Albiste honi atxikita #Kilometroak15-ek sarean zintzilikatu duen zortzi bat minutuko bideoan duzue, Usurbilgo ikastolaren sorrerari buruz ekoitzi den dokumentalaren aurrerapentxoa. #Kilometroak15 ekimenaren aldeko aurkezpen ikuskizunean egon zinetenok, gogoan izango duzue ekitaldian zehar, Udarregi Ikastolaren sorrerari lotuta ikusi eta entzun genituen zenbait herritarren lekukotza.
Ostiral honetan, ekainaren 5ean 19:30etan Sutegin estreinatuko den dokumentalaren zatitxo bat baino ez ziren, hunkidura eragin zuten adierazpen haiek. Jexux Agirresarobe eta Aitziber Elortza herritarrek bideratu dute ikastolaren sorrerari buruzko ikus-entzunezkoa. Egun dugun ikastola sortzeko hainbat herritarrek egin zuten lan isil eta ahalegin itzelari merezitako aitortza egin nahi diote lan honen bidez. Hunkitzeaz gain, “ikusiko duenarekin jende asko identifikatua sentituko da” iragarri dute antolatzaileek.
Nola jaio zen proiektu hau?
Aitziber Elortza: Udarregi Ikastolako Artezkaritza Kontseiluan nengoenean. Kilometroak zetorrela eta, horren bueltan bururatu zitzaidan, Usurbilen ez dela sekula egin lanketa edo aitorpen bat, ikastola sortu zutenei. Ez da sekula aztertu, aitortu gehiegi ere ez, merezimendu handikoa izan arren. Kilometroak zetorrela eta, nahi izanez gero sorrera prozesua nola izan zen arakatuko nuela proposatu nuen. Gero lanketari zer formatu eman, beste batzuen esku utziko nuela. Ikastolatik egitasmoa martxan jartzeko esan zidaten.
Egileok ere lotura estua duzue ikastolarekin?
A.E.: Ikastolako haurrak gara. Geure gurasoak ere ikastolaren alde inplikatu izan direnak baita. Informazio eta lotura zuzena genuen. Hartatik ere bagenuen nondik tira. Horregatik proposatu nuen gai honen lanketa, gai hau oso gertutik bizi izan dudalako.
Ikastolaren sorburura jo duzue. Zer hari muturrari tira diozue dokumentala osatzeko?
Jexux Agirresarobe: Hezkuntza publiko espainiarra zegoen garaian kokatzen da dokumentala, 1968-72, ikastolaren hasierako urteetan. Guraso batzuk ez zeuden prest, beren umeak sistema horretan hezteko. Beste leku batzuetan bezala, Usurbilek bere hezkuntza behar zuela erabaki zuten, bertakoa, hemengo sustrai, nortasun eta hizkuntzatik eraikia.
Lekukotza bila, zeinengana jo duzue?
J.A.: Errealitate hura aldatzeko beharra zegoela ikusten zutenena. Oso jende gutxi zen, urte haietan ikastolaren aldeko apustua egin zuena. Zazpi lagun hautatu ditugu. Antolatze lanetan jardun zutenak, gurasoak, irakasleak eta ikasleak hartu eta norbere ikuspegia jorratuz egin dugu lanketa hau.
Gutxi izan ziren, baina ausardia handikoak?
J.A.: Ikaragarri ausartak. Jende soila eta abertzalea. Inkonformistak, garai hartako errealitatearekin ados ez zeudenak. Oso garrantzitsua da izan zuten ausardia hori, dokumentalean ikusi eta entzungo dugun moduan, asko arriskatu baitzuten. Garai hartako gurasoak askoz ausartagoak eta berritzaileagoak ziren.
Zerotik hasi behar izan zuten.
J.A.: Garai hartan egin zuten apustua ikaragarria izan zen, gaur egun pentsaezina. Hezkuntza publikoa den bitartean, hezkuntza ofiziala, estatala da. Herritar haiek aldiz, publikoa nahi zuten, baina ez besteen esku egongo zena. Geurea, propioa nahi zuten. Diru laguntzarik jaso gabe, herritarrak beren dirua jarrita, euren dirutik eraiki zuten seme-alaben etorkizuna. Hori baino herrikoiago edo publikoagorik ez dago.
A.E.: Zer gertatu zen eta zergatik azaltzen da dokumentalean. Horrek ere garrantzia du. Dokumental hau egin da, gaur egun ikastola zer den kuestionatzeko neurri batean. Benetan ikusteko non gauden.
Nola eman zituzten lehen urratsak?
A.E.: Ez zen Usurbilgo kontua bakarrik. Entzuten zuten inguruan ere bazebiltzala ahalegin berean. Oro har mugimendu handi bat izan zen. Alde horretatik babes hori bazen. Elkartzen eta bilerak egiten hasi ziren.
J.A.: Kezka zuen jende hori bildu, adituak ziren batzuk ekarri, esperientziadun jendea, eta hala hasi ziren.
Eta zenbat oztopoei aurre egin behar izan zieten…
J.A.: Hori da gehien aipatzen dena. Beraien bizipenak azken finean. Mehatxu handiei aurre egin behar izan zieten. Baina beharrak agintzen zuen.
A.E.: Egun dugun ikastola haiei esker da.
Zer dugu ikasteko herritar haiengandik?
J.A.: Ausardia, militantzia, eta euskaltzaletasun handia zuten. Bazekiten zer zen geurea. Harritu gaitu, garai hartan gutxi izan arren, aparte zenbat jende bolondres zegoen laguntzeko prest. Izugarria.
A.E.: Behar bat bezala ikusten zuten ikastolaren sorrera. Dokumentala ikusita, norberak hobeto hausnartuko du gai honi buruz.
“Elkarrizketatu dugun jendeak zeresan handia du”
Erraza egin al zaizue buruan zenuten ideia dokumentala batean islatzea?
A.E.: Nahiko erraza egin zaigu. Elkarrizketak ere uste genuena baino askoz emankorragoak izan dira. Sorpresa handiak hartu ditut.
J.A.: Elkarrizketatu dugun jendeak zeresan handia zuen. Aitziberrek eta biok edukiaren nondik norakoa lotu dugu. Luis Jambrina herritarraren laguntza handia izan dugu. Luxu handia, Luis bezalako pertsona bat Usurbilen izatea.
Zergatik ez dugu galdu behar?
J.A.: Ikusi behar da, batez ere ikastola herritik ateratakoa dela, herritarrek antolaturikoa. Herritik ateratako erakundea dela, herriarentzat eta batez ere Euskal Herriarentzat.
Proiekzioa eta gero, dokumentala zabaltzeko asmoa duzue?
A.E.: Eskuragarri izango da, geure helburuetako bat baita.
Estreinaldia
Eguna: ekainak 5, ostirala.
Ordua: 19:30.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Antolatzailea: #Kilometroak15.