Matrakak Talde Feministak deituriko kafe-tertulia larunbatean

Noaua Aldizkaria 2015ko mai. 22a, 08:15

Ahalduntze eta kontzientzatze lanetan sakontzen jarraitzeko ilusioz da, herri eragileen artean lehen hilabeteak egin dituen Matrakak Usurbilgo Talde Feminista. Parekidetasuna lortzeko bidean aurrera egin eta taldea sendotzen segitzeko asmoa dutela adierazi digute. Horretarako ahalik eta jendarte zabalenera heldu nahi dute. Lerroon bidez, emakumeak, larunbat honetan 11:00etan Potxoeneko lehen solairuan antolatu duten kafe-tertuliara gonbidatzen dituzte.

"Konfiantzazko klima intimo bat sortzea da xedea, egunerokotasunean konpartitzen ez ditugun gaien inguruan tertulia zabal bat egiteko. Zerbait informala izango da, gure artean hitz egin eta lagunarteko giroan emakumeoi eragin eta kezkatzen gaituen gaiei buruz hitz egitera bideratu nahi dugu kafe tertulia hau. Ahalik eta emakume gehienengana iritsi nahi genuke, adinean eta beste hainbat aspektutan erreparorik izan gabe, guztiok baitugu gainontzekoen esperientzietatik zer ikasia. Ziur gaude aberasgarria izanen dela, hortaz, ez pentsatu bi aldiz eta gerturatu lasai, beso-zabalik hartuko baitzaituztegu!", luzatu dute gonbita.

Autodefentsa feminista ikastaroa

Maitena Monroyk bideraturiko saioa, ekainaren 6an, Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak antolatuta. Egun osoko ikastaroa eskainiko du Potxoenean, ordutegi honetan: 09:30-13:30 eta 15:00-19:00. Izen emateko: 943 377 110 edo parekidetasuna@usurbil.eus