Usurbilgo Udalak Santuenean jabetzan dituen bi etxebizitzak enkantean jarri ditu. Hilabeteko epea dute interesdunek, eskaintzak aurkezteko. Bi etxebizitzon "irteera prezioa hobetzen duten eskaintza onenei izendatuko zaizkio etxebizitzak".
Enkantea irekia izango da. "Lizitazioan esku-har dezakete, zuzenean edo ordezkari bitartez, pertsona natural edo juridikoek, espainiar edo atzerritarrek, Kode Zibilak aurreikusitakoaren arabera jarduteko gaitasun osoa badute eta ez badute Sektore Publikoko Kontratuen Legeko Testu Bateginak 60. artikuluan ezarritako kontratatzeko inolako debekurik. Ezin izango dira eskuratzaileak izan konkurtsoa eskatuta daukatenak edo konkurtsoan deklaratuta daudenak, edozein prozeduretan kaudimengabetzat jo direnak, esku-hartze judizialaren mende daudenak edo 2003ko uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera ezgaituak izan direnak", Udalak ohartarazi duenez.
Esleipendunak %5eko bermea ziurtatu beharko du, ostegun honetako, maiatzaren 21eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean Udalak argitaratu duen iragarkiak dioenez. Eskaintzak irekitzeko tokia eta ordua, "lizitatzaile guztiei jakinaraziko zaie, web gunearen bitartez". Adi beraz interesdunok, usurbil.eus atariari.
Informazio gehiago eta agiriak eskuratzeko;
Usurbilgo Udala
943 371 951
kontratazioa@usurbil.eus
"Espekulazioari bideak mozteko"
Udaletik argitu dutenez, Santueneko "etxebizitza hauek Udalak jaso zituen 2012an, Babes Ofizialeko esleipendunak lehenagotik jabetzan zituztenak hain zuzen ere. Legeak aurreikusten du Babes Ofizialeko etxebizitzak lortzeko aukera izatea, nahiz eta aldez aurretik jabetzan etxebizitza bat izan.
Horretarako, hainbat klausula bete behar dira eta horien artean Udalari ematen zaio aukera jabetza hori eskuratzeko, beti ere Babes Ofizialeko etxebizitzek markatzen duten prezio berdinean. Aukera hau onetsi zuen Udalak, Babes Ofizialeko esleipendunek modu librean saltzeko aukera izango baitzuten bestela. Horrela, eta espekulazioari bideak mozteko borondatearekin, Udalak erosi zituen prezioan orain salgai jarriko ditu eta enkantean ateratzea erabaki da. Legez, administrazio prozedurak ezartzen du Udal jabetzako salmentak enkantearen bidez egin beharra", Udaletik diotenez. Eta hala egitea erabaki dute.
Honatx Usurbilgo Udalak enkante bidez salduko dituen Santueneko bi etxebizitzen ezaugarriak:
A. etxebizitza
-Helbidea: Santuenea, 17-1º A.
-Azalera: 50,00 m2.
-Irteera prezioa: 90.248,90 euro.
-Gehienezko prezioa: 106.323,45 euro.
-Ezaugarriak: Sukaldea, sala, 2 logela eta komuna.
B. etxebizitza
-Helbidea: Santuenea, 25-3º ezkerra.
-Azalera: 59,27 m2.
-Irteera prezioa: 106.323,45 euro.
-Gehienezko prezioa: 132.823,45 euro.
-Ezaugarriak: Sukaldea, sala, 2 logela eta komuna.
Irudiak: Usurbilgo Udala.