Usurbilgo EHBildu: "Igandean irabaztera goaz"

Noaua Aldizkaria 2015ko mai. 22a, 21:14

"Igandean irabaztera goaz. Boto guztiak dira beharrezko. Zuen bozka behar dugu". Xabier Arregi alkategaiaren hitzokin amaitu du Usurbilgo EHBilduk, ostiral arratsalde honetan frontoian ospatu duen hauteskunde kanpaina amaierako ekitaldia.

Gauerdian amaituko da ofizialki bozka eskatzeko bi aste iraun duen kanpaina. Tarte honetan, pintxotxotx solasaldia edota herri programa auzoz auzo aurkezteko bilera erronda osatu du EHBilduk. Saio guztiotan, herritarren ekarpenak jaso ahal izan dituzte. Kalezarren Pikaolaz eta Eguneko Zentroari loturikoak; Txokoalden elkarte aurreko plazaz eta oinezkoen bideaz aritu dira; bi udalerriren artean zatitua dagoen Zubietan, gestio bateratuaz eta oinezko zein bizikleta bideez; Aginagan, Kaxkoa arnasberritzeaz; Santuenean, taldeen arteko elkarlana sustatu eta etorkinak integratzeko dinamikaz; Kaxkoan, herritarren parte hartze moldeez; gazteekin eginiko saioan, etxebizitza eta lan duin bat izateko eskubideez...

Kanpaina aberasgarria suertatu zaiela aipatu du, igandeko hitzordura aurkeztuko den EHBilduren hautagai taldeak. Herritarrengandik jasotako ekarpen guztiok "gustura entzun eta txintxo apuntatu ditugu gure oharretan" Xabier Arregi alkategaiak, kanpaina amaierako ekitaldian zioenez.

Bide batez, esker ona adierazi nahi izan diete kanpaina honetan zehar laguntzen aritu diren kideei. Legegintzaldi honetako eta datozen lau urteotako hautagaiak eta herritarrak partaide izan dituen ekitaldian zehar, hauteskundeon aurretik hilabete hauetan bideratu den parte hartze prozesua edota hainbat usurbildarren atxikimenduak ikusi eta entzun ahal izan dira bideo bidez.

Irudiotan laburbildu dugu, Usurbilgo EHBilduren hauteskunde kanpaina amaierako ekitaldiak emandakoa: