Xabier Arregi, alkate izendatu berri: "Biltzeko joera izango dugu, eta ez bereizteko joera"

Noaua Aldizkaria 2015ko eka. 13a, 14:18

Zinegotzi guztiak zorionduz hasi du bere hitzaldia Xabier Arregik: "zorionak zinegotzi denei. Herriak aukeratua izatea handia da".

"Sentimenduen nahas-mahas honetan", ohore eta ardura handia dela "besaulki honetan esertzea", esan du Arregik. "Mertxe Aizpurua (jendartean zen eta berari begira), zuk hain ondo bete duzun espazio hau betetzea. Lehen izandako alkateak datozkit burura, eta oso ondo ditut gogoan... ". Une hunkigarria izan da, Joxe Antonio Altuna zenaren irudia etorri zaielako gogora askori.

Hastera doa legealdi berria eta herritarren borodantea agerian geratu dela nabarmendu du EHBilduko zerrenda-buruak: "udala gobernatzeko ardura EHBilduren esku utzi duzue. Adi entzun dugu herritarren hitza. Badakigu Usurbil ez dela EHBildu, mahai honek erakusten duen bezala. Horregatik, gure izenari eta izanari leial izanda, biltzeko joera izango dugu, eta ez bereizteko joera. Jakingo dugu guztion artean etiketak eta siglak alde batera utzi eta pertsonen arteko tratua zaintzen. Komenientzia alderdikoien gainetik herriaren interes orokorra lehenesten. Oraintxetik esaten dizuet elkarlanaren bidetik joko dugula".