Islada Ezkutatuak taldea, gerra garaian ezkutaturikoa bistaratzen

Noaua Aldizkaria 2015ko eka. 10a, 13:35

Azken bizpahiru urteetan sarritan igo dira Txaldatxur aldera, Zubieta gaineko mendixkak iraganeko hainbat istorio gordetzen ditu eta. Ezagutzen ez ditugunak. Mendixka bat baino askoz gehiago da ingurua, Islada Ezkutatuak Lasarte-Oriako oroimen historikoaren aldeko taldearentzat. Gerra Zibilak gogor kolpatu zuen ingurune honetan gertaturikoa ikertzen, eta batez ere garai hartan lurperatu eta apropos ezkutatu ziren gertakariak azaleratzen ari dira.

Hasteko ordea, kokatu gaitezen. “Txaldatxur Zubietamendin kokatzen den mendixka da, Oria ibaiaren gain-gainean. 1936ko abuztutik aurrera, Buruntza, Agerre Buru, Belkoain eta beste zenbait eremuen antzera, Gipuzkoan eratu ziren borroka gune bilakatu zen”, Islada Ezkutatuak taldetik nabarmendu nahi dutenez.

Euren esanetan, “Gerra Zibila, hemendik besterik gabe pasa egin zela” uste bagenuen, guztiz oker ginen. “Badirudi Gipuzkoan gerrarik ez dela egon eta hori ez da egia. Hemen gerra handia egon zen, denbora mugatu batean. Gauza larriak pasa ziren, nahi baino gehiago. Hildakoak badira frontean, non hil ziren ez dakigunak, desagertuak, errepresaliatuak…”. Gerra Zibilaz ari garenean, bereziki Bizkaia aipatzen den arren, Islada Ezkutatuak taldetik gogorarazten dutenez, “Bizkaian zerbait egiteko modua izan bazen, neurri batean gipuzkoarrei esker izan zen. Hemen eutsi zitzaion, ahal zen denboran”.

Taldeak gertutik frogatu ahal izan du, sarraski handia izan zela Txaldatxurreko lubakietan ere. Hainbat aurkikuntza egin dituzte azken urteotan, “bi bandoetako armaden bala zorro piloa, lehertu gabekoak eta lehertutako balak, eskuko granada, obusa lurrean sartuta eta lehertu gabe, obus puskak...”. Oraingoz hilotzik ez ordea, nahiz goiz edo beranduago topatu ditzaketen.

Informazio gehiago…

Islada Ezkutatuak taldeko kideak, asteartero biltzen dira, arratsaldeko 17:30etan Lasarteko Manuel Lekuona kultur etxean. Informazio gehiago jaso nahi duenak beraz, bertara jo dezake. Gerra garaian izandako izugarrikeriak argitzen lagundu dezakeen edozer izanda ere, ongi etorria izango da. “Edozerk bidea eman dezake askoz gauza gehiago argitzeko”, diote taldetik. Izan liteke argazki edo dokumenturen bat, norberak bizitako edo etxean kontatu dioten lekukotzaren bat, informazio edo daturen bat… Honez gain, Usurbilen oroimen historikoaren aldeko taldea osatzeko gonbita luzatzen dute. Animatzen direnei, “lehenbiziko pausoak ematen lagunduko diogula” adierazi nahi diete.

Hiru lan eremu dituzte; bat, Txaldatxurren ezkutatua dagoen guztia azaleratu eta ezagutzera ematea. Azken urteotan hainbat alditan igo dira eremu horretara eta hainbat aurkikuntza egin dituzte. Auzolan deialdi ugari egin dituzte Zubieta Lantzenekoekin, sasiz josia zegoen ingurua garbitzeko.

Bigarren lan esparrua, garai hartan gertaturikoa argitzen laguntzeko egon daitekeen dokumentazioa osatzea, “zer eta nola gertatu zen jakiteko”. Eta hirugarrenik, galtzen ari garen gerra garaiko lekukotza baliotsuak biltzea. Pentsa ze baliotsuak diren, “lekukotza baten bidez heldu ginen Txaldatxurrera”, diote Islada Ezkutatuak taldetik.

Aurkezpena eta bisita gidatua

Taldea ezagutzeko eta Txaldatxurren 2013az geroztik bideratu duten lanketa bertatik bertara ikusteko, aurkezpen ekitaldi eta bisita gidatua antolatu dituzte datorren asterako:

Ekainak 15, astelehena

19:00 Islada Ezkutatuak taldearen aurkezpena, Zubietako Kaxkape egoitzan.

Ekainak 20, larunbata

09:00 Bisita gidatua Txaldatxurreko lubakietara, Lasarte-Oriako Okendo plazatik abiatuta.

Antolatzailea: Islada Ezkutatuak, Lasarte-Oriako oroimen historikoaren aldeko taldea.

Harremanetarako: isladaezkutatuak@gmail.com