Euskal Herrian ditugun arropa diseinatzaile hainbaten erakustokia izango dugu Sutegi bi asteotan. Estilo ezberdinetan lantzen dituzten jantziak ezagutu, probatu eta erosteko aukera izango duzue. “Neurrira egindako euskal jantziak haur nahiz helduentzat, jantzi serigrafiadunak, arropa koloretsua, asimetrikoak, estilo pertsonalagoa dutenak, klasikoa, kotoi ekologikoa baliatzen dutenak... Oso landua dagoen arropa”, erakusketa antolatu duen Zorionez Mendez herritarrak berri eman digunez.
Arte Ederrak ikasia, patroigintzari loturiko prestakuntza jaso du. Betidanik izan du arroparekiko zaletasuna. “Txikitatik erabilitako arropa gustuko izan dut”, adierazi digu Mendezek. Jantzien berrerabilera, erabilitako jantziei bizia ematea, eta erakusgai jartzea, sarri zaila izan arren. Diseinatzaile baten baino gehiagoren arazo nagusia baita, ezin dutela lokal bat eskuratu. Horretara dator erakusketa baita, sortzaileon erakusleiho eta saltoki izatera, “zer dagoen erakusteko, diseinatzaileei euren burua ezagutzera eman edota salmentarako gunea eskaintzeko".
Euskal Herriko bederatzi disenatzaileren lanak bilduko ditu Zorionek, Sutegin. “Iparraldea, Irun, Hondarribia, Azpeitia, Donostia edota Usurbil”, ordezkatuak ikusiko ditugu.
Erakusketa solidarioa
Soinean daramatzagun jantzien jatorria ezagutzen ote dugu? Jatorrira joko bagenu, besteak beste, lan baldintza oso kaxkarretan diharduten jostunen errealitatera hurbilduko ginateke. Sutegiko erakusketa hain zuzen, errealitate gordin hau ezagutzera emateko baliatu nahi du antolatzaileak.
“Kontzientziatzea, nori, zer, non eta nola” erosten dugun. Sentsibilizatzen laguntzeko Gobernuz Kanpoko Erakunde pare baten informazioa aurkitu ahalko duzue. SETEM nazioarteko elkartasuna sustatzen duten 10 GKE-z osaturiko federazioarena batetik. Munduko hainbat lekutan langileek pairatu behar izaten dituzten lan baldintza eskasak salatzen dituzte. Eta animalia guztiak defendatzen dituen Askekintzari buruzko argibideak baita. Hauen berri jaso ahalko dugu, erakusketan zehar eta ekainaren 6ko inaugurazioan.
Inaugurazioa larunbatean
Astelehen honetan zabalduko duten arren, larunbatean inauguratuko da erakusketa, 19:00etan. Besteak beste, Usurbilgo musika talde instrumental baten estreinako emanaldiak girotuko du ekitaldia; Karamel taldeak.
Epea: ekainak 1-15.
Ordutegia: Astelehenetik ostiralera: 17:00-20:00. Larunbata eta igandea: 12:00-14:00 / 17:00-20:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Inaugurazioa: ekainak 6, 19:00:
-Setem (GKE), "emakume jostunen lan baldintzak".
-Karamel musika taldea zuzenean.
Arteari buruzkoa irailean
Zorione Mendez herritarrak, “Bi txoriburu” izena jarri dio Sutegin zabaltzear duen erakusketari eta aurrerago antolatu asmo duen beste bati. Bi proiektu baitauzka esku artean. Irekitzear duenari segida eman behar zion bigarren erakusketak. Baina ekainean, ohi den moduan, Sutegiko instalakuntzak ekimen gehiagotarako beharko direnez, irailera arte atzeratzea erabaki du. Egile ezberdinen lan bilduma ikusgai jarri nahi du Zorionek orduan. Tartean, bere sorkuntza lanak.