Diru-kontuei loturiko gaiak, hauteskunde aurreko azken osoko bilkuran

Noaua Aldizkaria 2015ko mai. 21a, 19:48

Hauteskunde aurreko azken osoko bilkura ostegun honetan. Ezohiko saioan, diru-kontuei loturiko proposamenak izan dituzte udal ordezkariek mahai gainean. Batetik, 2014ko Kontu Orokorra behin betirako onartu du udalbatzak gehiengo osoz, EHBilduko zinegotzien babesarekin. EAJ-PNV eta Hamaikabateko ordezkariak abstenitu dira. PSE-EEko zinegotzia ez da egon osoko bilkuran.

Alegazioetarako zegoen 15 eguneko epean, inork ez du erreklamaziorik aurkeztu. Gaia plenora ekarri eta udalbatzak gehiengo osoz onartu ostean, "behin betiko izaeraz onartutako Kontu Orokorraren Espedientea Herri Kontuen Euskal Epaitegiari" igorriko zaio, "dagozkien azterketak egiteko".

Zerga-ordenantzen aldaketa

Abenduan onartu zituzten 2015eko urte osorako zerga-ordenantzak. Baina ez denak. Ez behintzat, irailetik irailera edo uda partean indarrean izango diren zenbait tasa. 2014ko urte amaieran, zerga-ordenantzok aurrerago onartzekotan geratu ziren. Ostegun honetako ezohiko osoko bilkuran behin behingoz onartu eta aldatzea erabaki dute gehiengo osoz, EHBilduko ordezkarien aldeko bozkekin. EAJ-PNV eta Hamaikabateko udal ordezkariak abstenitu dira.

NOAUA!k eta Usurbilgo Udalak uztailerako antolaturiko Udajolaseko tasak (ohiko kuota 80 euro, familia ugariek 65 euro), eta datorren 2015-16 ikasturtean Haur Eskolak eta Oiardo Kiroldegiko ikastaroek indarrean izango dituzten tasak dira, hasieraz ostegun honetan onartu dituztenak. Erabakia udaleko iragarki taulan jarri eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean, alegazioak aurkezteko 30 eguneko tartea izango dute interesdunek. Iradokizunik ez bada, erabakia behin betiko onartutzat joko da. Bestela, "Udal Korporazioak behar diren behin betiko erabakiak hartuko ditu".