2011-15 legegintzaldia amaitzear da, eta berria estreinatzear dugu. Aldaketok aste honetan bertan bideratuko dituzte. Lehenbizi, asteazken honetarako 19:00etan deitua dute legegintzaldi honetako azken osoko ezohiko bilkura, aurreko maiatzaren 21eko plenoko akta onartzeko. Egungo alkate eta zinegotziek azken aldiz hitza hartzeko aukera izango dute, larunbatean eratuko da eta, datozen lau urteotarako udalbatza berria.
Ekainaren 13an, eguerdian ospatuko den ekitaldian izango da. Udalbatza eta alkate berria hautatuko dira hitzorduan. Zinegotzi helduenak eta gazteenak osatuko duten mahaiak bideratuko du alkate berria bozkatzeko saioa. Dena aurreikusi bezala badoa, EHBilduko hautagai Xabier Arregi izendatuko dute alkate. Egungo alkate Mertxe Aizpuruaren eskutik jasoko du aginte ikurra, zumia.
Agurra eta ongi etorria aste berean
Honenbestez, aipatu moduan, legegintzaldi honetako azken osoko bilkura, eta legegintzaldi berriko estreinakoa, aste honetan bertan izango ditugu:
Ekainak 10, asteazkena
19:00 Legegintzaldi amaierako ezohiko osoko bilkura. Gai zerrenda:
1-2015eko maiatzaren 21eko ezohiko bilkurako aktaren onespena.
Ekainak 13, larunbata
Eguerdian, udalbatza berria eratzeko ekitaldia Usurbilgo Udaleko pleno aretoan.
Legegintzaldi aldaketarako EHBilduren bi ekitaldi
Koalizioak maiatzaren 24ko hauteskundeak baloratzeko EHBilgunea eta 2011-15 legegintzaldian Udalean izan duten taldea agurtu eta eskertza adierazteko ekitaldia antolatu ditu egunotarako. Hitzorduotan eta larunbatean udalbatza berria eratzeko ospatuko den ekitaldian parte hartzeko gonbita luzatzen dute:
Ekainak 11, osteguna
19:00 EHBilgunea Potxoenean: maiatzaren 24ko hauteskundeetako emaitzen balorazioa.
Ekainak 13, larunbata
Udalbatza berria eratzeko ekitaldiaren ostean, EHBilduko udal taldea izan denari eskertza eta udal talde berriari harrera ekitaldia, udaletxe aurreko Joxe Martin Sagardia plazan.
Deitzailea: Usurbilgo EHBildu.