Matrikulazio astea, Zumarte Musika Eskolan

Noaua Aldizkaria 2015ko mai. 25a, 06:04

2015-16 ikasturtean Zumarte Musika Eskolako kide izan nahi duenak, matrikulatzeko aste hau du. Astelehen arratsalde honetan, 16:30etan irekiko dute izen ematea musika eskolaren egoitzan. Ostiralera arte egongo da matrikulazio epea zabalik, ordutegi honetan:

-Astelehenean: 16:30-19:30.

-Asteartetik ostiralera: 11:00-13:00 eta 16:30-19:30.

Adi Musika Eskolak finkatu duen izen emateko araudiari:

– Ordainketa egitea derrigorrezkoa da matrikula egin ahal izateko.

– Matrikulazio data barruan matrikulatzen ez den ikasleak bere plaza galduko du.

– Matrikula itzulketarik ez da egingo.

– Irailaren 30etik aurrera baja emanez gero, ikasturte osoari dagozkion kuota guztiak ordaindu beharko dira.

– Urriaren 30etik aurrera ez da matrikula berririk onartu edo egingo.

– Epez kanpo eta urriak 30 arte egiten diren matrikulak beti ere irakaslego eta batzordearen oniritzia izan beharko dute.

– Ikasturtea hasi ondoren matrikulatzen den ikasleak, matrikula osoa ordaindu beharko du.

– Falta asko egiten duen ikasleak ez du hurrengo urteko plaza gordetzeko eskubiderik izango.

– Musika txokoa, musika mintzaira eta instrumentuko ikasle berrien kasuan, eskainitako plaza kopurua baino eskaera gehiago badago, matrikulazioa bukatu eta hurrengo ostegunean arratsaldeko 19:00tan zozketa egingo da. Zozketan sartu ahal izateko matrikula ordainketa egin eta agiria musika eskolan entregatu beharko da ikaslearen datuekin batera. Zozketaren ondoren itxaron zerrenda egingo da eta bajarik egon ezkero itxaron zerrendako ikasleak sartuko lirateke. Zozketaren ondorioz plaza gabe geratzen diren ikasleei bakarrik itzuliko zaie matrikula.

Informazio gehiago:

943 371 594 (arratsaldez deitu)

zumarte.org

Ikasturtea amaitzeko, jaialdia

Irailaren 7an abiatuko du Zumartek, 2015-16 ikasturte berria. Besteak beste, musika instrumentu ezberdinetan trebatzeko aukera eskaintzen segiko dute. Honez gain, 4-7 urte artekoentzako Musika Txokoa Zumarten eta Zubietan, Musika Mintzaira edota abesbatza taldeekin aurrera jarraitu asmo dute.

Aurrez ordea, jai giroan agurtuko du Zumarte Musika Eskolak, azken txanpan dugun ikasturtea. 30. urteurrena ospatzeko jaialdi berezi batekin:

Ekainak 13, larunbata

10:30 Txistularien kalejira.

12:30 Musika txokoko ikasleen emanaldia frontoian.

17:00 Zumarte-Txiki, Zumarte eta Zumarte-Gazte abesbatzen emanaldia Elizan.

19:30 Trikitilarien kalejira.

22:30 Trikitilari-Panderojole/Folk/Pop/Rock taldeen kontzertua frontoian.

Antolatzailea: Zumarte Musika Eskola.