Usurbil K.E.-ko bazkideen batzarra deitu dute larunbaterako

Noaua Aldizkaria 2015ko eka. 8a, 08:32

Bazkideak batzar batera deitu ditu Usurbil Kirol Elkarteak ekainaren 13rako, goizeko 11:00etan Sutegin. Honatx gai zerrenda:

1-Lehendakariaren agurra.

2-2014/2015 denboraldiaren kirol balantzearen aurkezpena, eta onarpena, egoki bada.

3-2015/2016 denboraldiaren kirol aurreikuspenen aurkezpena, eta onarpena, egoki bada.

4-Diru-kontuak. 2014/2015 denboraldiko balantzea eta 2015/2016 denboraldiko aurrekontuaren aurkezpena, eta onarpena, egoki bada.

5-Galdera-eskaerak.

Usurbil K.E.-ren Eguna, ekainaren 20an

"Adin desberdinetako neska-mutilak, entrenatzaileak, beteranoak... eskubaloian jokatzen ikusi ahal izango ditugu. Eta gauean, indarrak berreskuratzeko, herri-afaria. Tiketak salgai Aitzagan eta Bordatxon egongo dira. Afarira denei deitzen zaie, adin guztietako jokalariei, entrenatzaile, delegatu, zuzendaritza-kide, eta aurten bereziki, baita guraso, zaletu, beterano eta klubarekin zerikusia izan duen guztiei", nabarmendu dute Usurbil K.E.-tik.

Granollers Cup

Ehunetik gora lagun joango dira hilabete amaieran Bartzelona aldera. Ekainaren 24tik 28ra Granollers hirian jokatuko den eskubaloi txapelketan parte hartuko du aurten ere, Usurbilek.