#UdalHauteskundeak Alderdien hautes-programak

Noaua Aldizkaria 2015ko mai. 21a, 19:44

Lau alderdi aurkeztu dira Usurbilgo Udal Hauteskundeetara. Lau alderdien alkategaiak elkarrizketatu genituen aurreko asteko NOAUA!n. Sarean ere ipini genituen elkarrizketa haiek. Aste honetan, alderdien hautes-programetan erreparatu dugu. Post honetan batu ditugu EHBildu, EAJ-PNV, PSE-EE eta PP alderdien proposamenak.

Ez ahaztu igandean, hauteskunde gauez, emaitzen jarraipena egingo dugula eta alderdien ordezkarien balorazioak batzen saiatuko garela.

 

 

EHBildu koalizioaren hautes-programa

Parte hartzeko prozesu batean, ehun lagun baino gehiagoren artean osatu da herri-programa, eta, oraindik ere, aurkezpenak egiten ditugunean, herritarren ekarpenak jasotzen ari gara.

Hamahiru lan-ardatz jasotzen dira programan. Hona hemen, labur azalduta, zer jasotzen den ardatz horietako bakoitzean:

 

Parekidetasuna

Gaur egun, kontzeptu onartua da pertsona guztien arteko parekidetasuna, edozein dela ere generoa edo joera sexuala. Besterik da, ordea, praktika. Mugimendu feministaren eskutik joan behar dugu, gizon eta emakume, eredu patriarkalaren alternatiba egunero sortuz. Eta lanketa hori ezin da egin aparteko arlo bat balitz bezala, baizik eta gure jardun guztietan, nola arlo sozialean hala lan, kultur edo kirol munduan.

 

Tokiko garapena

Bertakoa indartzea da modurik onena eredu ekonomiko sozialagoa eta bidezkoagoa sortzeko.

Horretarako, EH Bilduk eskualdeko garapen integralerako agentzia indartuko du, azken lau urteetan egin bezala. Bide horretan, saiatuko gara enplegu duina sortzen eta herriko eragile ekonomikoekin elkarlanean aritzen.

 

Ogasuna eta gizarte-zerbitzuak

“Oinarrizko zerbitzu publikoak denontzat!”. Horra zein den EH Bilduren printzipioa. Horretarako kutxa publikoa zaindu beharra dago, gardentasunez, eta herritarrok daukagunaren arabera aportatuz.

Behar bereziak dituztenei eman beharreko zerbitzuak arreta bereziz zaindu nahi ditugu. Behar horiek zein diren uneoro jakitea beharrezkoa da, eta horrek eskatzen du komunikazio gertukoa izatea. Horretan ahaleginduko gara, bitarteko egokiak sortuta.

 

Lurralde antolaketa

“Oraina da geroa!” da Plangintza Orokorraren diseinuan erabiltzen ari garen leloa, orain hartzen ditugun erabakiek markatuko dutelako nolakoa izango den etorkizuneko Usurbil. EH Bilduren ustez, hirigin–tzaren eredu jasangarriaren alde egin behar da. Zehazki, honako irizpideak babestuko ditugu:

-Egungo etxebizitza kopurua gutxitu, eta alokairuaren alde egin.

-Industrialguneetan berrerabilpena sustatu eta erabilgarritasuna handitu.

-Espazio publikoak mantendu eta ahal den neurrian ondasun publikoa aberastu.

-Oinezkoei eta bidegorriei lehentasuna eman.

-Txokoaldeko plaza berritu eta ekipamendua lortu.

-Aginagako erdiguneko ordenazio alternatiboa proposatu.

-Zubietako izaera babestu eta indartu Herri-Batzarrarekin eta Donostiako Udalarekin elkarlanean.

 

Udal zerbitzuak

Usurbilen dugun eredua babestu beharrekoa iruditzen zaigu: langile publikoen sare zabalari eutsi behar zaio, kalitatezko udal zerbitzuak emateko. Proposamen konkretuak dira honako hauek: arreta bulegoa sortzea, udal lokalen erabilera egokia bermatzea, argiterian eta ur-sarean inbertsioak egitea, eta kaxkoan komun publikoa jartzea, besteak beste.

