Bertako arropa diseinatzaileen lanak ikusgai Sutegin, inauguratu berri duten erakusketan

Noaua Aldizkaria 2015ko eka. 6a, 20:37

Jabetzen ote gara zer, zenbatean eta nori erosten diogun? Merkatuan eskuragarri ditugun produktu bat baino gehiago, duinak ez diren lan baldintzetan aritu behar izaten duten langileen eskulanarekin ekoitziak daude. Egungo kontsumo ereduaz ohartarazi, zer pentsatu eta hausnartua emango digun erakusketa inauguratu dute larunbat arratsalde honetan Sutegin.

Bertako arropa eta osagarrien diseinatzaile talde batek bere lan bilduma ezagutzeko moduan eta salgai jarri du kultur etxeko erakustaretoan. Ekainaren 15era arte.

Bi Gobernuz Kanpoko Erakunderen informazioa ere aurki dezakezue, Askekintza eta Setem erakundeei buruzkoa. Setem-eko kide bat izan da hain zuzen, larunbat honetako irekiera ekitaldian. Munduko hainbat lekutan langileek pairatu behar izaten dituzten lan baldintza eskasak salatzen dituen aipatu erakundeko ordezkari batek, euren egitasmoez eta egungo kontsumo ereduaz ohartarazi digu. Ixabel Agirresarobek eta herriko haur talde batek parodia baten bidez irudikatu dute, Setem-ek deskribaturiko errealitatea. Laburmetrai bat ere proiektatu dute.

Erakusketa bisitatzeko aukera izateaz gain, luntx begano batekin eta estreinako emanaldia eskaini duen Rukulua izeneko Usurbilgo musika talde berri batekin borobildu dute ekitaldia.

Zorione Mendez herritarrak antolaturiko erakusketa zabalik izango duzue datorren aste osoan ere:

Epea: ekainak 1-15.

Ordutegia: 

Astelehenetik ostiralera: 17:00-20:00.

Larunbata eta igandea: 12:00-14:00 / 17:00-20:00.

Tokia: Sutegiko erakustaretoa.