Udal eta foru hauteskundeez gain, zubietarrek hirugarren erakunde baten osaera eraberritzeko aukera izango dute baita igande honetan. Herri Batzarraz ari gara noski. Datozen lau urteotarako bi alkateak hautatu beharko dira. Usurbil eta Donostia artean zatitua dagoenez, udalerri batetik zein bestetik aurkeztu diren hiruna hautagaien artean alkate bana hautatu beharko dute zubietarrek; Usurbil aldekoak gehien bozkatzen duten hautagaia izango da hurrengo bi urteotako Zubietako alkatea.
2017an, alkate aldaketa izango da eta orduan, Donostiako eremuan bizi direnen aldetik bozka gehien jasotako hautagaiak hartuko du alkatetza beste bi urtez, 2019ko hauteskundeak bitarte.
Amaitzear den legegintzaldi honetan, Zubietako Herri Batzarreko alkate izan dira Alazne Olaizola eta Fernando Iturralde. Datozen bi alkateak, sei hautagaion artean erabakiko dira:
Usurbildik (2015-2017 urte arterako):
-Aizpea Aizpurua Arroio.
-Itziar Basterrika Unanue.
-Joxe Mari Zubimendi Urdanpilleta.
Donostiatik (2017-2019 urte arterako):
-Narciso Arrillaga Balda.
-Mikel Bengoetxea Iparragirre.
-Fernando Iturralde Zabala.
Zubietako Herri Batzarreko hauteskundeak
Eguna: maiatzak 24, igandea.
Ordutegia: 09:00-20:00.
Tokia: Alamandegi etxea.
Funtzioak
Zubietako Herri Batzarrak honako funtzioak ditu:
1-Zubietako arazo zehatzei buruzko informazioa luzatzea Donostiako eta Usurbilgo Udalei.
2-Udal Zerbitzuak aholkatzea beraien gain jartzen dituzten gaietaz.
3-Donostiako eta Usurbilgo Udaletan, bai elkarrekin bai banaturik, aztertuak izango diren proposamen zehatzak egitea.
4-Azterketa eta proiektuei buruz Udalek erabakiko dituzten akordioak beteak izan direla ziurtatzea.
5-Udalek Batzarrari eskuratuko dizkien fondoak administratzea eta haien kontu zuzena ematea, alegia Batzarraren eta auzoko zerbitzu publikoaren mantenimendurako eta bere gain jartzen dituzten ekintza eta obra txikietarako fondoak administratzea.
6-Donostiako eta Usurbilgo Udalek bere gain jartzen dituzten beste edozein ahalmen.