 

Ingurumena

Esana dugu zero zabor filosofian sakonduko dugula, hondakinak modu integralean tratatzeko, eta errauste-plantaren mehatxua behin-betikoz atzean uzteko. Murriztu, berrerabili eta birziklatu: ordena horretan, horiexek dira gure lehentasunak. Horrez gain, beste hainbat lan-ildo ere planteatzen ditugu, adibidez: kutsaduraren inbentarioa osatu nahi dugu, amiantoaren eragina neurtu eta gure basoen ezagutzan eta erabileran sakondu.

 

Nekazaritza

Gaur egun, inork ez du zalantzan jarriko bertako produktuak, garaian garaikoak, kontsumitzeak sekulako balioa duela. Nekazaritzarik gabeko herri bat nola izango da burujabe?

Baina, hori horrela izanda ere, ematen al diegu merezitako garrantzia nekazariei? Gure esku dagoen neurrian, saiatuko gara nekazarien beharrei erantzuten.

 

Hezkuntza

Eskolak eta herriak bereiz ezinezko bikotea osatzen dute. Herri hezitzailea nahi dugu, eta eskola herritarra. Horrek esan nahi du herriko jardueretan integratu behar ditugula eskoletako haur eta gaztetxoak, eta herriaren antolamenduan haurren beharrak ere oso aintzat hartu behar ditugula. Oso esperientzia aberasgarria izan da Plangintza Orokorraren diseinuan eskoletako haur-gazteen parte hartzea. Bide horretan saiatuko gara, herriko hezkuntza-mahaia indartuz, eta eskola txikiei ere arreta eskainiz.

 

Aniztasuna

Desberdin garenok elkarrekin  bizitzea aberastasuna da. Horretarako, noski, zubiak eraiki behar dira, eta ez paretak. Udalak zubi-lan hori erraztu dezake, eta horretan ahaleginduko gara.

 

Euskara

Euskaraz bizi nahi dugu, oztopo, traba eta Urkijo guztien gainetik. Euskaraz bizitzea eskubidea da, pertsonala eta kolektiboa. Eta euskaraz ez dakitenek ere badute eskubide hori. Horregatik doan ikasteko aukera eskainiko dugu. Erabilera sustatzen saiatuko gara, sektore eta espazio guztietan.

 

Kultura eta kirola

Praktika aktiboan sinesten dugu, eta denok eduki behar dugu horretarako aukera: kultura eta kirola ez daitezela izan kontsumo soilerako. Auzolanean oinarrituta, herritik sortutako kultur jarduerei bultzada emango diegu. Herriko kultur ondarea ezagutzea, eta liburutegiaren erabilera hobetzea ere, badaude gure lehentasunen artean.

Kirol arloan, entrenatzaileentzako formazioa landu nahi dugu, kirol taldeen koordinaziorako elkargunea sortu, azpiegiturak hobetu, eta erreboteari, gure pilota joko zaharrari, hauspoa eman.

 

Gazteria

Gazteek dituzten gogo eta beharrei buruz, gazteek beraiek hitz egin behar dute. Beren autonomia errespetatuz, udala bidelagun izango dute. Parte hartzeko gune iraunkorrak sortzea beharrezkoa ikusten dugu.

 

Parte hartzea

Nola arraio arituko gara herrigintzan ez bada herritarrekin? EH Bildurentzat parte hartzea ez da modako leloa, herrigintzan aritzeko modua baizik. Orain, kuriosoa da, alderdi guztiak dira parte hartzearen aldekoak, nahiz eta beraien ibilbidean maiz erakutsi duten herriari bizkarra emateko joera.

Parte hartzearen kultura, hala ere, landu egin behar da, ez da berez sortzen. Horregatik, aukerak eta tresnak jarri behar dira, eta zintzoak izan parte hartzeko moldearekin.

Esandakotik aise ulertzen da guretzat parte hartzea ez dela aparteko ardatza, baizik eta udalaren jardueran, baita barruko antolamenduan ere, nonahi eta noiznahi erabili beharreko eredua. Horretan saiatuko gara.

