Larunbatean Donostiara, erraustegiaren aurka txistu egitera joateko deia

Noaua Aldizkaria 2015ko eka. 8a, 09:41

Gogoan izan, Zero Zabor Ingurumen Babeserako Elkarteak erraustegiaren aurkako pitada masiboa deitu du larunbat arratsaldeko 17:00etarako, Foru Aldundiko egoitzaren aurrean, hau da, Donostiako Gipuzkoa plazan. Herritarrak "inposatu nahi diguten errauskailuaren kontra" antolatu duten mobilizazioan parte hartzera deitzen dituzte. Eta ondoren, 17:30etan Alderdi Ederren AHT-ren aurka deitua dagoen manifestazioan parte hartzera baita. Ekimenarekin bat egin dute Eguzki talde ekologistak eta Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinadorak.

"Azken asteotan, bolo-bolo ibili da txistu eginaz protesta egiteko zilegitasunaren inguruko eztabaida. Arrazoiak daudenean protesta egitea zilegi dela garbi dago. Hurrengo lau urteotarako Gipuzkoako erakunde nagusien gidaritza hartuko dutenek, karramarroak bezala atzera egiteko asmoa azaldu dute. Zero zabor bidea utzi eta, zabor poltsa ipar hartuta, errausketaren bideari ekiteko mehatxu egin dute. Gure osasuna, ingurumena eta dirua jokoan dago. Badugu protestarako motiborik, badugu txistualdi edo pitada bat egiteko arrazoirik. Hori dela eta, ekainaren 13an, Donostiako Gipuzkoa plazan errausketari ezetz esango diogu ozenki, pitada masibo baten bidez. Zero Zabor bideak ezin du etenik izan", ohartarazi du Zero Zabor Ingurumen Babeserako elkarteak.

 

Deialdi honen eta zero zabor elkartekoen berri, gipuzkozz.com atarian.

Atxikimenduak biltzen, sare sozialetan

Errauskailurik nahi ez duen herritarren mugimenduak atari berria du sare sozialetan; zehazkiago esanda, Facebook-en, "Gipuzkoa errausgailurik gabe" orrialdean. Atxikimenduak biltzen ari dira:

"Aupa lagunok!! Errausgailuaren mehatxua berriro jarri da gipuzkoarren gainean. Uste genuen fase hau gainditua zegoela baina tamalez atzera egin dugu.

Denbora honetan frogatu da bilketa mota desberdinek emaitza paregabeak lortzen dituztela, Europak babestuak izan direlarik.

Lan horretan buru belarri jarraituko dugu eta erraustegi toxikoa inposatu nahi badigute aurrean jarriko gara, beti bezala argudio eta borondate eraikitzailearekin.

Bitartean blokeo mediatikoa haustea tokatzen da eta horregatik eskatu nahi dizuegu orrialde hau lau haizetara zabaltzea, Gipuzkoan aire garbiak bira dezan!".

Honatx helbidea:

https://www.facebook.com/gipuzkoaerrausgailurikgabe?fref=nf