Autodefentsa feminista ikastaroan izen emateko aukera zabalik

Noaua Aldizkaria 2015ko mai. 28a, 08:24

Ia 3 hamarkada munduan zehar indarkeria sexistaren aurkako prebentzio lanetan. Esperientzia zabala duen Maitena Monroy dator ekainaren 6an Potxoeneara, Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak antolaturiko autodefentsa feminista ikastaroa eskaintzera. Egun osoko saioa izango da, goizez 09:30-13:30 artean eta arratsaldez, 15:00etatik 19:00etara. Izen emateko: 943 377 110 edo parekidetasuna@usurbil.eus. Ikastaroaz zehaztasun gehiago eskaini dizkigu Maitenak lerrootan. Informazio gehiago: autodefensafeminista.com

Autodefentsa feministaz ari garenean, fisikotik haratago doan autodefentsaz ari gara?

Maitena Monroy: Hala da. Emakumeok jasaten dugun indarkeria handiena ez da fisikoa. Egia da, ikusgarriena indarkeria fisiko basatiena izaten dela; emakumeen hilketak edo feminizidioa. Baina emakumeen aurkako indarkeria adierazpen gehienek beste formatu bat izaten dute; indarkeria sinbolikoa. Indarkeria sexistatik autodefendatzeak, gaitasun fisikoak bakarrik ez, batez ere emakumeen ahalduntzearekin loturiko gaitasunak izatea eskatzen du. Munduaren aurrean norbanakoak duen posizionamendutik haratago doa, emakumeen egoera orokorra eta zergatik gertatzen den ezagutu eta aitortzean oinarritzen da. Indarkeria emakumeen mendekotasuna bermatzeko diskriminazioaren zerbitzura dagoen instrumentua dela jabetzean.

Autodefentsa feministak zertarako prestatzen ditu emakumeak?

Indarkeria sexista prebenitzeko trebetasunak lantzen ditugu. Ikastaroek badute zati praktiko bat, indarkeria egoera zehatzetan nola aurre egin ikasteko. Saioetan erremintak eskaintzen saiatzen gara, egoerok identifikatzen ikasteko, eta hortik aurrera prebentzioa lantzeko, geure eskubideak urratuak diren egoeretan. Ia 30 urtez munduko txoko ezberdinetan emakumeentzat autodefentsa feminista ikastaroak eskaintzen aritu ostean, emaitzak oso positiboak dira. Halere, neure helburua, emakumeen aurkako indarkeria desagertu eta autodefentsa feminista ikastaroak eskaintzeari uztea da.

Nola ezberdindu autodefendatzen dakien emakumea ez dakienetik? Zer ezaugarri ditu?

Autodefentsa feminista ikastaroa egiten duen emakume batek bizitzeko jarrera ezberdina du; segurtasunean oinarritua. Kontuz ibiltzeko ia zer egiten dugun, norekin goazen, hala hezten gaituzte emakumeok. Beharrezkoa da jakitea garrantzitsuena ez dela kontuz ibiltzea, alertak izatea baino. Alerta egokiak dituzun neurrian, seguruago senti zaitezke bizitzan, bai baitakizu zer gerta dakizukeen eta nola aurre egin gerta dakizukeenari. Horrek segurtasun handia ematen du.

Ekainaren 6an Potxoeneara zatoz ikastaroa eskaintzera. Zeintzuk dira ikastaroan landuko dituzuen eduki nagusiak?

Sexu-genero sistema, indarkeria formatu ezberdinak... Ez bakarrik, sexu indarkeria, edo indarkeria fisiko eta psikologikoa. Egiturazko indarkeria, indarkeria sinbolikoa, zeintzuk diren emakumeen aurkako indarkeria adierazpen ezberdinak, eta zeintzuk diren indarkeria iraunarazten duten elementuak. Hortik aurrera, ikusi eta ezagututakoarekin, indarkeria sexista prebenitzeko tresna zehatzen gainean lan egin dezakegu.

Norentzat izan daiteke bereziki interesgarria ikastaro hau?

Ikastaroak zenbat eta heterogeneoagoak izan, orduan eta aberasgarriagoak dira. 14 urtetik gorakoei zuzendua dago. Mexikon behin, 88 urteko emakume bat izan genuen. Ikastaroa, oso aberasgarria da norberarentzat eta taldearentzat. Ikastaroa egiten duten emakumeek, emakume guztiek egin beharreko tailerra dela esaten digute. Bada garaia, pasibotasuna alboratu eta parekidetasunaren alde gauden emakume eta gizon feministak geure espazio guztietara ateratzekoa, indarkeria honen konplize izan ez gaitezen. Emakumeen aurkako indarkeriak guztiokin du eta zerikusia. Guztion ardura da. Emakumeen aurkako indarkeria erabiltzen denean, emakume guztion, eta pertsona guztion eskubideen aurka ari dira.