Xehetasun gehiago jakin nahi izatera, edo ekarpenak egin nahi izanez gero, gurekin harremanetan jartzeko gonbita egiten diegu herritar guztiei. Antolatu ditugun saioetara joanez, http://usurbil.ehbildu.eus/ blogean sartuz, edo ehbildusurbil@gmail.com helbidera idatziz jar zaitezkete gurekin harremanetan. Gogotik estimatuko ditugu zuen proposamen guztiak.

 

 

EAJ-PNV alderdiaren hautes-programa

“Inposaketarik gabe, errespetuan oinarritu eta akordioetara iristeko gaitasuna duen taldea gara”.

Puntu garrantzitsuenak:

Usurbildar familien ongizatea bermatzea da gure lehentasuna. Lankidetzatik oinarrizko zerbitzuak bermatu eta denengana iristen saiatuko gara.

Herrian badira hainbat familia, oinarrizko zerbitzuak jasotzeko zailtasunak dituztenak. Hori ez da guk asmatutako zerbait, baizik eta talde eta eragile ezberdinek helarazi diguten kezka. Oinarrizko zerbitzu hauek mantentzea garrantzitsua da, eta horretan saiatuko gara.

Gure asmoa herriko diagnosia egitea da. Herriko familiak dituzten beharrak eta aukerak ikusi, etxe–etako zein baserrietako egoera aztertu, eta ahalik eta modurik eraginkorrenean zerbitzuak manten–tzea da gure helburua.

Gazte eta adinekoengan jarriko dugu arreta. Oinarrizko zerbitzuak bermatuko ditugu: besteak beste, etxez etxeko laguntza, eguneko zentroko zerbitzua, janari egokia izateko zerbitzua.

Herriko enpresen eta merkatarien egoera eta kezkak ezagutu eta gertutasunetik bideratuko ditugu, herriko ekonomia suspertzeko eragile bilakatuz. Hurbilago herriko merkatarien elkartearekin lankidetza bideratuko dugu. Hau baita langabezia tasa jaitsi eta herriko ekonomia suspertzeko bidea.

Herrian ezinbestekoak dira enpresa eta merkatariak. Herritarren bizi kalitatea mantentzeko arestian aipatutako zerbitzuez gain, beste ekintza edo proiektuak aurrera eramatea ere. Herriko ekonomia areagotzea beharrezkoa da ordea, eta horretan datza, hain zuzen ere, gure helburu garrantzitsuenetako bat.

Aipatzen diren proiektuak aurrera eraman ahal izateko, ekonomia suspertzea eta enpresak indartzea beharrezkoa da, eta, horretarako, egoerak aztertu eta elkarlana bideratuko dugu. Horrez gain, Buruntzaldea osoari zerbitzua emango dion garapen agentzia eraginkor baten beharra antzematen dugu,  enpresa, lanbide eskola eta unibertsitatearekin elkarlana egingo lukeena. Eskualdeko enpresak, enplegua eta turismoa bultzatu eta sustatzea izango dira agentziaren helburuak. Gure herriko ekonomia haztea ahalbidetuko du garapen agentziak.

Udalaren gastu finkoa murriztuko dugu, aurrekontuaren % 88 baita.

Maiz hitz egiten da proiektuez. Baina, herriko ekonomia mugatua da. Horregatik da hain garrantzi–tsua, enpresak indartzeaz gain, udalaren gastu finkoa ere zaintzea. Izan ere, ezinezkoa da inbertsio–etarako dirurik aurreikusi gabe proiektuak aurrera ateratzea. Gure asmoa da gastu finkoak zertan bideratuak dauden aztertzea, berrantolatzea eta inbertsioetarako aurrekontu handiagoa gordetzea.

Inbertsioak handituko ditugu herriari bultzada emateko.

Proiektuak aurrera eramateko inbertsioak egin nahi ditugu. Horretarako, berriro ere azpimarratuko dugu, gastu finkoak estutu behar dira, herriko ekonomia suspertu sarrerak handitzeko, eta inola ere ez dugu aurreikusten zergak igotzea ez eta fiskalitatea inposatzea ur kontsumoa murrizteko aitzakiarekin.

