Teknologia berriak, euskararen industriarentzat

Noaua Aldizkaria 2015ko mai. 27a, 12:53

Literatura-kritiketako iritzien erauzketa automatikoaren demoa, bideoetako bilatzaile batena eta online ahots bidezko hizkuntza-irakasle pertsonal batena baita. Guztira 3 demo garatu ditu elkarlanean Elhuyarrek, EHU-ko Aholab eta IXA ikerketa-taldeek, TECNALIA Research and Innovation Fundazioak eta VICOMTECH-IK4 teknologia-zentroarekin elkarlanean.

2012-14 artean, azken 3 urteotan eginiko Ber2Tek izeneko ikerketaren emaitza da honakoa, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak diruz lagundua.

Asteazken honetan aurkeztu dute eginiko lanketa Elhuyarreko egoitzan, hedabideen aurrean. "Ber2Tek proiektuaren helburu nagusia izan da hizkuntza- eta hizketa-teknologiak ikertzea eta ikerketaren emaitzak aplikazio bihurtu eta jendearen eskura jartzea. Teknologia horiek hizkuntzen industrian zertan lagundu dezaketen erakusteko, hiru demo eraiki dira, edukien, itzulpenaren eta hizkuntzen irakaskuntzaren arloetarako; izan ere, hizkuntzen industriak eta, bereziki, euskararen industriak, teknologia aurreratuak behar ditu eskura ingurune globalizatu, interkonektatu eta eleaniztun honetan lehiakor izateko", berri eman dutenez.

Eraiki diren demoak

Edukien arlorako iritzien erauzketa automatikoaren demoa:

"Demoak testu bat hartzen du, iritzi subjektiborik baduen aztertzen du, eta, baldin badu, hura positiboa edo negatiboa den ondorioztatzen du, automatikoki".

Itzulpenaren arlorako bideo bilatzailearen demoa:

Bideoetako testuak automatikoki transkribatzen ditu, transkripzio horiek bideoan bilaketak egiteko balia daitezke eta euskarara, gaztelaniara eta ingelesera itzultzeko aukera ere ematen du. Itzulpen horiekin gainera, audioa sor daiteke, bikoizketa automatikoa egin.

Hizkuntzen irakaskuntzarako tutore pertsonalaren demoa:

"Demoko tutorea 3Dko avatar bat da, eta harekin euskaraz komunikatzen gara, ahoz".

Informazio gehiago:

ber2tek.eus

ber2tek.eus/eu/demoak

ber2tek.eus/eu/aplikazioak