Bihozkada musika talde berria, estreinakoz Sutegin ostiralean

Noaua Aldizkaria 2015ko eka. 9a, 08:57

Oholtza gainera igotzear da pop-rock talde berri bat; Bihozkada. Usurbil hautatu dute, estreinako emanaldirako. Ostiral honetan, ekainaren 12an, 19:00etan hasita Bihozkada taldekoen lehen kontzertua Sutegin. “Usurbildar guztiak eta ingurukoak emanaldira gonbidatuak daude. Ea gustuko duzuen, denen iritzia entzuteko prest izango gaituzue”, diote taldetik.

Estreinaldirako ilusioz eta gogotsu da Buruntzaldeko eta Tolosaldeko kideez osaturiko laukotea. Egunotan, entseguetan topera dabiltza. Saiootan gozatzen duten moduan, lagun presoez, maitasunaz, denetariko gaiak jorratzen dituzten dozena bat kantekin, Sutegin publikoa gozarazteko prestatzen. Taldearen izenarekin egin daitekeen hitz jokoa baliatuz, bihozkada edo bi hozkada, abesti goxoak eta gogorxegoak tartekatu dituzte errepertorioan.

Sutegi gustuko

Kasualitatez abiatu omen dute proiektu berria. “Pixkanaka, piezak elkartzen joan dira, taldekideak biltzen, puzzlea osatu arte”, adierazi dio NOAUA!ri Iñaki Lizasok. Taldea berria den arren, kide gehienak musika kontuetan zebiltzan aurretik.

“Tomas Lizardik 3gabe2, Margot edo Kantuki musika taldeetan jo izan du. Bertso musikatuen saioetan ere aritzen da. Nahikari Calleja ere taldeotan ere aritu izan da. Oinkari dantza taldeko musikariak dira baita. Oihan Agirretxek ere Itzartu berbena taldean jotzen du, beste pare bat taldeetan ere aritu izan da. Mundu honetan berria neu naiz”, adierazi digu Lizasok. Gitarra ikasten hasi zen duela bi urte eta musika munduan barneratu da villabonarra.

Jabetuko zineten honez gero. Bihozkadan ez dago usurbildarrik. Horregatik, debutatzeko Sutegi nolatan hautatu duten galdetu diegu. “Lasarteko San Pedro jaien aurretik, jendaurreko emanaldi bat eskaini nahi genuen, toki goxo batean. Alex Telloren “Zu Gabe” antzezlana ikusten egon nintzen. Sutegi aretoa ezagutzen genuen beraz. Alexek lagundu digu. Gainera, Usurbil herri giro handiko toki bat da. Toki aproposa izan zitekeela iruditzen zitzaigun”, adierazi digu Bihozkada taldeko kide Iñaki Lizasok. Usurbilgo saioaren ostean, Lasarteko eta Zizurkilgo jaietan izango dira udan. Beste hainbat emanaldi ere ahoz hitzartuak dituzte.

Sarrera doan

Eguna: ekainak 12, ostirala.

Ordua: 19:00.

Tokia: Sutegiko auditorioa.

Sarrera: doan.

Taldekideak:

-Nahikari Calleja (Anoeta), baxujolea.

-Tomas Lizardi (Alkiza), kitarra eta ahotsa.

-Oihan Agirretxe (Lasarte), bateria.

-Iñaki Lizaso (Villabona), kitarra.