Herrian badira hainbat eskaera, premiazkoak direnak denak, baina lehentasunak ikusi behar ditugu. Honakoak dira garrantzitsuenak:

Zumarte musika eskolak eraikin berria behar du, gaur egungo eraikina egoera tamalgarrian dagoelako. Batetik, oraingo eraikuntza berrituko dugu bertako parte hartzaileen segurtasuna bermatzeko. Bestetik, herriko gazte askok musika zaletasun handia daukate. Horren adierazgarri dira bertan ditugun talde ezberdinak. Eta hauei ere erantzuna eman nahi diegu, esaterako, entseguetarako lokalak eskaintzen. Musikaren inguruko beharrak baldintza egokietan jartzea da helburua.

Kirol instalakuntzen gabezia ikusten dugu. Erantzun eraginkor eta azkarra landuko dugu hainbat klubek egiten duten lana eta dagoen eskaria kontutan hartuta. Ezingo dugu jarraitu partxe edo momentuko irtenbideekin. Baldintzak eta berrikuntzak beharrezkoak dira. Horregatik, kirol instalakuntzaren premia ikusten dugu. Herriko kirol elkarteen erabilera egokia bermatzeaz gain, aurrera atera nahi ditugu herritarrak kirolera bideratzeko programak. Elkarteetako gazteen parte hartzeaz gain, helduen kirola edo eta jarduera fisikoa bultzatzea garrantzitsuak dira bizi kalitate ona izateko.

Hirigintza 

Ikuspegi iraunkor eta errealista batetan oinarritutako Herri Antolamendu Plangintza Orokorraren alde gaude. Etorkizunaren beharrak orekaz jasoko dituen plangintza baten alde egingo dugu, beharrei erantzun egokia emango dien baliabide moduan egokituz, inoiz ez oztopatzeko eta inposatzeko.

Aukerak bermatu behar ditugu gure seme-alabek ere Usurbilen bizitzen jarrai dezaten. Hori lortzeko tresnak bideratu behar dira: eraiki beharreko etxebizitzen kopuruak, lana bilatzeko aukerak,e.a.

Halaber, nekazaritza arloan egitasmoei babesa eskainiaz, plangintza bideratuko dugu erraztasunak ahalbidetzeko.

Herriko auzo ezberdinen berezitasunak eta behar desberdinak jasoko dituen plangintza bat egingo dugu.

Eskola publikoaren alde egingo dugu. Egungo ikastola mantentzearen alde gaude, baina, aldi berean, azterketa abiatuko dugu eskola publikoaren nahia zenbatekoa den identifikatzeko. Hala eskatzen duten herritarrei ere erantzun bat eman behar diegu, gaur egun, zerbitzu hori nahi duen orok, kanpora joan beharra baitauka.

Garapen iraunkorraren alde egingo dugu Usurbilen landa eremuak lehentasunezko lekua izango du, berau baita gure jatorria. Hori dela eta, bere etorkizuna bermatu nahi dugu. Horretarako, zelaien eta gune berdeen mantentze lanak bultzatu eta landa guneko azpiegiturak hobetuko ditugu.

Azterketa sakona egingo dugu hondakinen arazoari irtenbide adostua bilatzeko. Hondakinen arazoa Gipuzkoan daukagun beste arazo garrantzitsuetako bat da. Gure herrian galdeketa bat egin zen, eta emaitzak oso parekatuak izan baziren ere, atez ateko sistemaren aldekoak irabazi zuen. Hori onartzen dugu, baina uste dugu sistema bera egokitu eta hobetu behar dela. Izan ere, egungo kudeaketak 300.000 euroko defizita dauka, eta gastu hori luzaroan mantentzea oso zaila edo ezinezkoa dela deritzogu. Herritarrak birziklatzearekin  sentsibilizatuak daudela ikusita, organikoekin egiten den bezala, edukiontzien aldeko apustua egiten dugu, askoz merkeagoa delako eta antzerako emaitzak ematen dituelako.

