Bertako arropa diseinatzaileen erakusketa bisitatzeko azken egunak

Noaua Aldizkaria 2015ko eka. 12a, 08:20

Jabetzen ote gara zer, zenbatean eta nori erosten diogun? Merkatuan eskuragarri ditugun produktu bat baino gehiago, duinak ez diren lan baldintzetan aritu behar izaten duten langileen eskulanarekin ekoitziak daude. Egungo kontsumo ereduaz ohartarazi, zer pentsatu eta hausnartua emango digun erakusketa inauguratu dute larunbat arratsalde honetan Sutegin.

Bertako arropa eta osagarrien diseinatzaile talde batek bere lan bilduma ezagutzeko moduan eta salgai jarri du kultur etxeko erakustaretoan. Ekainaren 15era arte.

Bi Gobernuz Kanpoko Erakunderen informazioa ere aurki dezakezue, Askekintza eta Setem erakundeei buruzkoa:

Epea: ekainak 1-15.

Ordutegia: 

Astelehenetik ostiralera: 17:00-20:00.

Larunbata eta igandea: 12:00-14:00 / 17:00-20:00.

Tokia: Sutegiko erakustaretoa.

Erropen bizitzaren alde

Gehiegi dut armairuan, oraindik gehiago behar dut? Edo nahia da? Moda? Begiratu armairuan. Kontatu zenbat galtza, niki, alkandora, gona, soineko, galtzerdi, kulero, txapela, oinetako, bufanda, galtzontzilo, galtza motz, pirata, manga luze, txaleko, peto...Gauza mordoxka ditut.

Eta ba al dakit nondik datozen, nortzuk dauden horren guztiaren atzean? Ze material den, nondik lortua, nork egin duen prenda hori, ze kondiziotan, ze mimorekin... ideia zipitzik ere ez!

Ba ia jantzi horien guztien atzean enpresa handiak daude, milioiak irabazten eta langile asko eta asko kondizio penagarrietan dituztenak. Emakumeak gehienak (betikoa), India, Maroko, Txina... Lau xoxen truk 10-12 edo ordu gehiago lanean etxera diru sarrera mixero batengatik. Hori bai! Guri beharrak asetzen dizkigute, ze ondo! Modan nago, erropa berri eta garestia daukat gainera! Kar kar kar! Niri bost!

Ez dut gertu ikusten hori guztia, eta ikusten ez dudanez, sentitu ere ez. Ba pentsatzeko modua aldatu beharra daukat! Eta jarrera aldatu! Aukeran nahiago dut erropa trukatu lagun eta familiaren artean, bigarren eskuko denda batean erosi (merkeago gehienetan gainera), euskal disenatzaileen erropa erosi...

...aldaketa egin dut! Ze poza! Lagun eta familiarrek nahi edo behar ez dituzten erropak hartzen ditut gustura, nik erabiltzeko, beste norbaiti emateko edo tela aprobetxatzeko (kustomizatuz edo eraldatuz, panpinak sortzeko...). Gainera erropa horrek beste ukitu bat du. “Bizitza bat eduki duena, orain nik erabiliko dudana modu batera edo bestera, gero beste norbaitek” jasangarritasuna! Enpresa horiei ez diet elikatzen, nire poltsikoak ez du ia gasturik pairatzen, ingurugiroari ere ez diot kalte berdina egiten, gutxiago erosten dut...

Eta zuk zenbat erropa duzu armairuan? Nahi baduzu truka genezake! Animatu zaitez aldaketa egitera, eskertuko dute eta eskertuko duzu! Kontatuko didazu ;)

Zorione Mendez