Uztailaren 3an ospatuko den Santixabeletako Umeen Egunerako pare bat ohar antolakuntzatik. Lehena, izen emateari loturikoa: “Ginkanan (LH-ko ikasleei bideratua) parte hartu ahal izateko, Udarregi Ikastolan dabiltzan umeei gelan galdetu eta apuntatuko zaie, eta beste usurbildar umeek email bidez izen emateko aukera izango dute ekainaren 19ra arte”, azken egun hau barne.
Inskripzioa banaka edo taldeka egin daiteke. Banaka bada, adierazi norbere izen abizenak eta ikasten ari den maila. Taldeka bada, gogoan izan, “8-12 kide bitarteko taldeak izan daitezke. Hala ere, kide gehiago dituen taldeak ere onartuko dira. Taldearen izena eta partaide bakoitzaren izen-deiturak eta ikasmaila eman. Partaidetzaren arabera, antolatzaileek taldeak egokitu ahal izango dituzte”.
Antolaketarako laguntza behar
“Umeen Egunerako gurasoen laguntza ere nahiko genuke. Egunean laguntzeko prest bazaude, bidali email bat, izena, deitura eta hartu emanetarako telefono zenbakia adieraziz eta zurekin harremanetan ipiniko gara”, ohartarazi dute antolatzaileek. Laguntzeko nahiz Haurren Eguneko ginkanan izen emateko helbidea, hauxe duzue: santixabelak.umeen.eguna@gmail.com
Santixabeletarako laguntza
Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak, Santixabeletarako jende falta du. Uztailaren 1ean, 2an eta 5ean buruhandiekin ateratzeko bolondresak behar dituzte. Beste egunetarako laguntzaileak badituzte. Animatzen direnek izen emateko bideok dituzte:
-Oiardo Kiroldegia: 943 372 498 edo kirola@usurbil.eus
-Potxoenea: 943 371 999 edo kultura@usurbil.eus
Helduen danborrada
Lehen bi entsegu saioak ekainaren 9an eta 11n, 20:00etan Udarregi Ikastolako eraikin gorriko beheko frontoietan. Izen ematea saiootan egin beharko da. Santixabeletako helduen danborradan, 16 urtetik gorako herritarrek parte hartuko ahalko dute. Entsegu saioetara gerrikoarekin joateko deialdia luzatu dute antolatzaileek.