Zero Zabor Ingurumen Babeserako Elkarteak pitada masiboan parte hartzera deitzen ditu herritarrak ekainaren 13an, arratsaldeko 17:00etan Donostiako Gipuzkoa plazan. "Inposatu nahi diguten errauskailuaren kontra" antolatu dute pitada masiboa.
"Azken asteotan, bolo-bolo ibili da txistu eginaz protesta egiteko zilegitasunaren inguruko eztabaida. Arrazoiak daudenean protesta egitea zilegi dela garbi dago. Hurrengo lau urteotarako Gipuzkoako erakunde nagusien gidaritza hartuko dutenek, karramarroak bezala atzera egiteko asmoa azaldu dute. Zero zabor bidea utzi eta, zabor poltsa ipar hartuta, errausketaren bideari ekiteko mehatxu egin dute. Gure osasuna, ingurumena eta dirua jokoan dago. Badugu protestarako motiborik, badugu txistualdi edo pitada bat egiteko arrazoirik. Hori dela eta, ekainaren 13an, Donostiako Gipuzkoa plazan errausketari ezetz esango diogu ozenki, pitada masibo baten bidez. Zero Zabor bideak ezin du etenik izan", ohartarazi du Zero Zabor Ingurumen Babeserako elkarteak.
Deialdi honen eta zero zabor elkartekoen berri, gipuzkozz.com atarian.