"Oso ondo", halaxe hartu ditu herriko emaitzak Xabier Arregik, EHBilduko hautagai nagusiak. Telefonoaren bestaldetik aditzera eman digunez, inguruko beste herri batzuetan gertatu denarekin alderatuz, "emaitza oso onak lortu ditugu Usurbilen".
Gipuzkoako emaitzak ikusita ordea, "ez hain ondo. Eskualde mailako politikak bideratzeko garaian, adibidez, emaitza hauek eragina izango dute. Baina goiz da oraindik balorazio zehatz bat egiteko. Ondo aztertu beharko dira emaitzak, denbora gehiagorekin”.
Herri mailan, kanpainak iraun duen egunetan, ekitaldi ugari egin ditu EHBilduk. Eta horrek bere emaitza izan du, nonbait: "Hauteskundeak irabazi ditugu Usurbilen, gehiengo absolutuarekin. Eta alde zabalarekin lortu dugu gainera gehiengo hori. Beraz gure emaitzak oso onak dira eta horregatik oso pozik gaude. Usurbilen herritarrek gure herri proiektua babesten jarraitzen dute".