Agur hitzak, legegintzaldiko azken osoko bilkuran

Noaua Aldizkaria 2015ko eka. 11a, 10:14

"Zorte handikoa sentitzen naiz une honetan, Usurbilgo herriari nire ekarpena egiteko aukera izan dudalako, alkate bezala herrian babestua eta errespetatua sentitu naizelako, eta batez ere zuokin, taldeko kideekin lan egiteko aukera izan dudalako", azken lau urteotan Usurbilgo Udaleko alkate izan dugun Mertxe Aizpuruak agurrerako baliatu dituen hitzak dituzue.

Asteazken arratsalderako deitua zegoen ezohiko osoko bilkura amaieran egin zituen adierazpenok Aizpuruak. Maitzaren 21eko plenoko akta onartzeko deitua zegoen hitzordua, azkena izan da udalbatza osatzen duten 13 ordezkaritik bederatzirentzat. 2011-15 legegintzaldiaren itxiera ekitaldia izanik, azken aldiz hartu zuen hitza alkateak.

"Herriaren onerako aritu gara"

Lasai eta pozik agertu zen Aizpurua, askorako eman duten lau urteotan eginiko lanarekin harro. Baikortasunez baloratu zuen, lasaitasunez, "tentsio gehiturik gabeko legegintzaldia aurrera eraman ahal izatea".

Krisialdi ekonomikoak baldintzaturiko legegintzaldia kudeatu behar izan duten arren, baikor agertu zen Aizpurua lau urteon amaierako balantzean. Orekaz eta errespetuz lan egin dutela adierazi zuen eta inor mindu badute, barkamena eskatzeko baliatu zuen unea. "Gobernu taldetik herriaren onerako aritu gara. Herrigintzak funtsean duen motibazioak bultzatu gaitu. Eta dudarik gabe, lau urteotan Usurbil hobetzeko saiakerak, emaitzak eman ditu", adierazi zuen.

Talde kideei: "Plazerra izan da zuekin lan egitea"

Esker hitzak izan zituen udal teknikari eta langileentzat, aldaketa askoko lau urteotan eskaini duten laguntza eta elkarlanagatik. Udal ordezkarientzat, erakutsi duten jarreragatik. Zinegotzi bakoitzari "Lurra, lana, izana. Usurbilgo emakume baserritarren ahotsak" dokumentalaren cd-a eta liburua oparitu zieten.

Modu berezian eskertu nahi izan zituen baita, gobernu taldeko kideak. "Lan asko egin dugu. Merezi izan du, eta benetan, guztiaren gainetik plazerra izan da zuekin lan egitea, zuek ezagutzea eta zuekin aritzea", adierazi zien Aizpuruak, talde kide izan dituen zinegotziei. Alaitz Aizpuruak erantzun zion, eskerrak emateko. "Talde lanean aritu gara, borondate on guztiarekin", gaineratu zuen zinegotziak.

"Lasai eta pozik itzuliko naiz, duela 4 urte utzitako lantokira"

Legegintzaldia Bildu eta Aralar bi taldeetan banatuta hasi ostean, batuta amaitu dutela ere positiboki nabarmendu zuen. Legegintzaldi honetan osatu den EHBildu koalizioko datorren alkategai Xabier Arregiri "aginte zumia" eman ostean utziko du alkatetza Mertxe Aizpuruak. Larunbat eguerdiko 12:00etan, udalbatza berria osatzeko deitua dagoen ezohiko bilkuran izango da.

Ia guztiz eraberrituko da udalbatza, egungo udal ordezkari gehienak badoaz eta. Horregatik, Udala utziko duten zinegotziei zorta ona adierazi zien alkateak. Geratzen direnei, "esker bikoitza, 4 urtez herriaren alde lanean aritu ondoren, konpromisoa berrestea benetan eskertzekoa baita".

Bizipen askoko legegintzaldia izan dela adierazi zuen Mertxek. Asko ikasi duela. Hunkituta amaitu zituen adierazpenak. "Harro nago egindako lanaz, lasai eta pozik itzuliko naiz, duela lau urte utzi nuen lantokira", Gara egunkarira.