Irailaren 12ko erronkarako entsegu saioak abiatu dira aste honetan. Mila lagunetik gora #Kilometroak15 ekimeneko "Lotzen GaTTunk" abestia kantatzen eta haren erritmora dantzatzen jarri nahi dira Mikel Laboa plazan.
Udarregi Ikastolako musikako irakasle Jaione Eskudero eta ikuskizunetako batzordea bideratzen ari den ekimeneko entsegu saioak aste honetan abiatu dituzte. Asteazken honetan, ikasle eta ikasle ohien senideen txanda, 18:30etatik aurrera, Agerialde eraikineko musika gelan.
Jaione Eskudero musikako irakasleak dakartza lerrootan, irailaren 12rako prestatzen ari diren ekimen erraldoiaren inguruko zehaztasun gehiago.
Erronka berria ikastolatik sortu da?
Jaione Eskudero: Guri bururatu zaigun ideia da. “Lotzen GaTTunk” abestia grabatzerakoan, hemen denok kantatzeko desiatzen ginen. Ikastolako irakaslea izanda nik ere abestu nahi nuen. Leku bat egin zidaten eta abestiaren zati txiki bat kantatu nuen. Baina hemen ikusten zen, jende piloak ere abestu nahi zuela. Eta pentsatu genuen, zergatik ez, gonbidapen hau ikastola osoari zabaldu? Hortik etorri zen dena. Zati piloa ditu kantak. Horregatik, denok dena abestu beharrean, taldeka bakoitzak zati bat abestea bururatu zaigu. Denontzako lekua dago, kanta honek denontzako ematen du.
800-1000 lagun gutxienez bildu nahi dituzue?
Kontuak atera ditut. 700 umetik gora baditugu eta euren senideak, guraso eta ikasle ohiak ere animatu dira… Jada bagara gutxienez 1.000 lagun. Ez dakit herrian kabituko ote garen. Entseguekin aste honetan hastekoak gara. Ikusiko dugu zenbat jende datorren. Herri osoarekin, ikastolako partaide denekin kontatzen dugu.
Abestia talde bakoitzak zatika abestuko du?
Taldeka bai. Eta gero denok batera abestu eta dantzatuko dugu. Bi gauzak batera egingo ditugu. Entsegu saioetan, kantarekin batera mugimendua sartuko dugu. Oso polita joango da. Kilometroak-eko kanta 1.000 pertsona elkarrekin abestea ez da inoiz inon ikusi. Usurbilen irailaren 12an egingo dena, usurbildarrek bakarrik lortuko dute. Horrek garrantzia handia du herri baterako, hor ikusten baita herritarren elkartasuna eta indarra.
Zer iruditzen zaizu abestia?
Erritmo oso ederra du, adin guztietarako abestia da.
Jokoa eman dezake?
Oso ederra iruditzen zait. Oso alaia, adin guztietarako. Dituen fonemak ere, gattunk eta halakoek, erritmoa dute.
Taldekako entsegu saioak antolatu dituzue. Denon ahotsek izan dezakete lekua ekimen honetan?
Ikastola denok gara. Gurea den zerbait sentitu behar dugu. Animatu abestera! Ez dezala inork pentsa, ahots txarrik duenik, ahots denak dira onak. Animatzea besterik ez da behar. Desafinatzeak ez du axola, parte hartzea da garrantzitsuena. Batere kezkarik eta lotsarik gabe etorri eta parte hartu!
Entseguak abian
Aste honetarako deitu dituzte taldekako lehen entsegu saioak Agerialdeko musika gelan. Ikasle eta ikasle ohien senideen txanda asteazken honetan:
Ekainak 10, asteazkena
18:30 Ikasle eta ikasle ohien senide emakumezkoak: amak, izebak, amonak…
19:00 Ikasle eta ikasle ohien senide gizonezkoak: aitak, osabak, aitonak…
Ekainak 11, osteguna
14:30 LH eta DBHko irakasle eta irakasle ohiak.
Ekainak 12, ostirala
Ikastolako langileak: jangelako langileak, autobuseko arduradunak, garbitzaileak, mantenuko arduraduna eta arduradun ohiak…
Ekainak 15, astelehena
14:45 DBHko ikasleak eta ikasle ohiak.
Ekainak 17, asteazkena
18:30 Lehen entsegu saio orokorra; Agerialdeko jolastokian.
Tokia: entsegu saioak Agerialdeko musika gelan, ekainaren 17ko entsegu orokorra aldiz Agerialdeko jolastokian.
Oharra: entsegu saio gehiago iraila hasieran.
LOTZEN GATTUNK...
GaTTunk, GaTTunk,
lotzen gattun harira
GaTTunk, GaTTunk,
lotzen GaTTunk lotzen GaTTunk
Hariketan ari
Harik eta behar den artean ari
artean arin
GaTTunk, GaTTunk,
lotzen gattun harira
GaTTunk, GaTTunk,
lotzen GaTTunk lotzen GaTTunk
lokarri listari sokari hari
GaTTunk, GaTTunk,
lotzen gattun harira
GaTTunk, GaTTunk,
lotzen GaTTunk lotzen GaTTunk
Hari artean, hari tira hari hari
Hari artean, ahalari tiraka
Hari artean, hariari tiraka ari
Hari artean, hari ariketa
Hari artean, hari tira hari tira
Ahalari tiraka, hariketa hariketa
Hari GaTTunk
ari GaTTunk TTunk
Hari GaTTunk
baGaTTunk ari
Hari GaTTunk
ari GaTTunk
BaGaTTunk hari
hari GaTTunk GaTTunk
Lotu josi heldu
Bai baGaTTunk
ba ote goaz
goaztean
Zitxatoztilakoan, genitxatoztinan, gatoztin
Bai baGaTTunk
Zitxatoztilakoan, genitxatoztinan,
goaztean
Hariketan ari
Harik eta behar den artean ari
artean arin