Gurasoei zuzenduriko hitzaldiarekin, Zubietako Udaberri Festaren amaiera

Noaua Aldizkaria 2015ko eka. 1a, 09:30

"Zertan babesten dut gehiegi nire haurra eta zertan ez diot ematen behar duen adina?".
 Gai honen inguruan aritzeko hitzaldia antolatu du Zubietako Guraso Elkarteak, astelehen honetarako 19:00etan Kaxkapen. Nerea Mendizabal, psikopedagogoa, gizarte hezitzailea, haur masaje hezitzailea, ume eta guraso/hezitzaileen arteko harremanetan aditua ariko da hizlari lanetan. Hitzaldiarekin amaituko dute Zubietan, astebetez luzatu den Udaberri Festa.

Zubietako Udako Txokoetako izen ematea, ekainaren 8ra arte

Uztaila eta abuzturako, 3-12 urte arteko haurrei zuzenduriko udako txokoak antolatu ditu Zubietako Guraso Elkarteak, Usurbilgo Udalaren laguntzaz. Txokoak goizez izango dira, astelehenetik ostiralera, 9:30-13:30 artean Eskola Txikian. Izen emateko epea zabalik egongo da ekainaren 8ra arte.

Apuntatzeko orriak, Zubietako Eskolan eta Alamandegi tabernan eskura ditzakezue. Datu pertsonalekin bete ostean, Zubietako Herri Batzarrak Alamandegin duen postontzian utzi beharko dira. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, "kuota izena ematen duten haurren kopuruaren arabera zehaztuko da". Argibide edo informazio gehiago behar duenak, deitu dezala 608 663 047 telefono zenbakira (Bakartxo).