Ekainaren 21eko ekimenetarako eta txoznarako laguntzaileak behar ditu Gure Esku Dagok

Noaua Aldizkaria 2015ko eka. 11a, 14:09

16 lagun behar ditu Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldeak, ekainaren 21ean 12:00etan Donostian egingo den erabakitze eskubidearen aldeko oihal kate erraldoirako eta 17:30etatik aurrera Anoetako futbol zelaian ospatuko den erronkarako. Oihalez arduratu beharko dute. Beste 30 lagun behar dituzte baita, Anoetako mini estadioko txoznan, 21:30-01:00 artean edariak zerbitzatzen lan egiteko.

Animatzen zaretenontzako argibide gehiago, ostiral honetarako, ekainaren 12rako, Gure Esku Dagok 19:30etan Potxoeneko goiko aretoan deitu duen bileran izango dituzue. Bertaratzeko deia egiten diete herritarrei, bertan azalduko baitira ekainaren 21ari begira deitu diren ekimenen inguruko zehaztasun guztiak. "Ahal den jende gehiena gerturatzea nahiko genuke bilera honetara, informazioa emateaz gain laguntza ere beharko baitugu eguneko antolamendurako", berri eman dute.

Bilerara joaterik ez duenak, usurbilgureeskudago@gmail.com helbidera idatzi dezala.

Sarrerak

Gogoan izan bestalde, Anoetako futbol zelaian ospatuko den ekitaldia ikusteko sarrera eskuratu behar dela aurrez. Salgai dituzue Lizardin, Artzabalen eta Bordatxon. 10 eurotan helduek, 5 eurotan 2-12 urte arteko haur eta gaztetxoek. Sarrera doan, 2 urtetik beherakoek. Sarrerok eskuragarri izango dituzue baita, Gure Esku Dago lan taldeak, ekainaren 21era arte asteburuetan frontoi inguruan jarriko duen mahai ibiltarian, "baita egun honetarako espreski sortutako koral koloreko kamiseta ere. Mahaia ostiral arratsaldean eta larunbat eta igande eguerdiz topatuko duzu Sutegi aurrean".

Oihal-katea

Anoetako ekitaldiaren aurretik, eguerdiko 12:00etan, oihal kate erraldoia ospatuko da Urumea bueltan. Iazko giza-katearen antzera, aurten ere Gipuzkoako eskualdeak lotuko ditu ekitaldiak. Usurbildar, aginagar, zubietar eta lasartearrek, Kursaal aldetik hasita bigarren zubian, Askatasuna etorbidea amaitzen den ingurura gerturatu beharko dute 11:30etarako, oihal-kate erraldoian parte hartzeko: