Arau Subsidiarioek Zumartegi industriaguneko jarduera kimikodun enpresei baimenak ematea debekatzen du. Baina arauok diotena ez dator bat, Atxegalde pareko lantegien zonaldeak duen errealitatearekin. Hor dago Igepak enpresa. Lantegi honetatik eginiko eskaerari erantzunez hain zuzen, Arau Subsidiarioetako A-30 (Zumartegi) Eremuaren Antolamendu Xehatua aldatzeko behin betiko proposamena eraman du gobernu taldeak, ostegun honetako ezohiko osoko bilkurara. Hartara, enpresaren jarduera babestu eta baimenak emateko segurtasun juridikoa izateko aipatu lantegiak.
Hasieraz onartu, finkatua zegoen 20 eguneko epean alegaziorik ez da egon, eta ostegun honetan, gehiengo osoz eta behin betiko onartu du udalbatzak, arau subsidiarioetako aldaketa hau. Proposamenaren alde bozkatu dute EHBilduko ordezkariek. EAJ-PNV eta Hamaikabat abstenitu dira. PSE-EEko zinegotzia ez da osoko bilkuran egon.
Behin betiko onarturiko erabakia, Gipuzkoako Foru Aldundira bidaliko da eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.