Errausketaren aurkako larunbateko pitadan parte hartzeko deia

Noaua Aldizkaria 2015ko eka. 12a, 09:44

Zero Zabor Ingurumen Babeserako Elkarteak pitada masiboan parte hartzera deitzen ditu herritarrak larunbat honetan, ekainaren 13an, arratsaldeko 17:00etan Donostiako Gipuzkoa plazan. "Inposatu nahi diguten errauskailuaren kontra" antolatu dute pitada masiboa.

"Azken asteotan, bolo-bolo ibili da txistu eginaz protesta egiteko zilegitasunaren inguruko eztabaida. Arrazoiak daudenean protesta egitea zilegi dela garbi dago. Hurrengo lau urteotarako Gipuzkoako erakunde nagusien gidaritza hartuko dutenek, karramarroak bezala atzera egiteko asmoa azaldu dute. Zero zabor bidea utzi eta, zabor poltsa ipar hartuta, errausketaren bideari ekiteko mehatxu egin dute.

Gure osasuna, ingurumena eta dirua jokoan dago. Badugu protestarako motiborik, badugu txistualdi edo pitada bat egiteko arrazoirik. Hori dela eta, ekainaren 13an, Donostiako Gipuzkoa plazan errausketari ezetz esango diogu ozenki, pitada masibo baten bidez. Zero Zabor bideak ezin du etenik izan", ohartarazi du Zero Zabor Ingurumen Babeserako elkarteak.

Atxikimenduak

Larunbatean 17:00etan Donostiako Foru Aldundiko egoitzaren aurrean, Gipuzkoa plazan errausketaren aurka deitua dagoen pitadarekin bat egin dute Eguzkik eta Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundeak. Baita Greenpeace erakundeak ere. Gogoan izan, aurreko astean ingurumenaren inguruko txostena kaleratu zuela aipatu erakundeak. Gipuzkoako hondakinen kudeaketa eredugarritzat jotzen zuen Greenpeacek.

"Aurrez Errausketaren aurkako plataformak, Eguzkik eta Zero Zabor ingurumen babeserako elkarteak deituta zeukaten ekitaldiarekin bat egin du Greenpeacek. Larunbatean, arratsaldeko 17:00etan Donostiako Gipuzkoa plazan aukera paregabea izango dugu agintari berriei errausketarik nahi ez dugula esateko. Azaldu eta Zabaldu!!", luzatu dute gonbita deitzaileek.

Informazio gehiago: gipuzkoazz.com