Miriam Mendoza ipuin kontalaria, ludotekan 18:00etan

Noaua Aldizkaria 2015ko mai. 27a, 08:30

Aurreko asteazkenean bezala, maiatzaren 27 honetarako ere ipuin kontaketa saioa antolatu dute Bihurri haur ludotekakoek. Miriam Mendoza ipuin kontalaria gonbidatu dute 18:00etan, ludotekara. 0-4 urte arteko haurrentzako emanaldia eskaintzera.

Ikasturte amaierako jaialdiak, festak... datoz. Haurrei zuzenduriko ekitaldiak ugaritzen joango dira hurrengo asteotan:

Muxurbil taldekoen ikasturte amaierako emanaldia

Kurtso amaierako emanaldia eskainiko dute larunbat eguerdian, 12:00etatik aurrera Sutegin. Ekitaldirako sarrera doan. Ixabel Agirresaroberen taldeak egindako lanketa ezagutzeko aukera paregabea.

Haurrentzako antzezlana Santuenean

"Txipli-Txapla Tomasen abenturak" haurrentzako antzezlana, ekainaren 5ean, 17:30etan hasita Santueneko frontoian. Askari ederra antzezlanaren ostean; antolatzaileek txokolatea banatuko dute eta bizkotxoekin.

Santueneko X. Argazki Lehiaketa

Herriko zuhaitz dotoreena dugu, 4-14 urte arteko haur eta gaztetxoei zuzenduriko lehiaketako gaia. Argazkiak, maiatzaren 30erako aurkeztu behar dira, arratsaldeko 19:00ak baino lehen ludotekan. Lehiakide bakoitzeko argazki bat, gutunazal itxian, azalean izen abizenak eta adina jarriaz. Irabazleen izenak uztailean emango dira ezagutzera. Txapelketan parte hartzeko izen ematea, maiatzaren 18an itxi zuten.

Plis Plas Txalo Eta Jolas: Xilipurdi: "Gaur jaia"

"Adin guztietako ikusleentzako animaziozko eta musika ikuskizun bat da. Batez ere haurrei zuzenduta dagoena. Jai giro batean garatzen da, musika zuzenean akziozko eta partehartze jolasak, puxikekin, uztaiekin, jausgailuekin, lehiaketak, dantzak, pailazokeriak elkarren atzetik doaz txikiek eta handiek naturaltasun osoz parte har dezaten, eta ez era lehiakor batean". NOAUA!ren eskutik, ekainaren 18an, 17:00etan frontoian.