gidabaimena euskaraz ateratzea sustatzeko kanpaina berria. Gogoan izan, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo autoeskoletan gidabaimena euskaraz atera daiteke, herriotako udalek 2010az geroztik martxan duten egitasmoarekin bat eginda baitaude, Bengoetxea, Mendi, Otamendi, Hernani, Lagunak, Izarra, Lasarte, Mugica eta Solozabal autoeskolak.
Kanpaina duela bost urte abiatu zuten Buruntzaldeko udalek, eta ordutik, laukoiztu egin da bailarako sei udalerrietan, gidabaimena euskaraz ateratzeko hautua egin duen herritar kopurua. 2010ean 34 lagun baino ez ziren izan. Iaz, 2014an, 140.
400 euroko 11 sari
Gogoan izan, atal teorikoa euskaraz prestatu eta azterketa ere hizkuntza berean gainditzen dutenen artean, 400 euroko 11 sari zozketatzen dituztela kanpaina honetako eragileek. Nabarmendu dutenez, "herri bakoitzeko autoeskola kopuru adina saritzen dira". 2 sari Andoainen, 1 Astigarragan, 3 Hernanin, 3 Lasarten, 1 Urnietan eta 1 Usurbilen.
2015ean zehar gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz prestatu, azterketa euskaraz egin eta gainditzen dutenen arteko hurrengo zozketa, 2016ko urtarrilean egingo da. "Zozketan parte hartu ahal izateko nahitaezkoa da Buruntzaldeko herriren batean erroldatuta egotea", kanpainako sustatzaileek ohartarazi dutenez.