Ekainaren 21ean Donostiako Urumea ertzera, erabakitze eskubidea gauzatzea eskatzera

Noaua Aldizkaria 2015ko eka. 2a, 14:23

Ekaineko hirugarren iganderako, hilaren 21erako Gure Esku Dago mugimenduak milaka herritar batu nahi ditu, euskaldunon erabakitze eskubidearen alde Euskal Herriko hiriburuetan antolatu dituen ekimenen bueltan. Usurbildar, zubietar eta aginagarrak, Donostiara joatera deitu gaituzte. Bi hitzordu garrantzitsu ospatuko dira ekainaren 21ean hiriburuan; oihal-kate erraldoi bat eguerdiko 12:00etan hasita, eta 17:30etan erabakitze eskubidea gauzatzeko hautestontzi erraldoiak osatzeko ekitaldi ikusgarria Anoeta futbol zelaian.

Antolatzaileak dagoeneko jai giroan bideratu nahi duten aldarrikapen eguneko prestaketa lanak aurreratuak dituzte. Adi usurbildar, aginagar eta zubietarrok; ekainaren 21ean, Kursaal aldetik zenbatzen hasita, bigarren zubi ingurura gerturatzera animatzen dute Gure Esku Dago mugimendukoek. Askatasunaren Hiribide amaiera, Gros inguruarekin lotzen duen Santa Catalina izeneko zubira hain zuzen. 12:00etan hasita, Urumearen bueltan ordu erdiz ospatuko den oihal-kate erraldoian parte hartzeko udalerri honek gordea duen eremua duzue honakoa.

Halere, parte hartzeko soilik ez, ekainaren 21eko ekimenean laguntzeko bolondresak behar ditu Usurbilgo Gure Esku Dago taldeak. "Oihal katearen bizkarrezurra antolatzeko Usurbildik 16 pertsona boluntario beharko ditugu", adierazi dute. Animatzen zaretenok izena eman edo agertu bestela, ekainaren 12an arratsaldeko 19:30etan Sutegin deitu den bilerara. Bertan jasoko dituzue argibide gehiago.

Mahai ibiltaria, ostiralero

Edo baita, Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldeak, ostiralero 19:30etatik aurrera, frontoi inguruan jarriko duen mahai ibiltarira gerturatuta. Bertan informazio gehiago jaso, edo ekainaren 21eko erronkarako diseinatu dituzten kamisetak erosteaz gain, oihal-kate erraldoiaren ostean, Anoetako futbol zelaiko ekimena bertatik bertara ikusteko sarrerak eskuratu ahalko dituzue. Txartelok Lizardin eta Kiroldegian ere salgai izango dira.

Ekainak 21, igandea, Donostian:

12:00-12:30 Oihal-kate erraldoia Urumea ibai inguruan, aurrez jositako oihal zatiekin. Usurbildarrak, Kursaal aldetik zenbatzen hasita, bigarren zubi ingurura gerturatzeko deialdia.

Familia gunea Ilunben:

12:30 Irrien Lagunen ikuskizuna.

15:30 Haur eta gaztetxoentzako berbena.

Anoeta inguruan: 

-Kale animazioa; txarangak, batukadak, dultzaineroak...

-Txosnak, bokatak, sagardo dastaketa, talogileak…

-3.000 lagunentzako bazkari musikatua. Txartelak herriz herri salgai.

-Eszenategi nagusia eta pantaila erraldoi batek jantziko du mini estadioko espazioa.

-Eszenategian zuzenean, Euskal Herriko musika talde ezagunak.

17:30-20:00 Ekitaldi ikusgarria Anoeta futbol zelai barruan: dantzariak, danborrada, musika ikuskizunak, abesbatza, hautestontzi erraldoiaren eszenografia…

20:00-00:00 Erromeria mini estadioan.

Ohar garrantzitsuak: 

-Kamisetekin batera, Anoetako futbol zelairako sarrerak salgai, ostiraletan 19:30etatik aurrera Gure Esku Dago taldeak frontoi inguruan jarriko duen mahai ibiltarian, Kiroldegian edo Lizardin. Prezioa: helduek 10 euro, haurrek 5 euro.

-Oihal digitalak: "Oihal-zatien dinamikaren arrakasta ikusirik, baina jakinik aldi berean gero eta denbora gehiago igarotzen dugula Interneten, hor ere eraiki nahi dugu hautetsontzia. Horretarako, herritarrek bigarren oihal bat betetzeko aukera ere izango dute: oihal digitala. Sartu, ehuntzen.eus atarian".

Informazio gehiago: gureeskudago.eus

Antolatzailea: Gure Esku Dago.