 

 

 

 

PSE-EE alderdiaren hautes-programa

Udalerriarekiko gure konpromisoa ondorengo ildoetan oinarrituko da:

 

Enplegua: 

Berraktibazio Ekonomikoa eta Enpleguaren aldeko Herri Plan bat ipini, langabezian dauden kolektiboentzat programa bat ezartzeko, bereziki zailtasun bereziak dituztenak kontuan hartuz: emakumeak, 45 urtetik gorako langabetuak eta iraupen luzeko langabetuak.

Komertzioaren zinegotzigoa eratu, komertzio txikiari eta herriko enpresei laguntza emateko, eta euren aldeko ekintza denak bideratzeko.

Poligono industrialen zabaltzea eta ekintzaileei babesa ematea, herri garapen ekonomikoa eta enplegua sortzeko sustatzaile izan daitezen.

 

Gizarte politika:

Gizarte Zerbitzuak sustatu eta bultzatu.

Etxe-laguntza, larrialdi soziala eta aldian behinekoak ez diren laguntzak sustatzeko, Udaletxeko urteroko aurrekontua handitu.

Hirugarren sektorea deritzon bolondresei eta entitateei laguntza eta errekonozimendua: hirugarren adinari, inmigrazioari eta ahalmen urritasuna dutenei bereziki.

 

Garapen iraunkorra:

Atez ateko sistema kentzea, edukiontzien sistema ezarri, sailkako bilketan eta birziklatze arloan maila gorenera iritsi ahal izateko.

Herritarren artean sentsibilizazioa bultzatu eta eraginkortasun energetikoa sustatzeko programak onartu.

Lehen sektorea babestu, euren produktuen salmenta erraztuz.

 

Mugikortasuna:

Herri mugikortasun sustengarriaren alde lan egin, efizientzia irizpideak ezarriz udal mailako kudeaketan.

Txirrinda sareen handitzea.

 

Etxebizitza:

Babes ofizialeko etxebizitzak sustatu, batez ere alokairu sozialekoak eta gazteentzat.

Baliabideen optimizazioa. Hutsik dauden etxebizitzen IBIaren tasaren %50aren errekargoa, eta etxebizitza publikoen balizko lurren salmentarekin eskuratutakoa, etxebizitzen erosketa egitera bideratu dadila, gero alokairu sozialean ipini ahal izateko.

 

Fiskalitatea:

Zerga sistema justuago baten ezartzea, elkartasun izaerakoa, bonifikazio, salbuespen eta zergen zatikatzearen bitartez. Krisiaren ondorioz, zailtasun gehien dituzten enpresa eta familientzat pentsatua.

 

Kultura:

Ekipamendu kulturalak hobetu eta kultur ekimen partikularrak  zein kolektiboak sustatu edota garatzen lagundu.

Gure haur eta gazteentzako aisia, hezkuntza, kultur zein kirol jardueren eskaintza zabaldu. Guraso elkarteen, hezkuntza zentroen, elkarteen eta herriko kirol taldeen babesarekin.

 

Herritarren partehartzea eta gardentasuna:

Gizalegezko kodearen, gobernu onaren eta Euskadiko herri-politikaren kalitate instituzionalaren aldeko konpromisoa.

Udalerriko gardentasunaren aldeko atari gaurkotu baten sortzea eta mantenua proposatzen dugu.

Herritarren partehartzea sustatuko duen benetako sistema bat sortu. Gure herriaren elkarlanerako sarea indartuz eta babesa eskainiz, baliabideak eskura jarriz eta modu aktiboan entzunez.

Aurrekontu partehartzaileak sustatu eta abisu, kexu eta proposamenak batuko dituen programa sortu, bizilagunei erantzuteko konpromiso zehatzak hartuz.

Administrazio elektronikoa bultzatu.

 

 

 

 

 

PP alderdiaren hautes-programa

Politikoen eta herritarren arteko zatiketa ixteko ahaleginean, gure programak ordezkari politikoen eta herritarren arteko harremana hobetzea bilatzen du, partehartzea udalgintzako gaietan erraztuz, foro zein eztabaida irekien bitartez.

Udalaren jarduera hobetzeko, herritarrek ere jarduera-planak bideratzeko bitartekoak ipiniko ditugu,kontuen errenditzea bermatua gera dadin.

