Pitada burrunbatsua Donostian, errausketaren aurka

Noaua Aldizkaria 2015ko eka. 13a, 20:33

"Hamaika aldiz esan diegu ez dugula errausketarik nahi, hamaika aldiz errepikatu diegu ez dugula errauste plantarik behar, baina beste behin esan behar badiegu ere, ez gara isilik geratuko". Eta hala egin dute larunbat honetan ere. Datozen lau urteotan, herrialde mailako erakundeen gidaritza izango duten eragile politikoek errauste planta egitasmoa eraikitzeko erakutsi duten asmoaren aurrean, gipuzkoarrak ez dira isilik geratu. Kalera atera dira.

Oihu, baina batez ere txistu artean errausketari ezetz esan diote, larunbat honetan Donostiako Gipuzkoa plazan deitua zegoen pitadan bildu diren gipuzkoarrek.

Zero Zabor Ingurumen Babeserako Elkarteak, Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinadorak, Eguzkik eta Greenpeacek deitu eta babesturiko mobilizazioa, Foru Aldundiko egoitzaren parean egin da. "Eraikin honetako horma artean gera dadila gure txistuen oihartzuna, etor daitezkeen agintariek, kutsaduraren bideari berrekiten badiote aurrez aurre edukiko gaituztela oroit dezaten", adierazi dute deitzaileek.

Mobilizazioan, besteak beste, usurbildarrek parte hartu dute.