Greenpeacek ere bat egin du, larunbateko errausketaren aurkako pitadarekin

Noaua Aldizkaria 2015ko eka. 11a, 10:53

Larunbatean 17:00etan Donostiako Foru Aldundiko egoitzaren aurrean, Gipuzkoa plazan errausketaren aurka deitua dagoen pitadarekin bat egin du Greenpeace erakundeak. Hala berri eman du Zero Zabor mugimenduak.

"Aurrez Errausketaren aurkako plataformak, Eguzkik eta Zero Zabor ingurumen babeserako elkarteak deituta zeukaten ekitaldiarekin bat egin du Greenpeacek. Larunbatean, arratsaldeko 17:00etan Donostiako Gipuzkoa plazan aukera paregabea izango dugu agintari berriei errausketarik nahi ez dugula esateko. Azaldu eta Zabaldu!!", luzatu dute gonbita deitzaileek.

Informazio gehiago: gipuzkoazz.com

Gipuzkoako hondakinen kudeaketa, Greenpeacentzat eredugarri

Estatu espainiarreko ingurumenari buruzko erradiografia modukoa osatu eta kaleratu du Greenpeace erakundeak txosten batean. Erkidego bakoitzeko alde positibo eta ezkorrak nabarmendu eta lekuan lekuko ingurumen kalitatea neurtu du erakunde ekologistak. Hego Euskal Herriko datuak sartu ditu tartean.

Hamazazpiko zerrendan, Nafarroa bigarren postuan ageri da. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa aldiz 14. postuan. 3 herrialdeotan ingurumen kalitate maila baxua dugula dio Greenpeace-k eginiko azterketak. Garoñako zentral nuklearra, Petronor, Zabalgarbiko erraustegia, nekazaritza ekologikorako lur eremu eskasia, kostaldearen zainketa falta... aipatzen ditu alderdi ezkorrenen artean.

Atez atekoaren eraginkortasuna

Geure inguruan bada zer hobetua Greenpeace erakundekoen esanetan. Baina harro sentiarazteko arrazoirik ere badugu. Kaleratu duten txostenak eredugarritzat jotzen du Usurbilen eta Gipuzkoan azken urteotan sustatu den hondakinen kudeaketa. EAE-n, ingurumen alorrean nabarmentzen dituen alderdi positiboen artean dago atez ateko bilketa sistema.

Hondakinak kudeatzeko modu hau eredugarri dela dio. Atez atekoa 27 udalerrietan indarrean dagoela aipatzen du Greenpeace erakunde ekologistaren txostenak eta estatuan birziklatze maila handiena duen hirugarren lurraldea dela EAE. 2013an, %23,55-eko tasa zuen. Gogoan izan, Usurbilek ia laukoiztu egiten du datu hau, birziklatze maila %90aren bueltan baitago.

Udalerri hau atez ateko bilketa abiatzen aitzindari izan zen 2009an, Greenpeace erakundearen txostenak oroitzen duenez. "Euskadin atez ateko bilketa martxan jartzeko pausoa eman zuten lehen udalerriak Usurbil, Hernani, Oiartzun eta Antzuola izan ziren. Emaitza bikainak izan dituzte gaikako bilketan, %80-90 artekoak. Usurbilek, aitzindaria Euskadin, 2009an jarri zuen sistema hau. Gipuzkoako udalerri gehienek %30 inguruko gaikako bilketa maila zuten artean, Usurbilen jada, 2010eko urtarrilerako %80tik gorako gaikako bilketa zuen. Hernanin eta Oiartzunen, 2010eko maiatzean hasi zuten atez ateko bilketa. Hondakinen %30-40 gaika biltzetik %80tik gorako gaikako bilketara igaro ziren hilabete beranduago", txostenak gogorarazten digunez.

Gastuak, edukiontzien parekoak

Atez ateko bilketak eragiten dituen gastu ekonomikoez ere badu zeresanik Greenpeace-ek kaleratu duen txostenak. "Atez ateko bilketak ez du gastu handiagoa suposatzen. Bataz beste, edukiontzien sistemaren antzekoak dira, ia parekoak", Greenpeace-en esanetan.

Erraustegia, herritarrek geldiarazia

Atez ateko bilketa soilik ez. Mapa batean kokatu ditu aipatu erakundeak, ingurumena zaintzen laguntzen edo kaltetzen duten proiektu, azpiegitura edota herritarren jarrerak. Proiektu kaltegarrion artean, gugandik oso gertu kokatua zegoen bat. Zubietako erraustegiaz ari gara. Positiboki baloratzen du Greenpeace-en txostenak, geldiarazia dagoela aipatu planta, eta geldiarazia badago herritarren mobilizazioari esker izan dela. Kasu honetan, Zero Zabor mugimenduak eginiko lana goraipatzen du. "Zero Zabor Gipuzkoako Zubietako erraustegia geldiarazten lagundu eta alternatiba jasangarrien aldeko apustua egiten duen herri mugimendua da", halaxe aurkezten digu Greenpeace-ek.

Fracking-aren aurka eta Natura 2000 Sarean

Bada Usurbili lotua egon eta alderdi positiboen artean nabarmentzeko beste konturik ere. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan guztira 56 udalerri dira Greenpeace-en esanetan, "Fracking"-etik libre dauden udalerriak. Tartean Usurbil, herri sarrerako kartelek dioten moduan.

Datu baikor gehiago. Erkidegoko lurraldearen %34,24 natur gune babestua dugu, Natura 2000 Sarean integratua dago. Tartean, lehengoratu berri den Aginagako Saria hezegunea.

Greenpeace erakundeak kaleratu duen txostena osorik, hemen: Greenpeace txostena