Arautegien aplikazioan,  herritarren partehartzeko mekanismoetan hobekuntzak egitea beharrezkoa dela deritzogu, herritarren eta udal ordezkarien arteko hartueman handiagoa lortzeko.

Herri erakundeetan  gardentasun arauak ezartzea nahi dugu, herritarrei gehien interesatzen zaizkien datuen argitaratzea orokortuz, subentzioei buruzkoak adibidez. Edota kontratazio prozeduren ingurukoak argitzeko, zerbitzuen kostuei zein kalitateari buruzkoak azaltzeko, inbertitutako funtsak eta jasotakoak agertzeko, ordainketen berri emateko…

Kudeaketa hobea izan dadin, eta teknologia berrien laguntzaz, bizilagunen partehartzea sustatuko dituzten sistemak ipiniko ditugu martxan. Komunikazio sareei arreta berezia ipiniko diegu, eremu publikoan partehartzea erraztu ahal izateko.

Herrien arteko elkarrizketa eremu berriak sortu nahi ditugu, eztabaida guneak sortuz eta kontsulta publikoen bitartez. Prozesu honetan,  arreta berezia jarriz   komunikabide sozialek eta teknologia berriek eskaini ditzaketen onurak kontuan hartuz.

Alderdi Popularraren erronka da ahalik eta burokrazia gutxieneko administrazio baten alde lan egitea, “zero paper”, kudeaketa elektronikoa bultzatuz eta administrazioa 24 orduz zabalik egotea ahalbidetuz, urtean 365 egunetan.

Kontuen errenditzeari buruzko konpromisoa mantentzen dugu. Aurrekontuen burutzeari buruz informazioa emango dugu. Aurrekontuen oreka mantentzeko hartuko ditugun neurrien berri emango dugu eta baita administrazio lokalaren finantziazioaren sostengarritasunari buruz ere.

Etxebizitza arloan, eraikinen egoera ona ziurtatzeko neurriak bultzatuko ditugu, irisgarritasun unibertsala eta efizientzia energetikoa. Babestutako etxebizitzen alokairua sustatuko dugu eta baita erosteko aukera izango duen alokairua ere.

Udaletxetik herri merkataritza babesteko neurriak indartu nahi ditugu, eta artisauen jarduera ere sustatu, komertzializazio eta banaketa kanal berriak bultzatuz.

Aurrekontuen alorrean, gure asmoa da politika zorrotz bat ezartzea udaletxeetan, sartzen den diruabaino gehiago ez gastatzea. Zor dena garaiz ordaintzea, zerbitzuak eskaintzeko orduan finantziazio sustengarri batera iristeko bermea lortu, eta erabateko gardentasuna ziurtatu.

Susperraldi ekonomikoa,  hazkundea, oreka eta enplegua ekartzen ari den egonkortasun politika bultzatzen jarraituko dugu. Gastuen arrazionalizazioa eta kostuen jaitsiera ekarriko dituzten politika berriak jarriko ditugu martxan. Eraginkortasuna, efizientzia eta kalitatea irizpide harturik. Arreta berezia ipiniko diogu zorraren jaitsierari.

Administrazio publikoen arteko koordinazioa hobetzen jarraituko dugu, kostuak jaitsi eta bikoizketak ekiditeko, prozedurak sinplifikatuz eta traba burokratikoak ezabatuz. Erosketa-zentroen erabilera  eraginkorra izan daitekeela uste dugu, baliabide publikoen kudeaketa hobetzeko garaian bereziki, ekonomia lokaletan kalte izan gabe.

Euskadiko Udal Legearen tramitazioan, Batzar Nagusien konpententziak defendatuko ditugu, erakunde lokalen finantziazio ahalmena ziurtatzeko. Konpetentzien mugak definitzea eskatuko dugu eta batez ere, zerbitzu publikoen eskaintza egokia emateko garaian beharrezko baliabideak ziurtatu daitezen.

* Alderdi Popularrak ez digu alkategaiaren  ezta hautes-zerrendaren argazkirik igorri.