Gure Esku Dago taldekoen mahai ibiltaria, 19:30etatik aurrera frontoi inguruan

Noaua Aldizkaria 2015ko mai. 29a, 10:15

150.000 lagun baino gehiago bildu zituen iazko ekainaren 8ko euskaldunon erabakitze eskubidearen aldeko giza-kate historikoak. Aurten ere ekintza masiboak deitu ditu Gure Esku Dago mugimenduak, ekainaren 21ean hiriburuetan; oihal kateak, eta hautestontzi erraldoiak eraikitzeko hitzorduak, jai giroko beste hainbat ekimenekin batera.

Usurbildar, zubietar eta aginagarrak, Donostiara joateko deituak daude. Hasi prestatzen, hilabete baino gutxiago geratzen da eta. Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldeak, mahai ibiltaria jarriko du ostiral honetan eta datozenetan, 19:30etatik aurrera, frontoi inguruan. Sarrerak eta kamisetak salgai izango dituzte eta ekimenaren alde atxikitzeko aukera egongo da. Argibide gehiago, Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldetik NOAUA!ra helarazi duten honako idatzian:

Kaixo lagun!

Bertan dugu ekaina eta urte guztian zehar herriz herri egindako lana azaleratzeko ordua hurbiltzen ari da. Erabakitzeko Eskubidearen alde metatzen ari garen indarrak erakusteko ekitaldi nagusia, aurtengo erronka, ekainaren 21ean ospatuko da herrialde bakoitzeko hiriburuetan, guri Donostiara joatea dagokigularik.

Hiri guztia okupatu eta 60.000 pertsonatik gora elkartzea da asmoa, egun guztian zehar festa eta aldarrikapena uztartuz. Egunak bi momentu berezi izango ditu; eguerdi partean oihal kate erraldoia egingo da Urumea ibaiaren inguruan eta arratsaldean ekitaldi nagusia ospatuko da Anoeta estadioan, non azken hilabeteotan herriz herri biltzen ari garen oihal-zatiak elkar josita, hautestontzi erraldoiak eraikiko ditugun, euskaldunon erabakitze nahiaren erakusgarri. Bi momentu nagusi horietaz gain, egun guztian zehar jai giroa izango da nagusi; familia gunea Ilunben (tailerrak, puzgarriak, abentura parkea, pailazoak...), goizeko 11:00etatik 17:00etara kontzertuak Anoetako mini estadioan, 3000 pertsonentzako bazkari musikatua, gau partean erromeria mini estadioan...

Anoeta estadioan ospatuko den ekitaldi nagusia ikusi ahal izateko, 10 euroko sarrera (haurrek 5€) ordaindu beharko du bertara sartu nahi duen guztiak. Sarrera hauek Ekainak 21ra bitartean ostiralero frontoi inguruan jarriko dugun mahai ibiltarian izango dituzu eskuragarri, baita Lizardi liburu dendan ere.

Sarrerak eskuratu, kamiseta berria erosi, Erabakitzeko Eskubidearen aldeko atxikimendua eman edo informatu nahi duen orori gure mahai ibiltarira hurbiltzeko deia egiten diogu, bereziki ekainaren 5ean jarriko dugun mahai ibiltari berezira. Ostiral arratsalde horretan frontoi ingurua orain arte egindako lanaren erakusgarri ederra izango da. Animatu, eta hurbildu zaitez!

Herri bat gara. Erabakitzeko Eskubidea dugu. Herritarron garaia da.

Gure esku dago!

Ekainak 21, igandea

Usurbildar, aginagar eta zubietarrek, Donostian dute hitzordua:

Egunean zehar, familia gunea Ilunben (tailerrak, puzgarriak, abentura parkea, pailazoak...), goizeko 11:00etatik 17:00etara kontzertuak Anoetako mini estadioan, 3000 pertsonentzako bazkari musikatua, gau partean erromeria mini estadioan...

12:00 Oihal-katea erraldoia Urumea ibai inguruan, aurrez jositako oihal zatiekin.

17:30 Ekitaldia Anoeta futbol zelaian: "Egunaren puntu gorena izango da. Egun, herri eta auzoetan dauden borondatez jositako oihalen bitartez hautetsontzi erraldoiak eraikiko ditugu".

Ohar garrantzitsuak: 

-Kamisetekin batera, Anoetako futbol zelairako sarrerak salgai, ostiraletan 19:30etatik aurrera Gure Esku Dago taldeak frontoi inguruan jarriko duen mahai ibiltarian edo Lizardin. Prezioa: helduek 10 euro, haurrek 5 euro.

-Oihal digitalak: "Oihal-zatien dinamikaren arrakasta ikusirik, baina jakinik aldi berean gero eta denbora gehiago igarotzen dugula Interneten, hor ere eraiki nahi dugu hautetsontzia. Horretarako, herritarrek bigarren oihal bat betetzeko aukera ere izango dute: oihal digitala. Sartu, ehuntzen.eus atarian".

Informazio gehiago: gureeskudago.eus

Antolatzailea: Gure Esku Dago.