2011-15 legegintzaldia amaitzear da, eta berria estreinatzear dugu. Aldaketok aste honetan bertan bideratuko dituzte. Lehenbizi, asteazken honetarako 19:00etan deitua dute legegintzaldi honetako azken osoko ezohiko bilkura, maiatzaren 21eko plenoko akta onartzeko. Egungo alkate eta zinegotziek azken aldiz hitza hartzeko aukera izango dute, udal ordezkari gehienak ez baitziren aurkeztu maiatzaren 24ko udal hauteskundeetako zerrendetan.
Udal ordezkaritza utziko dutenen artean, EHBilduren baitan, lau urteotan Usurbilgo alkate izan den Mertxe Aizpurua, Enara Arbizu, Josu Portu, Joxe Ramon Furundarena eta Jose Maria Rivadeneyra zinegotziak ditugu. Hamaikabat alderdia, gogoan izan, ez da aurkeztu udal hauteskundeotara. Honenbestez, orain arteko alderdiko bi ordezkariek ere, Luis Mari Ormaetxeak eta Josune Urkiak, ez dute zinegotzi gisa jarraituko. Aldaketa baita PSE-EE alderdian ere. Lau urteotan bozeramaile lanak egin dituen Ricardo Crespok, Hernaniko udalerako alkategai gisa aurkeztu zenez, Usurbilgo Udala utziko du.
Hamahiru zinegotzitik bost baino ez ziren aurkeztu berriz, igandeko udal hauteskundeetako zerrendetan. EHBildutik, Alaitz Aizpurua, Jone Urdanpilleta, Iñaki Ugarte eta Eustakio Arrojeria. Eta EAJ-PNVko alkategaia, Josune Urkola.
Udalbatza berria larunbatean
Aipaturikoa. Asteazken honetan, legegintzaldiko azken osoko bilkura. Eta larunbatean, hauteskundeen osteko udalbatza berria osatzeko ekitaldia eguerdian. Udalbatza eta alkate berria hautatuko dira hitzordu berean. Zinegotzi helduenak eta gazteenak osatuko duten mahaiak bideratuko du alkate berria bozkatzeko saioa. Dena aurreikusi bezala badoa, EHBilduko hautagai Xabier Arregi izendatuko dute alkate. Egungo alkate Mertxe Aizpuruaren eskutik jasoko du aginte ikurra, zumia.
Agurra eta ongi etorria aste berean
Honenbestez, aipatu moduan, legegintzaldi honetako azken osoko bilkura, eta legegintzaldi berriko estreinakoa, aste honetan bertan izango ditugu:
Ekainak 10, asteazkena
19:00 Legegintzaldi amaierako ezohiko osoko bilkura. Gai zerrenda:
1-2015eko maiatzaren 21eko ezohiko bilkurako aktaren onespena.
Ekainak 13, larunbata
Eguerdian, udalbatza berria eratzeko ekitaldia Usurbilgo Udaleko pleno aretoan.