Guztiok Gattunk, inklusibitatea jorratzen #Kilometroak15 ekimenetik

Noaua Aldizkaria 2015ko eka. 11a, 09:55

Jaiek denontzat beharko lukete, baina oraindik ez daude pertsona guztien ezaugarrietara egokituak. Baliabideak, abiatzen diren proiektuak, antolatzen diren ekimenak benetan denontzat izateko oraindik badugu guztiok zeregina, #Kilometroak15 ekimenaren baitan osatu den Guztiok Gattunk batzordetik gogorarazten digutenez.

Estreinakoz Usurbilen sortu den bilgunea dugu Guztiok Gattunk, aurreko edizioetan ez da halako lan talderik izan. Jai eredu parekide eta jasangarriak soilik ez, inklusiboak izateko lanean dabiltza buru-belarri. “Denok gara gu eta denontzako egin behar dugu”, baina denongan pentsatu behar horretarako, batzordetik diotenez.

Normala eta normala ez denaren arteko muga desagertzea, gaituek desgaituak integratu behar dutela pentsatzea… Ikuspegiok aldarazi nahi dituzte Guztiok Gattunk batzordetik. “Denok gara gizarte honen parte. Gaitasun maila handia izan dezakegu gauza batzuetan baina beste batzuetan ez. Guztiok dugu desgaitasun maila bat eta ondorioz, mendekotasun maila bat. Gaitasun ezberdineko pertsonek osatzen dugu jendartea, denak dira beharrezkoak”, azpimarratzen dute batzordetik. Hori horrela izanik ere, egun oraindik nabaria da jendartean dagoen zatiketa. “Gaurko gizartean normaltasuneko marrak jartzen dira eta halako kodifikazio maila bat jartzen da gai edo desgaia izateko. Eta marra horiekin bizi gara. Jaiak antolatzerakoan ere marrekin egiten dugu. Pentsamolde hori aldatzea litzateke batzorde honetatik landu nahi duguna. Pentsatu dezagun denengan”, diote Guztiok Gattunk batzordetik.

Ikuspegi aldaketan eragin nahi dute baina ez bakarrik Kilometroak egunari begira. Urtean zehar bideratzen diren ekimenetan, hurrengo Kilometroak edizioetan, jaietan oro har eta jaietatik haratago, “jendartea ikusteko moduan ere”. “Haiek” eta “guk” aipatzeari utzi, denok gattunk esatera igaro. Eta zer hobeto, #Kilometroak15 baliatzea inklusibitatearen balorea txertatzeko. Ikastolarentzako laguntza jasotzeaz gain, batzordetik gogorarazten digutenez, “balio transmisore” ere bada jaialdia eta jaialdia inguratzen duen guztia. Kilometroak jaia herri horren baloreen erakusleihoa ere bada.

Jauzi praktikoa eman nahian

Batzordeak lanketa kontzeptualizaziotik abiatu zuten. Lehenbizi, inklusibitatea aipatzean,“zertaz ari garen jakin nahi genuen. Oso gai zabala zela jabetu ginen”. Eztabaida luze baten ostean, dokumentu bat adostu zuten. Dekalogo bat ere osatu dute, herriko eta Gipuzkoako eragile, erakunde ezberdinei helarazi dietena. Atxikimenduak bildu nahi dituzte, “beraiek ere guk planteatzen dugun ideia honekin bat egin eta egunerokoan aplika dezaten”.

Ez baitute konpromiso eta teorizazio mailara mugatzerik nahi. Paradigma aldaketa hau gauzatu nahi dute. Eta horretarako, praktikotasunerantz urratsak ematen hasiak dira ikastola barrura, Usurbilera, eta Gipuzkoara begira. Ikastolan irakasleekin lanketa burutu dute, ikasleekin irailean hasiko dira. Slalom egokituko jardunaldi bat ere antolatu zuten LHko 5 eta 6 mailakoentzat.

Herri mailan, kirol egokituaren inguruko hitzaldi bat antolatu zuten maiatzean, iraileko Topa Eszenikaren baitan, inklusibitatea jorratuko duen antzezlan bat ere programatuko dute, Guztiok Gattunk egun bat ere bai. Gipuzkoa mailan, komun publiko unibertsala garatzeko proiektua bideratu dute. Kilometroak egunari begira gainera, zirkuituan eta guneetan “ekarpen batzuk egin nahi ditugu”. Kilometroak eta Udarregi Ikastolaren web orrialdeak ere denontzat irisgarriak izateko egokitu dituzte. Guztiok beharrezkoak gattunk eta.

Guztiok Gattunk Gida

Paradigma aldaketa gauzatzeko…

1-Integraziotik inklusibitatera jotzea: desgaitasuna duten pertsonak integratu ordez, gaitasun ezberdinak ditugun pertsonez osaturiko jendarte inklusiboa eraikitzea.

2-Normaltasunetik aniztasunera: gizarte anitz inklusibo horretako aniztasuna kudeatu behar da.

3-Lengoiaren berreraiketa.

4-Gaia zehar lerroa izatea ikastetxe edota erakundeetan. “Proiektu berri baterako ideiak pentsatzen hasten garen unetik bertatik “guztiok” garela gaitasun ezberdineko pertsonak barnebiltzen ikasi behar dugu".

5-“Jendarteak berak bilakatu behar du eraldaketa sozial eta kulturalaren protagonista".

Jendartea eskubideak bermatzeko jatorri eta helburu

6-Funtzioa eta desgaitasuna: inguruneko faktoreen eragina.

"Desgaitasuna osasun egoera batek markatzen du baina ez guztiz, inguruneko faktoreek ere definitzen dute, hala nola oztopo fisiko eta jendartearen jarrera negatiboek".

7-Gizartea soluziobide:

-"Osasungintzak edota zerbitzuek publikoek eman diezaguke desgaitasuna kudeatzeko bidea baina gizartean parte aktiboa izateko, ezin guztiok ez badugu ahalbideratzen: taldeak, gizarteak, jendarteak du giltza".

-Jarrera aldaketaren garrantzia, sentsibilizazio eta pedagogia ekimenen sustatzea.

-Gizartean partehartzearen elementu definitorioa: festak, jaia, gune sensiblea inklusibitatea lantzeko; Kilometroak15.

8-Garapen jasangarri, irisgarri eta inklusiboa.

9-Norbanakoari egokitzen zaion gizarte zerbitzuaren eraikuntza.

Konpromisoa

“Usurbildik, Kilometroak15 ekimenetik, gaitasun ezberdinak ditugun eragileok, gaitasun anitzeko jendartearen beharrei erantzun nahi diegu, bai festa, bai ekimenak, bai hezkuntza, bai baliabideak guztiontzako pentsatuak izan eta guztiok parte hartu ahal izateko eraiki daitezen”.